IKERKETA EGONALDI BATEN KRONIKA


Otsailaren batean heldu nintzen Genevara eta hamar egun barru bueltatuko naiz Euskal Herrira. Eusko Ikaskuntzak emandako ikerketa bekari esker, bost hilabetetan zehar atzerritik nire ikerketari bultzada emateko aukera izan dut. Ez da erraza hogei lerrotan bost hilabete hauetako laburpena egitea, gertakizun pertsonal nahiz profesionalak elkargurutzatzen baitira bost hilabetetako abentura honetan.

Egonaldiko etorrera korapilatsua izan zen, osasun arazo batzuen ondorioz hilabete beranduago abiatu zen nire bidaia. Genevara iristean laku eder batekin egin nuen topo, Alpeetako haize hotza eta Genevan oso ohikoa den zeru gris iluna. Lehen asteak edo hilabeteak ez ziren batere errezak izan. Horrelako bidaietan oso ohikoa izaten da bakardadea eta nik ez nuen batere ohiturarik. Horrelakoetan ohartzen zara zure herrian zarenean zenbat jende duzun inguruan.

Genevako unibertsitatean emandako lehen egunak ere ez ziren errazak izan, jendeak nire lanagatik galdetzean nik nekiena baino gehiago jakin nahi zuen. Egonaldia erabili nahi nuen marko teorikoa finkatu eta analisi metodoa marrazteko, baina sorpresa galantarekin aurkitu nintzen. Euskal Herrian niretzat ikerketa mundu oso bat zena Genevan gauza txikitxo bat bakarrik zen eta nire ikerketa gaiaren inguruan beste mila input interesgarri zeuden. Ez nekien ni (nire lana) guzti horren aurrean nola kokatzen zen. Kostatu zitzaidan shock haretatik ateratzea, baina gutxinaka-gutxinaka hasi nintzen martxa hartzen eta konturatzeareko itzultzeko prestakizunekin nabil.

Izugarrizko ikaskuntza izan da, bai maila pertsonalean eta baita profesionalean. Bakardadean bizitzen ikasi, izugarrizko pertsonak ezagutu, unibertsitateko jakintzak ahalik eta gehien xurgatu… Hasieran iluntasuna besterik ez zena, pixkanaka argitu da. Horrelakoa da tesi bidea, hurrengo koxkarekin topo egin arte aurrera egin eta berriz etsi gabe jarraitu hurrengo koxkaraino; bizitzaren bidearen pare.

Nork esango zidan niri masterra egiten ari nintzela tamaina honetako abenturetan sartzeko moduan izango nintzenik. Frantsesez mintzatzen den hiri batean bizitzen, artikuluetan ikusten nituen abizenei aurpegia jarri eta haiekin hizketaldiak izaten. Batzuetan ez dakizu esna edo ametsetan zauden. Karidadeko Bentakoek dioten moduan “heldu gerritik, heldu eta goazen hegan, eta ez gelditu zerua bukatu arte. Etorkizuna, nahi duzuna zugan dago. Esna zaudela egizu amets”.

Aroa Murciano, EKOMU masterreko ikaslea, Huheziko bekaduna doktorego programan. Genevako Unibertsitatean 6 hilabeteko egonaldia egiten, Eusko Ikaskuntzaren “Hôte de Relations Internationales” bekari esker.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Ahaoual Aziz

    Cualquier experiencia fuera de nuestros paises de origen pueden ser positivos,sobre todo si es por cuestiones de estudio. En el País Vascos tenemos un gran elenco de investigadores y científicos de todo el mundo.
    ¡Suerte en la próxima aventura!

+ Iruzkin bat laga