Hazitegi eta Haur Hezkuntza


Dakizuenez, Hazitegi da bereziki Haur Hezkuntzan ikertzen ari den talde bat.  Egindako ikerketa horietatik, ezagutza pilatzen eta hainbat ondorio ateratzen ari gara. Blog honetan, horren berri ematen joango gara, nolabaiteko gai monografikoen gainean gure ekarpentxoak egiten.

Edonola ere, lan horri ekin aurretik, komenigarria da gure eta besteen ikerketetatik ondorioztatutako markoa zedarritzea. Marko hori definitzeko, haurraren ikuspuntutik, hainbat hitz gako azpimarra ditzakegu, Haur Hezkuntzaren izaera ulertzeko erabakigarriak izan daitezkeenak:

– Haurraren segurtasuna. Haurra seguru sentitzea da guztiaren oinarri, abiapuntu, giltzarri, gako… Haurra seguru egon ezean, arazo bat daukagu… horren argi uzten dute ikerketek… Haurra seguru sentitzen denean jolastuko da; orduantxe esploratuko du, berdinkideekin harreman positiboak izango ditu… Azken batean, segurtasunean eta segurtasunetik ekingo dio munduaren – zentzurik zabalenean – ezagutzari; horrenbestez, garapen osasuntsurako gako da haurraren segurtasuna. Beraz, Haur Hezkuntzako profesionalek lan handia daukagu segurtasun hori bermatzen eta horretarako baldintzak zaintzen, haurrek gurekiko atxikimendu segurua eraiki dezaten.

Esplorazio aberatsa.  Haur Hezkuntza da haurra bere gaitasunak esploratzen hasteko unea.  Gaitasun horiek handiak dira, aberatsak oso. Horregatik, garapenari osotasunean erantzuteko asmoz, ezinbestekoa da haurrari esploratzeko baliabide aberatsak eskuragarri jartzea. Ikerketen arabera gainera, esplorazioa  aberastu behar da haurraren potentzialtasun guztiei begira. Beraz, Haur Hezkuntzan esploratzeko aukerak aberatsak bezain anitzak izan behar dira: zentzumenak, mugimendua, arlo sinbolikoa, matematika, zientzia, adierazpen artistikoa, ingurune fisikoa, soziala…

Berdinkideen arteko harremanak. Haur Hezkuntzako zentroak bihur daitezke umeen lehendabiziko esperientzia sozial sakonaren kokaleku. Bertan eman daitezke lehendabiziko berdinkideen arteko harremanak; hau da, haurren arteko hasierako harreman sakonak Haur Hezkuntzako geletan eman daitezke kasu askotan. Ikerketek diotenez, elkarrekintza horiek gako dira haurraren garapenean. Azken batean, pertsonok elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dugu. Are gehiago, hamaika ezagutza eskuratzen dugu imitazioz. Beraz, Haur Hezkuntzako profesionalok hori kontuan izan eta tentu handiz jokatu behar dugu, harremanak ahalik eta aberatsenak eta emankorrak izateko.

Haurraren ikuspegitik, gako diren hiru aldagai zerrendatu dira. Jakin badakigu beste hainbat aipatzeke utzi ditugula, erritmoen errespetua eta familia-eskola-komunitate harremanak kasu. Halaber, Haur Hezkuntza osotasunean hartuz gero, ikerketen arabera, interes handiko elementuak dira ondoko hauek: hezitzaileen edo irakasleen rola, espazioaren antolaketa, denboraren kudeaketa, metodologia oro har… Hurrengo postetan joango gara horien inguruan idazten eta elementuetan sakontzen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu