Jolasak dakar haurraren espazioa eta eskolak horretarako markoa eskaini behar du. Orain arte eskoletan ez zaio mugimenduari espazio handirik eskaini, baina hau aldatzen hasiak gara, testuinguru pedagogikoetan aukera berriak eskaintzen hasi dira. Usurbilgo Udarregi ikastolan, gaitasun motorrari erantzuten dieten egiturak sartu dituzte haur hezkuntzako geletan. Espazioak, beraz, beste dimentsio bat hartu du.
Gelen ohiko egituretan pentsatzen badugu, haurren mundua horizontaltasunean antolatuta dago. Egitura berri horiek hain erakargarria egiten zaien bertikalitatearekin jolasteko aukera eskaintzen diete, hau da, gora eta behera egiteko.
Egiturak pentsatuta daude haur bakoitzaren behar eta abileziari erantzuteko. Bertan, igo, jaitsi, hara eta hona desplazatu, salto egin, sartu, atera, itxi, ireki, besteekin bildu, besteengandik ezkutatu, orekarekin jolastu (oreka mantendu edo oreka galdu), zintzilikatu, jolas sinbolikorako eskenatoki bilduak sortu…
Haurrek egin dioten harrera eta erabilpena izan dira egituren arrakastaren adierazlerik esanguratsuenak, irakasle nahiz gurasoen asebetetzearekin batera.
Jolasari testuinguru berriak eta hobeak eskainiz, haurraren garapenari aire berria ekarri diezaiokegu. Testuinguru berrietan espazioaren antolaketa gako da, irakaslearen rolarekin batera.