mondragon.edu > komunitatea

Film merkeagoak egiteko aukera

Begi bistakoa da gero eta gehiago erabiltzen direla sakelako telefonoak, argazki-kamerak eta enparauak ikus-entzunezkoak egiteko. Orain gutxira arte, tresna horiek baliatu izan dira, batez ere, aisialdirako, blogetarako, bat-bateko irudi informatiboak hartzeko edo modu sortzaile edo esperimentalean erabiltzeko. Egun, ostera, zirkuitu komertzialean sartzen hasi dira gailu horiekin egindako ekoizpenak.

Argazki-kamerekin ateratako irudien kalitateak erakutsi du maila handiko ikus-entzunezkoak sortzeko dagoeneko ez direla ezinbestekoak bideo-kamera profesionalak; horregatik, gero eta gehiago dira era horretako gailu txikiak erabiltzen dituzten ikus-entzunezko zuzendariak.

Espainiako Cuatro telebistak emandako albiste labur honetan azaltzen da fenomeno berria eta ikusten da zineman, dokumentalgintzan eta publizitatean argazki-kamerek hartu duten garrantzi handia.


Argazki-kamerekin filmatutako pelikulen adibide ugari dago. Esaterako, Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarrak Balada triste de trompeta filma berrian, sekuentzia bat baino gehiagotan erabili ditu argazki-makina digitalak. Euskarazko ekoizpenetara etorrita, ETBko ORAIN: saioan ikusten diren dokumentalak ere eginda daude antzeko kamerekin, eta emaitza harrigarria da. Lehenago ere ikusi izan dira lan txundigarriak argazki-kamerak erabilita, adibidez, Asier Altuna zinemagile bergararrak reflex argazki-makinarekin grabatutako Bertsolari dokumentalaren aurrerapena.


Gurera etorrita ere baditugu zenbait adibide, dagoeneko HUHEZIn Ikus-entzunezko irakasleek egin dituztelako lan profesionalak, kamera horiek baliatuta. Esate baterako, Iban del Campok oraintsu bukatu du reflex makinekin grabaturako Katebegiak film laburra. Ibanek Arrasateko JMA enpresan grabatu du filma, eta amodio istorio bat du ardatz. Beste era bateko filma da Aitor Arregi egiten ari dena. Irakasle oñatiarrak egun hauetan grabatzen ari da Printze txikia-ren egokitzapena. MUko irakasle eta Moriarti ekoiztetxeko kidea, Jose Mari Goenagarekin batera ari da lanean. Beraien proiektua Lander Camarero zuzendaria egiten ari den film luze berrian txertatuko dute.

Argazki-kamerak utzi eta sakelako telefonoetara etorrita, ostera, Park Chan-Wook zuzendari hegokorearrak eman du sorpresa: iPhone 4 telefono batekin grabatu du 30 minutuko film komertziala. Oldboy film ezagunaren zuzendariak hilaren amaieran aurkeztuko du Hego Korean Paranmanjang film berria. Park Chan-Wook-ena izango da zinematan ikusiko den lehenengo iPhone filma.

Ea laster jartzen ditugun gure ikasleak ere bide berri horiek jorratzen.

Kategoria: Sin categoría | Etiketak: , , , , , , , .

Gehitu zure iruzkina