Zenbakien irakurketa nahasia kazetaritzan


“Sexu jazarpenak gora egin du EAEn”: horrela eman zioten hasiera pasa den astean Euskadi Irratiko albiste bati; EITBren webguenean dago idatzizkoa, baina bestelako titularrarekin: “Tratu txarren salaketak %12 igo ziren iaz EAEn, eta %26 Nafarroan”.

Sexu jazarpenen ondorioz jarritako salaketen batezbestekoak ematen zituen albisteak, aipatuz, 2015arekin alderatuta salaketa kopurua handitu zela nabarmen 2016an Hego Euskal Herrian. Ehunekoen gordintasuna ikusirik erraz iritsi zen irratiko kazetaria ondoriora: salaketen ehunekoa igo bada, sexu jazarpenek gora egin duten seinale.

Ezkor entzun nuen Euskadi Irratiko albistea, barne gogoetan, albisteari eman zioten sarrerak nire atentzioa erabat bereganatu zuen-eta: “Baina nola da posible? Gaur egun oraindik ere…? eta daukagun informazio guztiarekin!” Datuak xehetzen hasi zirenean, ordea, segituan konturatu nintzen datuen irakurketa nahasiaz: salaketek gora egiteak esan nahi al du sexu jazarpenak gora egin duela? Izan daiteke aukera bat, akaso zintzoena; hala ere, eta nire barne lasaitasunerako-edo, pentsatu gura nuke gero eta emakume gehiago direla sexu abusuak salatzera ausartzen direnak, eta horregatik egin dutela gora zenbakiek.

Idatzizkoan ere antzeman daiteke datuen interpretazio zalantzazkoa, lehenengo paragrafoan bertan, esaterako:

4.771 emakumek indarkeria matxista jasateagatik salaketa jarri zuten iaz Euskadin, 2015ean baino %12,6 gehiago. Aurreko urtean 4.232 emakumek jasan zituzten tratu txarrak.

Ezagutzen diren datuak salaketen ingurukoak baldin badira, ez da erabat zuzena aipatzea 4.232 emakume izan zirela 2016an tratu txarrak jasan zituztenak. Tamalez, makinatxo bat gehiago izango dira kontuan hartzen baditugu isiltasun edota beldurrean gordetzen direnak.

Tankera honetako hainbat adibide aurkitzen ahal dira sarean, horietako bat, esaterako, aipatu berri dudan kasuaren antzerakoa da: BBCk 2011an argitaratutako albiste baten titularrak honela zioen: “Kongoko Errepublika Demokratikoan 48 emakume eta neskato bortxatuak izaten dira orduro”.  American Journal of Public Heath-eko ikerketa baten oinarrituta dago titularra, ikerlanak aipatzen baitu 2007. urtean 16.000 salaketa jarri zirela Kongon. Sei egun beranduago, hala ere, Suediako ikerlari batek informazio hori zalantzan jarri zuen, esaten, emakume askok estigma eta lotsagatik salaketak jartzen ez dituzten bitartean, beste askok salaketa faltsuak jartzen dituztela, Kongoko medikuntza sisteman mediku-zaintza doan jasotzeko aukera bakarra delako hori. Gehitzen du, datuen irakurketa sinplistegia iruditzen zaiola “bortxaketa pandemiaren” irudi nahasia ematen delako, Kongoko Errepublika Demokratikoaren beste hainbat problematika ezkutuan geratzen diren bitartean.

Kazetaritzan estatistiken interpretazioa askotan errazkeriaz egiten dela dio Michael Blastland kazetariak eta hainbat gomendio ematen ditu kazetaritzan zenbakiak era egokian erabiltzeko. Hona hemen aipu esanguratsuenak:

Datuek askotan ematen digute jakintza sakona, beti ere, kontu handiz erabiltzen baditugu. Ezin gara zinikoak izan, ezta inuzenteak ere. Erne egotea da eskatzen den bakarra.

Datuetan sinisten baduzu, utzi beraiei hitz egiten, zure espektatibek edota aurrejuzguek interpretazioa oztopa dezakete-eta.

Zenbakiak maiz autoritatearekin eta ziurtasunarekin lotzen ditugu. Askotan, ordea, erantzun zuzena izan ohi da ez dagoela erantzun zuzenik. Erantzun hoberena izango da hori, baina oraindik ere zehaztugabea.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu