Goikolab 2016-17: koxka bat estuago


Duela pare bat urte blog honetan argitaratutako mezu batean aipatu genuen ikasturte hartako Goikolab komunikazio-berrikuntzarako laborategiaren jarduna nobedadeekin zetorrela. 2013-14 ikasturtean abiatu zen Goikolab, beta fasean, eta halaxe jarraitu zuen mezua argitaratu zen 2014-15 ikasturtean ere, berrikuntza hauek erantsita, hori bai:

  • Pentsaera desberdinen arteko igurtzia sormenaren suspertzaile dela sinetsita, diziplinartekotasuna bermatu gura izan genuen ekitaldi hartan, eta LEINN graduko ikasle bi eta Ekomu masterreko beste bat ere bildu ziren Goikolab-era.
  • Horrez gain, eta ikasleen sormena, berrikuntza-ahalmena eta ekintzailetasuna pizteko eta hiru dimentsio horiek proiektuetan une oro presente izango zirela ziurtatzeko, Design Thinking metodologiarekin bideratutako goiz osoko sei saio tartekatu ziren Gradu Bukaerako Lanen (GBL) osatze-prozesuan, DOTeko lagunen gidaritzapean.

Horrez gain, eginikoa gizarteratzen eta beste eredu batzuk ikusten aritu gara azken bi urteotan hainbat mintegi eta biltzarretan, Bartzelonan (horko komunikazioa liburu honetan argitaratu ziguten), Manchesterren, ECREAren Iruñeko bilkuran edota Madrilen… eta Beñat Flores lankideak ekitaldi bakoitza lupaz aztertzen jarraitu du (Goikolab-eko jarduna baita bere doktorego-tesiaren ardatza): bere ikerketan azaleraturiko ebidentziek hartaratuta indartu genuen diziplinartekotasunaren eta Design Thinking-aren presentzia duela urte bi, eta harrezkeroko bere azterketek erakusten zutenaren argitan beste zenbait berrikuntza sartu izan ditugu urtero.

Behin hiru edizio igarota eta (ustez behintzat) behar beste esperientzia metatuta, aurten behin betiko utziko du beta fasea Goikolab-ek, eta ikasle ia guztiek (Latinoamerikara joango diren talde biak izango dira salbuespena) garatu ahal izango dituzte euren lanak bertan: 42 ikasle orotara, Berrimet masterreko ikasle bat eta Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako beste bat tartean direla, 14 enpresa, elkarte eta erakunderentzat proiektuak garatzen (horrek, besteak beste, bigarren espazio bat laborategi modura egokitzea eskatu digu).

Ez da hori izango aurtengo berrikuntza bakarra, estreinakoz bilduko baitira laborategiko dinamikara enpresa, elkarte eta erakundeetako tutoreak, eta tutore akademikoen parte-hartzea handitzea ere aurreikusten dugu. Emaitzak, urtero moduan, ekainaren erdialdean (aurten hilaren 16an) gizarteratuko ditugu, Kimu Berri sarietan.
… eta datorren ikasturtera begira, ikasleen kexuetako bat urtero denbora-eskasiarena izan ohi denez (proiektuak Design Thinking bidez garatzeak atzera-aurreraka jardutea eskatzen baitu, eta astia behar baita horretarako), 2017-18an 6 ECTS kreditu gehiago izango dituzte GBLek: 600 ordu ikasle bakoitzak, hiruna ikasleko taldeetan, komunikazio-proiektu berritzaileak garatzeko. Baina, harako hark zioen moduan, hori beste istorio bat izango da, eta aurrerago kontatuko dugu…

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu