mondragon.edu > komunitatea
2013/05/14

Netflix, teknologiaren beste koloso bat

Aste barruko gau normal batean, Netflix konpainiak Internet trafikoaren heren bat jasotzen du Ipar Ameriketako etxeetan. Hori da YouTube, Hulu, Amazon.com, HBO Go, iTunes eta BitTorrent elkartuta baino gehiago.

Netflix 1997an sortu zen AEBetan, eta bideo plataforma denez gero, pelikulak nahiz telesailak eskaintzen ditu streaming bidez, hileroko kuota baten truke. Gaur egun Netflix-ek herrialde hauetan egiten du lan: Ipar eta Hego Amerika, Karibea, Bretainia Handia, Irlanda, Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandia.

Netflix-en inguruko zenbakiak zorabiatzeko modukoak dira: 36 milioi harpidedun baino gehiago ditu, eta hauek hiruhileko batean 4.000 milioi ordu baino gehiago ikusten dituzte, 1.000 aparailu diferente baino gehiagotan. Eskariari erantzuteko, enpresak erabiltzen ditu bideo zerbitzari espezializatuak, munduan zehar sakabanatuta. Harpidedunak klik egiten duenean film edo stream batean, Netflix-ek erabakitzen du segundu zatikietan zer zerbitzari dagoen bezeroagandik hurbilen, film hori dutenen artean. Ondoren, aukeratzen du dozenaka bertsioren artean, bezeroak darabilen gailuaren arabera (mahai gaineko ordenagailua, ordenagailu eramangarria, telebista, tableta, telefonoa…).

Netflix-en egoitza nagusia Kalifornian dago, Los Gatos herrian, eta bertan matematikari eta diseinatzaile taldeak ari dira lanean aztertzen jendeak zer ikusten duen eta algoritmoak nahiz interfazeak sortzen, aurkezteko ikusleei bideo bilduma erakargarriak.

Garai batean HBOk eta kable bidezko beste telebista batzuek egin zuten moduan, Netflix ere hasi da bere telesailak ekoizten, adibidez, House of Cards.

Gehiago jakin nahi duenak Netflix-en inguruan, bi artikulu irakur ditzake: BloombergBusineesWeek aldizkariak ateratakoa eta All Things D webak plazaratutakoa. Merezi dute, zeren uste baino lehenago gure artean izan dezakegu horrelako zerbitzuren bat.

2013/05/10

Web 2.0 tresnetako mamuak

Berriki, lankide batek aipatu dit Mindmeister admin mapak egiteko web 2.0. tresnak erabiltzeko baldintzak aldatu dituela. Lehen, erabiltzaile bakoitzak hiru adimen mapa egin zitzakeen gehienik, doako zerbitzuan. Hori aldatu da. Orain, erabiltzaile egiteko, datu pertsonalak bete dira, bankuko datuak barne. Lehen 30 egunetan doan erabil daiteke, baina gero ordainarazten dute. “Kontu pertsonala” 4,99 euro hilabetean.

Mindmeister

Nahi adina adimen mapa egin daitezke, baina askok adimen mapak oso noizbehinka egiten ditugu, eta zertarako ordaindu, eta bereziki, hainbeste?

Arazoa tresna horrena balitz bakarrik, ez nintzateke hasiko hau idazten. Baina kontua da, azkenaldian, gero eta tresna gehiago hasi direla lehen doan eskaintzen zutena ordainarazten, edo zerbitzu oso mugatua doan eskaintzen, eta “Premium” zerbitzua proposatzen, muga hori gainditu behar izanez gero. Hona hemen beste bi adibide:

Ordainpekoa
Maiz edo erregularki erabiltzen ditugun web 2.0. tresna asko dira, orain, “Premium” egitea gomendatzen dutenak. Gustatzen zaizun edo erabilgarria iruditzen zaizun tresna bat aurkitu orduko, tresna horren hesi ekonomikoetan zangotrabatzen zara. Eta beharbada badira beste tresna batzuk antzeko zerbitzua eskaintzen dutenak, doan. Baina berriz ere ibili behar duzu bila, eta ez dakizu zenbait hilabeteren buruan ez duten horiek ere “Premium” bertsio bat indarrean jarriko.

Beste mamu bat, egile eskubideen edo copyright-en inguruan ari da garatzen. Podcast-ak igotzeko eta partekatzeko biziki erosoa da Soundcloud tresna. Baina kontuz! Kronika bat egiten baduzu Audacity-n edo beste edozein programetan, atzetik musika jartzen baduzu, arazoak izanen dituzu podcast hori Soundcloud-era kargatzeko. Iaz ikasle batzuek ezin izan zituzten beren hainbat lan igo plataforma horretara, podcast horietan copyright-a zuten kantuak zeudelako (itxura guztien arabera, tresnak baditu bideak copyright-a duten zatiak detektatzeko, lan editatu batean ere). Aurten, ikasle bati Souncloud kontua ezabatu diote podcast batean copyright-a zuen kantu bat edo kantu zati bat jarri zuelako. Txarrena da, orain, sekulako oztopoak jartzen dizkiotela beste kontu bat sortzeko.
2013/04/19

Ardatz bi etorkizuneko ikerketetarako

Dela IKTen hedapen geroz eta zabalagoari erantzute aldera, dela Ezagutzaren Gizarteak eragindako informazio-hazkunde itzela kudeatzen ikasteko, dela bi arrazoion eta ihes egiten digun besteren baten baturagatik, geroz eta gehiago dira hezkuntza eta komunikazioa uztartzen dituzten ikasketak eta ikerketa-lerroak (Euskal Herrian bertan daukagun katedra hau ere esanikoaren erakusgarri da).

HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) doktorego programan ere, bigarren ikerketa-lerroaren barruan, horretan saiatzen da Hezikom ikerketa-taldea. Honako hauek dira Hezikom-en ikerketa-ildo nagusiak:

 

  • 1. Ikasle eta nerabeen elkarreragina komunikabide digitalekin eta Internetekin.

  • 2. Ikasleen konpetentzia digitalak eta informazio-konpetentziak.

  • 3. Ikasleen bideo-produkzioa: ikaskuntza esanguratsua garatzeko tresna.

  • 4. Ikus-entzunezkoen erabilera ikaste-irakaste prozesuetan

  • 5. Ikaste-irakaste metodologia egokiak Komunikazio ikasketetan

  • 6. Medioen eta Interneten proiekzio soziala eta beren eragina hezkuntza eragile bezala.

Nago, horren harira, nola gizartean hala komunikazio-hezkuntzan antzematen ari diren aldaketek batez ere 1. eta 5. ardatzetan zentratzera eroango gaituztela. Zergatik hori?

- Lehenengo ardatzari dagokionez, paradigma-aldaketa betean murgilduta gauden honetan (egungo ikasleek ez dute lehen bezala jasotzen informazioa), ikasle nerabe eta gazteengan islatzen delako batez ere aldaketa hori. Alde horretatik, badago zer ikertua: zelan informatzen dira ikasle nerabe eta gazteak? Zelan jasotzen dute gaurkotasuneko informazioa? Zertzuk ikus-entzunezko eduki (eta zelan) kontsumitzen dituzte? Partekatzen ote dituzte edukiok euren artean? Eta, mezuen sorkuntza eta transmisio prozesuak monopolizatzen zituzten mass media indartsuak ahultzen ari diren garaiotan, sortzen eta zabaltzen ote dute edukirik Sarean ikasle nerabe eta gazteek?

Ez dira erantzuteko galdera samurrak, eta horretan saiatzen ari gara. Txema Egañaren tesia izan zen lehen urratsa norabide horretan, Amaia Pavónena izango da hurrengoa, eta ildo horretan kokatzen da, halaber, Tokikom euskarazko tokiko hedabideen elkartearekin batera garatzen ari garen Gaztekom ikerketa ere (eta, bistan denez, etorriko dira tesi eta ikerketa gehiago aurrerantzean).

- Bigarren ardatzari dagokionez, aldaketak antzeman daitezkeelako han-hemenka komunikazio irakaskuntzan. Kazetaritza hutsa gainditu eta komunikazio irakaskuntzara eta multimedia komunikatzaileak trebatzera bideratutakoa izan zen lehen jauzia, duela urte batzuk, eta aurki beste jauzi bat ikusiko dugu: olatu berri horren ezaugarri nagusia izango da harago joatea, ez mugatzea ikasleak konbergentzia-kontuetan trebatzera eta saiatzea sendotzen haien sormena. Horri loturik, AEBetako zenbait kazetaritza-fakultate dagoeneko berrikuntza-guneak sortzen edota berrikuntza eta ekintzailetasuna euren curriculumetan txertatzen ari dira. Izan ere, geroz eta gehiago, garapen-laborategi modura ulertuko da aurrerantzean komunikatzaileen trebakuntza.

Hori horrela, zelan txertatzen dira sormena, ekintzailetasuna eta berrikuntza komunikazio ikasketetan? Hasiak gara dagoeneko gaiari buruz informazioa jasotzen: Goio Arana eta biok Leicesterren izan ginen gaiari buruzko jardunaldi batzuetan, Komunikaldien aurtengo ekitaldia ideia laborategiei eskaini diogu, Goio Kaliforniara ere joan zen arlo horretan sakontzera, eta, ondo bidean, 2013-14 ikasturtean Goioren koordinaziopean martxan jarriko dugun Goikolab laborategian ere kontu horri buruz ikertuko dugu, tankera honetako galderei erantzuten saiatuz:

- Zer eskain diezaieke Design Thinking metodologian oinarrituriko ikasleen diziplinarteko laborategi tutorizatu batek ikasleei? Balioko die sormena lantzeko?

- Lagun dezake laborategi horrek ikasleen kultura bisuala sakontzen?

- Eta zer eskain diezaioke laborategi horrek (Goikolab-ek, alegia) hedabide bati?

Asmoa da, gainera, galdera horien inguruan ikertzeaz gain, euskarazko komunikazio-esparrua biziberritzen eta sendotzen laguntzea. Horretarako, IKOko ikasleek Hekimen-en bildutako enpresentzako Gradu Bukaerako Lanak (GBL) onduko dituzte Goikolab-en (Hekimen-ekin abiatuko gara, baina beste enpresa eta erakundeekin lan egitera ere zabalik gaude). Proiektuotatik ikaskuntza balioztatua lortzea eta apurka-apurka sorkuntza eta berrikuntza ekosistema bat eratzen laguntzea da urrunera begirako xedea.

Izan ere, erabat sinetsita gaude gaur egungo testuinguruan sormenak, berrikuntzak eta ekintzailetasunak ematen dutela balio erantsia (bai produktuari edota zerbitzuari, bai horretan lanean diharduenari), are gehiago lan finkoaren garaia historiara igaroa den honetan. Alabaina, egun nongura entzuten diren berba horiek edukia gal ez dezaten, berba-totem huts bihur ez daitezen eta autoantolaketarena alternatiba erreala izan dadin (alternatiba zaila eta lan handia eskatzen duena, hori bai, ez baitago bide errazik), aliantzak beharko dira aginte publikoen, hedabideen eta unibertsitatearen artean, gogoa eta ideiak dituztenek euren bideari ekiteko behar besteko laguntza eta aholkularitza ere izan dezaten.

Ogirik eztakusat biltzen, hazi erein gaberik, dio esaera zaharrak, eta hazia ereiten, behinik behin, hasiak gara…

2013/03/11

Eskerrik asko, Petrov!

Euskal Telebistak 30 urte bete dituela aprobetxatuta, Rosa Zufíaren gidaritzapean erreportaje-saio ederra ekoiztu dute Euskal Telebistako bi kateetarako. 80. hamarkadan esanguratsua izan zen Petrov teniente sobietarraren izenaz baliatuta, azken 30 urteetan jazotako egitate esanguratsuenak biltzen ditu telesaioak, eta saioa larunbatean ikus daiteke euskaraz, eta ostegunean, gaztelaniaz. Gaur ikusi dudan saioak, Los Ramones taldearen azken kontzertua erakusten zuen, eta horren ondoren etorri ziren Spice Girls-en arrakastaz jarduten zuen. Pasadizo honen ondoren pentsatu dut, garaiak nola aldatu diren.

ETBk 30 urte bete dituen honetan ezagutu dugu ere EITBko zuzendari berriaren izena: Maite Iturbe. Azpimarra saioan entzun nuen lehenengoz hari egindako elkarrizketa bat, eta Legebiltzarreko politikarien iritziak ere entzun ahal izan genituen bertan. Iturbek gestio zehatz eta zorrotz bat ezarriko zuela azpimarratzeaz gain, euskarazko telebista indartzearen beharra plazaratu zuen: “eguerdiko albistegietatik gauekoetara barne-produkzioaz katea elikatzea da gure helburua” zioen zuzendari berriak. Legebiltzarrean haren aldeko botorik eman ez zuten EH Bildukoak kexu ziren, Iturberen izendapenaren atzean zegoen proiektu, helburu eta eredu-aldaketaren berririk ez zutelako. Egibarren erantzuna irmoa izan zen: “EITBren eredua, hemen, Legebiltzarrean, zehaztu zen 1982an, eta zuzendari bakoitzak, gero, ukitu desberdina eman dio erakundeari”.

Eskerrik asko, Petrov! saioarekin denboran atzera egin dugu 80. hamarkadara: krisi ekonomikoa eta langileriaren oldartzea, hauteskundeak, rock-a pil-pilean…. Horrekin batera, telebista publiko eta instituzionalaren garaia zen 80. hamarkadakoa, informazioarena eta kanpo ekoizpenarena, kate-eskaintza mugatuarena… Tokitan zegoen kate pribatuen eragina, are gehiago, Internetena! Bermeoko amona-kuadrilak ongi azaltzen du telesaioan, zein arraroa egin zitzaien indio eta bakeroak euskaraz hitz egiten ikustea. Urruti geratu dira garai horiek.

Azpimarrara bueltatuta, Josu Egibarren adierazpenen aurrean ezin isilik egon, eta Maialen Iriartek galdetu dio Iturberi, 30 urte ondoren garaia ez ote den ETBren eredua berraztertzeko; “izan daiteke” esanez amaitu da eztabaida.

#Petrov traolari jarraituta iritsi naiz Eskerrik asko, Petrov! saiora, Internet bidez. Beste hainbat bideorekin batera, euskaraz ikusi ditut Petrov-enak, beste denak gaztelaniaz eta ingelesez zeuden. Ez dut telesaioa osorik ikusi, webgunean bi minutuko hainbat zati ikusi ditut, gehien interesatzen zaizkidanak aukeratu baititut.

Telebistako eta Interneteko ikus-entzunezkoen uholdean tokitxoa bilatu du Eskerrik asko Petrov!-ek, jakin duelako egokitzen ikusleen ohitura berrietara. Saioak erakutsi digu ere 30 urte ez direla alperrik pasatu, eta testuinguru soziopolitikoa aldatu dela esatearekin motz gelditzen gara, telebista eredua, eta, are gehiago, audientziaren kontsumo-eredua erabat desberdina delako egun. Halabeharrez, Euskal Telebistak egokitzen jakin beharko du garai berrietara, eta zuzendarien ukituaz haratago, telebista-ereduaz eztabaidatu beharko da berandu baino lehen.