mondragon.edu > komunitatea

Dena da Remix bat

Remixatu edo ez remixatu, hor dago koxka. Birnahastu edo ez birnahastu. Maite Goñik sortutako Gaurko Hitza proiektuaren 3. urteurrena ospatzeko proposamen bitxi bat jaso nuen pasa den urrian. Hitz bat aukeratu behar nuen eta irudiak eta soinuak erabiliz, bost minutuko aurkezpen bat prestatu. Denbora gutxi nuen eta filmaketa berri bat abiatu ordez, beste batzuek filmatutako materialarekin zerbait egitea bururatu zitzaidan. Besteek egindako zerbait birziklatu eta zerbait berria egin. Horixe liteke Remix hitzaren definizioetako bat. Aurretik existitzen den materiala konbinatu edo editatu zerbait berria sortzeko. Azaro hitza aukeratu nuen eta gaztelerazko azar hitzarekin duen antzekotasuna baliatuz, zorizko desmuntatze esperimentu bat egin nuen, “Kimuak Remix” izenburupean aurkeztu nuena.

Esperimentuarekin gustura geratu nintzen, irudi eta soinu batzuei esanahi desberdinak emanez, ezusteko loturak eta konbinaketak aurkituz. Lana burutu ondoren remixaren inguruko informazioa eta adibideak bilatzen aritu naiz eta zoriabiatzeko moduko materiala aurkitu dut sarean. Pentsatzen nuena baina remix askoz gehiago dago guru inguruan. Internetaren garai hauetan edozeinen eskura dago abestiak, testuak, soinuak, irudiak edo filmak hartu, kokteleran sartu eta emaitza sarean partekatzea. Baina remixa ez da kulturan bakarrik ematen. Sevillako Zemos 98 kolektibokoek dioten bezala, ume batek hitzegiten hasteko egiten duen imitazioa, remixa da. Azaroan bertan ikus-entzunezko birnahasketari buruzko taller bat antolatu dute. Irakaskuntzan gabiltzanok ere bai eskola bakoitzean remix ugari egiten ditugu. Eta zuzendu behar ditugun ikasleen lan gehienak ere remix adibide ederrak izaten dira.

Remix hitza musikari batzuek egiten hasi ziren birnahasketa esperimentuekin batera erabiltzen hasi zen baina gaur egun literatura, arte edo eta ikus-entzunezkoetan ere asko hedatu den praktika da.

Musika mailan Sugar Hill Gang hip-hop taldea izan zen aitzindarietako bat, 1979an Chic taldearen “Good times” abestia birnahastu zuenan “Rappers delight” sortzeko.  Literaturan Burroughs-ek 1961ean argitaratutako “The soft machine” liburua aipatzekoa da ere bai. Besteen idatzietatik hautatutako zatiak fisikoki moztu eta konbinatuz liburu oso bat argitaratu zuen, dadaista, surrealista eta beste abangoardiazko mugimenduek egiten zutena muturrera eramanez. Warhol bera ere bai remixatzaile paregabea izan zen. Eta gurean, Lekuona ordiziarrak egiten zituen fotomuntaia eta collageak remixaren aurrekari lokalak bezala ulertu daitezke.

Nikolas Lekuona (fotomuntaia, 1935)

Publizitatean ere askotan ematen da, Seat kotxeak saltzeko Cortazarren irakurketa bat birnahastu zuten iragarki honetan bezala. Ikus-entzunezko birnahasketaren aitzindari bezala, Bruce Connerrek 1958an egindako “A movie” lana aipatzen da. Esperimentu entretenigarriak era badaude eta maila intelektual altuagokoak ere bai. Adibidez, Jean Luc Godardek 10 urtetan landutako “Histoire(s) du cinema”.

Kultura palinpsesto infinitu bat da, Roland Barthes dixit. Edozein artelanetan aurretik egindako beste artelan batzuen aztarnak daude. Guztiak gara remixatzaile. Azken hau nik neuk dixit. Desmuntatze ariketa hau egin aurretik ez neukan remix ahalguztidunaren ubikuotasunaren kontzientziarik. Horixe da ezjakintasunaren abantailetako bat, ezusteko aurkikuntzekin topo egiteko aukerak ematen dizkizula. Orain badakit guztiok etengabe remixatzen ari garela. Gutxi batzuk kontzienteki, eta gehienok inkontzienteki.

Kategoria: Sin categoría | Etiketak: .

Gehitu zure iruzkina