mondragon.edu > komunitatea

Sarean katramilatuta

Ukaezina da: Internet iraultzailea izan da eta izaten jarraituko du ikus-entzunezko edukientzat. Aurkakoa adieraztea absurdoa litzateke. Iraultzaile adierak, baina, ez du guztiontzat konnotazio berbera. Edukien erabiltzaile eta kontsumitzaileok itzelezko pagotxa daukagu digitalizazio aro honetan: amaigabeak dira eskura ditugun ikus-entzunezkoak, modu errazean, eta askotan doan, gainera. Haatik, paisaia ez da hain koloretsua eta zirraragarria edukiak sortu, eta ekoizpen horietatik bizi gura dutenen betaurrekoekin begiratuta.

Industriaren ikuspegitik, ikus-entzunezkoen munduan lurra mugitzen ari da, eta zenbait kasutan hondamendi handiak sor ditzaketen lurrikarak sufritzen ari dira.

Sektoreko enpresen artean ziurgabetasuna da nagusi, batez ere euren negozio-bolumenaren zatirik handiena sektore tradizionalean daukaten enpresen kasuan: batetik, telekomunikazio eta informatika alorreko enpresak (telekomunikazio-operadoreak, Interneteko bilatzaile eta batzaileak) lehian sartu direlako ikus-entzunezkoen sektorean; bestetik, panorama honetan ez dagoelako garbi zeintzuk  diren negozio-eredu berriak, ezta non dagoen errentagarritasuna kontsumitzeko modu berrietan ere.

Alvarez eta Menorrek dioten bezala, “la cadena de valor tradicional ha saltado por los aires con la irrupción de la Red. En el conjunto del sector ésto ha tenido unas consecuencias muy negativas, pues donde existía un negocio consolidado y estable, ahora reina la incertidumbre”.

Internet aroan ikus-entzunezkoetan sortzen ari diren negozio berriak lotuta daude batez ere banaketa-ereduekin. Bideo jokoen garapena salbuetsita, gaur-gaurkoz negozio berrien zakuan sartzen diren jarduerak eredu tradizionaleko edukiak –kasu batzuetan egokitzapen txiki batzuekin– zabaltzean eta hedatzean oinarritzen dira.

Interneten gertatzen den guztia (dela finkoan zein mugikorrean) ez da negozioa ikus-entzunezko sektorearentzat. Ezinbestekotzat jotzen da Interneten egotea, ahalik eta leiho gehienetan gainera, baina egote hutsak ez dio errentagarritasun zuzenik eragiten ikus-entzunezko sektoreari.

Bada, ezinbestekoa bada sarean egotea, eta aldi berean negozio berriak banaketan badaude zentratuta, nork finantzatuko ditu edukiak? Kezka hau azaltzen zuen Olasagastik artikulu batean, eta esaten zuen  (ekoizleak) harrapatuta sentitzen direla sarean. Esango nuke zenbaiten kasutan harrapatuta ez ezik, katramilatuta ere badaudela.

Kategoria: Sin categoría | Etiketak: , , , , , , .

2 Responses to “Sarean katramilatuta”

  1. Txema says:
    apirila 26th, 2012 at 13:35

    Galdera eta puntu ona Idoia!!!

  2. Shelby Frid says:
    martxoa 9th, 2013 at 20:56

    nice share, thanks alot. visit http://www.youtube.com/watch?v=SkblbWrdv0A

Gehitu zure iruzkina