Goikolab: 2014-15 ikasturtea berrikuntzekin dator


Lehen lauhilekoa amaituta, hiru aste eman dituzte IKOko ikasleek Gradu Bukaerako Lanen (GBL) inguruko formazioa jasotzen: zelan diseinatu behar dituzten, ikerketa burutzeko zeintzuk metodologia desberdin dauden, non topatu behar duten informazioa… Hiru astetan horrelako kontuak jorratu ostean, osatu dute dagoeneko proiektuaren aurreidatzia, eta prest daude, honenbestez, lehen zirriborro horrekin tutore akademikoarengana zein enpresa edota elkarteko tutorearengana joateko. Honenbestez, bete-betean murgilduko dira euren proiektuaren lanketan.

Finantziatutako proiektuetan ari diren taldeak, gainera, Goikolab Komunikazio Berrikuntzarako Laborategian ariko dira. Iaz abiatu genuen laborategi hau, zutabe hauen gainean abiatu ere:

  • Enpresa, elkarte eta erakunde errealen arazo errealei erantzuteko asmoz (aurten Jaurlaritzarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, EITBrentzat, Mondragon Unibertsitatearentzat eta Bilbo Hiria Irratiarentzat ariko dira lanean).

  • Arazo horiei erantzun berritzaileak ematen saiatu, ikasleen sormena landuz metodologia jakinen bidez (Design Thinking da uneotan baliatzen dutena).

  • Tutoretza bi aldeetan bermatu: enpresa, elkarte edo erakundean zein unibertsitatean bertan.

  • Sormen-zereginetarako eta prototipatze-kontuetarako egokitutako espazio bat prestatu (Aretxabaletako campuseko ganbara, gure kasuan).

  • Espazio horretan diziplina desberdinetako ikasleen arteko igurtzia bermatu.

Azken puntu horrekin lotuta dator aurtengo berrikuntza nagusienetako bat: izan ere, aurten LEINN graduko bi ikasle eta Ekomu masterreko beste bat (eta LEINN zein Ekomuko euren tutoreak) ere bilduko dira Goikolab-era.

Atzo izan genuen lehen topaketa laborategian bertan ikasle, tutore, ikertzaile zein GBLetako koordinatzaileok, eta bilera horretan eman zen nobedade horren berri. Beste kontu berri bat ere aipatu zen, horrez gain: coworking-ak eskatzen duen gutxieneko igurtzia bermatu eta laborategiko astez asteko jarduna dinamizatze aldera, aurten bertako talde guztiak partaide izango dituzten hiruna orduko sei saio komun izango dira:

  • Otsailak 26 (esplorazioa)

  • Martxoak 12 (kontzeptualizazioa)

  • Martxoak 26 (ideazioa I)

  • Apirilak 16 (ideazioa II)

  • Apirilak 30 (prototipatua)

  • Maiatzak 14 (merkaturatzea & salmenta)

Goikolab-en ariko diren ikasleak, era berean, Gizarte Segurantzan izena emanda ariko dira eta ordain txiki bat ere jasoko dute hilabete bakoitzaren amaieran. Alabaina, GBLa bera burutu behar izanaz landako beste betebehar batzuk ere izango dituzte:

  • Atzo bertan euren prozesuan erreferentzia modura izango duten irakurgaia eman genien.

  • Horrez gain, Komunikazio Ikasketetako Gradu Bukaerako Lanetan diharduten ikasleen sormenaren garapena aztertzea xede duen Production Analysis-en bidetik, idazlan hauek eskatuko zaizkie:

    • Hasi berritan (otsailaren 23rako egin beharko dute), Zer espero dut? galderari erantzunez 1.500-2.000 berba.

    • Prozesuak dirauen bitartean, astero (gutxienez) post bat propio sorturiko blogean: Zertan ari gara? Zer ari naiz ikasten? (post denen artean 1.500 berba inguru)

    • Amaieran, hasieran emaniko irakurgaiaren eta norbere prozesuaren arteko alderaketa: 3.000 berba inguru.

Beñat Flores IKOko ikasle ohiak Berrimet master ofizialean Goikolab-en iazko jarduna ikertzen dihardu; aurtengoa, berriz, bere tesian ikertuko du, ondo bidean. Ziur gaude ikerketa honek komunikazio berrikuntzarako laborategia hobetzen joateko argibideak emango dizkigula. Momentuz, ia-ia sortu berria den honetan, iaz uzta oparoa eman zuen, eta aurtengo nobedadeekin koxka bat gehiago estutuko dugulakoan gaude.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu