Hitzak sortzeko baliabideak


Zientzia eta teknikari buruz euskaraz hitz egiten edo idazten dugunean, hiztegia da eztabaida gehien sortzen duen duena.

Hiru motako hitzak behar ditugu: batetik, hiztegi orokorreko hitzak; bestetik, hiztegi tekniko orokorra osatzen duten hitzak, eta azkenik, esparru bakoitzeko terminologia berezitua.

Hiztegi orokorraren ardura Euskaltzaindiarena da, Hiztegi Batuak jasotzen du hau. Hiztegi tekniko orokor eta berezituaren ardura, berriz, esparru bakoitzeko adituena da, horiek baitira arlo bakoitzeko kontzeptu sareak menderatzen dituztenak, eta beraz haiek dira terminologia sortzaile bakarrak.

Testu zientifikoetako terminologia zehatza izan behar da, polisemiarik ez du izan behar. Baina, hitzak zein irizpideren arabera aukeratu behar ditugu? Gomendio nagusia, komunitate zientifikoak onartutako lexikoa erabiltzea da, hitz berria ez denean. Hala ere, lexiko zientifikoa ugarituz doa etengabe eta sortu beharra daukagu sarri, hona hainbat baliabide:

Eratorpena: atzizkien bidez hitzak sortzeko bidea. Adjektibo, izen eta aditzei atzizkiak eransten zaizkie esanahi berria duten hitzak sortzeko. Sortzen diren hitz berri horiek, era berean, adjektibo, izen edo aditz izan daitezke: egiaztatu (aditza), eranskin (izena), aldakor (adjektiboa).

Hitz-elkarketa: bi hitz autonomo elkartuz hitz berriak sortzeko bidea. Batzuk marra bidez lotzen dira (finantza-sistema, inertzia-momentua, seme-alabak…), beste batzuk lotu egiten dira (idazmakina, ikasgela) eta beste batzuk bereiz idazten dira, ez dira lotzen. Bide desberdinetatik sor daitezke hitz-elkarte edo hitz berri horiek. Hona hemen bide horietako batzuk.

Mailegutza: beste hizkuntzetatik hartutako hitzak dira. Batetik, izan daitezke euskarak aspaldi etxeratu dituenak (aingeru, meza, gorroto, kaiku, tipula, borondate…). Horiek noizbait mailegu izan ziren, baina bereganatu eta egokitu egin ditu euskarak eta hitz arrunt bihurtu dira. Bestetik, duela gutxi euskaraz erabiltzen hasi garenak eta jatorrizko hizkuntzan bezalaxe idazten ditugunak (nahiz eta ahoskatzerakoan zenbait egokitzapen egin): marketin, software…

Zabalkunde semantikoa: lehendik esanahi jakin bat duen hitzari esanahi berria(k) ematea. Esate baterako, ardatz hitza.

Berrezarpen lexikala: Galdurik edo erdi galdurik dagoen ondare lexikala berreskuratu eta esanahi berritua adieraziz kaleratzea.

Gai honi buruzko informazioa zehatzagoa hemen aurkituko duzue.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu