Kazetaritza politikoaren gainbehera


Politika sailean lan egitea aski umiliagarria bihur liteke kazetarientzat, ohartzen direnean erabiliak direla eta ez diotela gizarteari ekarpen handirik egiten. Prentsan agertzen diren eta urteetan zehar agertu izan diren albisteetako izenburuen aditz nagusiak biltzea eta aztertzea izan liteke ariketa interesgarri bat. Euskal Herritik hasiz, zenbat aldiz agertu edo agertzen dira “eskatu” eta “salatu”? Eta bi hitz horiek ez badira, horien sinonimoak edo erdi-sinonimoak?

“Salatu” hitzaren adiera nagusia ahanzteraino (gogoratzen, “salatari-malatari…” esaeraz?) heldu gara. Baina, bereziki, pobrezia politiko baten adierazle da hitz horien nagusitzea. Erakustera ematen duena da kazetari politikoak aspaldi bihurtu zirela bozgorailu soil: prentsaurrekora joan, grabatu, agiria hartu eta sintesia egin; beste baten prentsaurrekora joan, grabatu, agiria hartu eta sintesia egin… Batek hau dio, besteak hau erantzun du… Eta sorgin gurpil baten gisan, kazetaritza politikoa errepikakorra eta aspergarria bihurtu zen.

Garai batez, bazirudien politikariek eta kazetari politikoek elkar elikatzen zutela: politikariek beti nahi zuten komunikabideetan atera, eta kazetariek orriak bete behar zituzten. Eta horrek eragiten duena da herri bat politikoki ez aitzinatzea eta kazetaritza bera ahultzea.

Ustelkeria eta kazetaritza politikoa

Espainian, kazetaritza politiko eta ezkertiarraren gai kuttuna ustelkeria izan da azken urteetan. Hainbesteraino non politikaz mintzatzean ez duten besterik aipatzen. Euskal Herrira ere zabaldu da horren sukarra, argudio gisa erabiliz Espainia herrialde ustela dela eta ez dela deus egiterik halako politikariekin, eta ea behingoz jendeak ulertzen duen Euskal Herriak hobe duela Espainiatik urruntzea…

Ustelkeria ez baita, ordea, Espainiaren gaitza bakarrik! Beste lekuek ere izaten dituzte auziak. Azkenik, Frantziako politika zipriztindu dute ustelkeria kasuek. Eta orain ez da besterik entzuten, Fillonen inguruko eskandalu bat eta bestea… Bistan da ikerketa kazetaritza sakonaz harago, hori gertatu dela filtratutako informazio batzuen ondorioz, une zehatz batean norbaiti interesatzen zitzaiolako. Eta bitartean, bizitza politikoa batzuek besteei egindako azpikeriek daramate aurrera edo atzera, eta ez dira ia aipatzen erronka politikoak, batzuen eta besteen hauteskunde programak.

Espainian, PPkoak lapurrak direla eta nahi den guztia, baina PPk jarraitzen du agintzen. Eta gutxi aztertu dira politika zehatzak. Frantzian ere gauza bera gertatzen ari da. Prentsa Fillonen eskandaluez ari den bitartean, ez da ari Fillonen edo haren alderdiaren programa politikoaren arriskuez. Ororen buru, agintari politikoei berei ez al zaie interesatzen ustelkeria kasuak zabaltzea eta kazetariak eta hautesleak horrekin entretenitzea, horrela lasai-lasai jarrai dezaketelako nahi duten politikak egiten, jendea gehiegi ohartu eta kezkatu gabe?

Errazagoa da denentzat. Politikaz aritzeak sakontasuna eskatzen du, gogoeta, azterketa, eztabaidak muineraino eramatea… Hori lana da, denbora da, bai kazetarientzat, bai hartzaileentzat. Baina kazetaritza politikoa salbatzea da herri baten maila politikoa igotzea, eta horretarako aparra kendu behar da, izan salaketa-eskaera litania errepikakorra, izan ustelkeria kasuen zurrunbiloa. Bistan da ustelkeria kasuen berri eman behar dela, baina horrek ez dezala estali funtsa.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu