Irratia unibertsitatean


Bukatu da ikasturtea; berezia zen Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan ikasten eta irakasten ari garenontzat. Irakasteko metodoa eraldatuta, ikas-materiak bazterrean utziz eta horien ordez lan-sekuentziak antolatuz, erronka handia genuen. Beti dago egindakotik zerbait ikasteko, hobekuntzak pentsatu beharko dira, baina, bi hitzez laburbiltzeko, balorazio baikorra egin dugu. Horren froga da ez dugula asmorik lehengo sistemara itzultzeko; estreinatu dugun sistemarekin jarraituko dugu, hobetu beharrekoak hobetzen ahaleginduz.

Lehen mailako ikasleentzat, azken lau asteak osoki bideratuta zeuden irratira. Lau aste horietan trebatu dira teknika mahaian eta, bereziki, mikrofonoan. Irratirako edukiak sortzen eta era egokian hitz egiten ikasi dute, dena azken lanera zuzenduta. Ikasturteko azken egunean bukatu zen lan-sekuentzia, zuzeneko irratsaio baten bidez. Ikasleek goiz osoko irrati programazio bat egin behar izan zuten, hasieratik bukaerara berek pentsatu, diseinatu, antolatu eta ekoiztuta, autonomia osoarekin. Saio hori zuzenean entzun zitekeen sarean, streaming bidez. Talde handian eztabaidatu eta adostu zuten goizeko saioa nola bete, eta ondoren, magazin bakoitzeko talde txiki bat sortu zuten. Ikasle bakoitza zen bere zatiaren erantzule, baina talde txikiaren emaitza ere bere esku zegoen, eta baita talde handiarena ere.

Saioa txukuna izateaz aparte eta barneratu beharreko ikaste-emaitzetatik harago, beste hainbat konpetentzia garatu dituzte ikasleek. Zuzeneko saioa izateak eta bakoitzaren lanak talde osoan eragina izateak erantzukizun handiz jokatzera animatu ditu. Beren buruari asko eskatu diotela erakutsi dute, eta hori ongi nabaritu da egindako lanean eta lanaren emaitzan. Antolaketarako eta epemugak (ordu eta minutuak) zorrotz errespetatzeko gaitasunaz gain, malgutasuna, taldekide guztien artean lan egiteko (taldekide bakoitzari tokia eta pisua aitortuz) eta beren lanaz kanpoan komunikatzeko trebezia erakutsi dituzte. Facebook orri bat sortu eta elikatu dute, argazkiak atera dituzte eta argazki galeria bistaratu dute. Bukaeran, denen artean osatutako goiz hori pasatu eta gero, pozik ageri ziren egindako lanagatik, arrazoi guztiz.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu