mondragon.edu > komunitatea

Leon-kastillo neutroez

Eneko Bidegain lankideak esan dit frantsesez pile ou face esamoldea dela gaztelaniazko cara o cruz-en pareko. Orotariko Euskal Hiztegiak ondo jaso eta Iñaki Elortzak aldiro gogorarazten digunez, berriz, tradizioz leon-kastillo lokuzioa erabili izan da Hego Euskal Herrian bi esamoldeon ordain modura (“León-Castillo botatzen / formal ziran asi, / Txertubik suertia / ziyon irabazi…”).

Zer dela-eta nator orain ordea leon-kastillo kontuekin? Bada, Jaurlaritza berriak EITBrentzat dituen asmoez hausnarrean hasita, Ferrolgo Artabria fundaziokoei esku-orri batean behinola irakurritako hura etorri zaidalako burura:

“En definitiva, o bilingüismo harmónico

é lanzar ao aire unha moeda de dúas caras

para que caia de canto”

Egia esan, Jaurlaritza berriak arnasa hartzeko astirik ere ez du izan oraindik; gizalegeari jarraiki, beraz, 100 eguneko gutxieneko konfiantza-epea eman behar zaio Urkulluk iragarri berri duen gobernuari. Edozelan ere, duela egun batzuk zunda-baloi esanguratsua iritsi zitzaigun. Beronen arabera, besteak beste, honako hau izango da EITBko zuzendaritza berriaren printzipio gidarietako bat: ETB-1 suspertzea, eta, aldi berean, ETB-2 hauspotzen jarraitzea. ETB-1 ZIUtik ateratzeko euskarazko eduki gehiago sortu beharra ei dago, harik eta ETB-2rako ekoitzitako ordu-kopuruarekin parekatu arte. Desafio horri, gainera, aurrekontu-murrizketa  garaian helduko bide zaio (El reto de los nuevos gestores, un reto que no han puesto en marcha los actuales, es producir más horas a menos precio. La apuesta tendrá que pasar por elegir géneros de menor valor económico, pero no por ello de menor calidad”).

Hurrengo baterako utziko ditugu kontu ekonomikoak (Hekimen-ekoek heldu diote dagoeneko gaiari, eta Xabier Letonak ere auzi potoloak plazaratu ditu bere blogean: “2012an Jaurlaritzak 5 milioi bideratu ditu herri ekimeneko hedabideetara, EITBra 130 milioi euro. (…) EITBn 900 bat langile -euskaraz eta erdaraz- eta herri ekimenekoetan 600 bat. Audientzia datuetan kopuru handiagoak biltzen dituzte Hekimenekoek -EITBko euskarazkoek baino-…”).

Utz ditzagun, beraz, sos-kontuak, eta zentra gaitezen EITBren hizkuntza-politikan. Geroz eta gehiago dira, azken 30 urteotako esperientzia gogoan, politika hori ez ezik EITBren sorrera-legea bera aldatzeko premia ikusten dutenak (hona adibide bat), eta harago joan denik ere bada (ziur ez zaizuela oraindik ahaztu Jesus Egigurenek bideo honen amaieran botatakoa…)

Izan ere, esan dezadan behingoz, ETB-1 eta ETB-2,  biak bultzatuko direla aldarrikatzea (bataren existentziak besteari desorekarik eragingo ez balio modura, ahulenaren aurrekontua argalduz, giza-baliabideak gutxituz, ikus-entzuleak eta publizitatea ebatsiz…), diskurtso politikoki zuzena da, baina, ezinezko metafisikoa planteatzeaz gain (ez baita posible txanpona airera bota eta ez leon ez kastillo aldera jaustea), eztabaida faltsutzen du, logika oinarrizkoenak argi dioskunari entzungor eginez: hau da, telebista kate bik esparru berean baldin badihardute, bietan ahulena indartuko bada, bietan indartsuena ahuldu behar dela; batak lekua irabaz dezan besteak espazioa desokupatu beharra daukala, alegia, bide batez bere diruen, giza-baliabideen eta ikus-entzuleen zati garrantzitsu bat parent pauvre-aren esparrura bidean jarrita. Hala egin ezean, 1986az geroztik bezala jarraituko dugu: txanpona airera beti, leonek eta kastillok, biek aukera berberak dituztelakoan, eta asturuak (ezin asmatuzkoak baitira Jaunaren bideak) gehien-gehienetan kastilloren alde zergatik egiten duen igarri ezinda.        

 

Kategoria: Sin categoría | Etiketak: , , .

One Response to “Leon-kastillo neutroez”

  1. Leon-kastillo neutroez : Aldaba says:
    abendua 17th, 2012 at 13:09

    [...] izan beharko lukeen bilakaeraz eta Leon-kastillo neutroez aritu zaigu Aitor Zuberogoitia MU-ko atabala [...]

Gehitu zure iruzkina