mondragon.edu > komunitatea

Ezereztu

Azkenaldian hainbat bideo korporatibo egiteko eskaera iritsi dira Mondragon Unibertsitatearen Komunikazioa izeneko gunera. Ikus-entzunekoen aro honetan azken urteotan bideoak eta argazkiak biderkatu ez, berrekatu egin dira. Orain ia hitzaldi guztiak grabatzen dira, urtemuga guztiak irudietan jasotzen dira, lagunarteko afariak hilezkortzen dira…

Enpresetan ere bideoek gora egiten dute, fakturazioaren proportzio alderantzizkoan. Bideo bat ez baduzu egiten, zure produktua, zure proiektua, erren jaio ahal da. Beraz, etorkizunari zeharka begiratuta eta aipatutako zantzu hauek kontuan hartuta, ematen du gure ikasleek izan ahal dutela tartea bideogintzan ibilbide interesgarria egiteko.

Enpresa batek jotzen duenean guregana bideo profesional baten eske, prozedura berdintsua izaten da.  Bildu egiten gara, bideoa nolakoa izatea nahiko zuten azaltzen digute eta guk gero geure iritzia ematen diegu. Eta azkenik, gure aurrekontua planteatzen diegunean, ia beti harritu egiten dira. Diplomaziak “pixka bat gure kalkuluetatik urruti gelditzen da” esatera behartzen ditu, pentsatzen ari direnean “bideo bat besterik ez da baina! Nire alabak iPhonarekin bost minutuan izugarrizko bideoak egiten ditu!”.

Orain dela 20 urte ez zuten ia dudan jarriko bideo korporatibo batek atzean zuen esfortzuak horrelako kostua izan zezakeenik. Gaur egun, kostua ikaragarri jaitsi da eta hala ere eskuak burura eramaten ditugu bideo profesional bategatik 3.000 euro eskatzen direnean. Oraindik gogoan dut nolako aurpegia jarri zuen bezero batek aurrekontua pasa nionean.  Ezin zuen zifra horretara iritsi eta bertan behera gelditu zen asuntoa. Etxera bueltan nentorrela, kalkulu azkar bat eginaz ikusi nuen bere proiekturako zuen aurrekontuaren %1 baino gutxiago (%0,35a hain zuzen) suposatzen zuela bideoak.

Joseba Azkarragak Euskal Harriak liburuan esaten du zibilizazio krisia bizi dugula,  erpin askoko makrokrisia. Testuinguru zail honetan positiboa izan nahiko nuke. Nago Ikus-entzunezko komunikazioko esparruan garai apartak bizi ditugula eta oraindik hobeak datozela. Nobedade teknologiko gehienek gizabanakoaren komunikaziorako eta sormenerako erraztasunak ekarriko dituzte.

Dena den, kasetearen B aldea ere kudeatzen jakin beharko dugu, izan ere, uste dut jendeari geroz eta errazago aterako zaiola esatea “hori nik ere egin ahal dut hemen dudan programa batekin”. Eta badago zerbait aplikazio edo programa zoragarri batek inoiz aurreztu ahal ez dizuna. Zuk gauzak ondo egiteko, lan horri eman behar diozun denbora eta jakituria. Hor dauka ikus-entzuneko komunikazioko profesionalak  etorkizuneko bataila potoloa: Besteei sinestaraztea iPhoneko aplikazio batek baino askoz gehiago eskaini ahal diela.

Kategoria: Sin categoría | Etiketak: , , , , , .

One Response to “Ezereztu”

  1. Txema says:
    maiatza 8th, 2012 at 9:40

    Erronka ederra planteatzen duzuna, Aitor!!!

Gehitu zure iruzkina