Berrikuntza eta eraldaketa prozesuak hezkuntzan


Hezkuntza eraldaketa edo berrikuntza esanda, bi sentsazio datozkit gogora: zaila eta mingarria. Zergatik zaila? Zergatik mingarria? Ondorengo lerroetan azaltzen saiatuko naiz.

Gure lana ulertzeko modua aldatu behar dugu. Baina kasu askotan irakasle izatea aukeratu dugu lana horrela ulertzen dugulako, eta jendea entzuten edukitzea gustatzen zaigulako. Gure ikasleek dioten bezala: nik amantaldun andereñoa/maisua izan nahi dut. Profesioa aukeratzeko unean irudikapen bat egin genuen, eta hura da atsegin duguna. Eta ikuspegi berrira salto eginez gero, ziurgabetasuna kudeatu behar dugu, konfort zonatik irten beharko dugu, une batzuetan jakin gabe egotea tokatuko zaigu, eta hori deserosoa da. Gure buruaz dugun irakasle kontzeptua hautsi behar dugu, eta horrek identitateari ere ukitu diezaioke. Honek mina ematen du.

Bestalde, umeak ere desberdin ikusi behar ditugu. Ez dakiten pertsonak, eta guk dakiguna errepikatu behar duten pertsonak ikusteari utzi behar diogu. Beraiengan sinetsi behar dugu, behar dutena eraikitzeko gai dira, eta are gehiago: hala egin nahi dute. Hori bai: agian behar dutena ez da guk irudikatzen duguna, edo gustatuko litzaigukeena. Bakoitzak bizi esperientzia, interes eta behar desberdinak izango ditu, eta horren arabera garatuko da eta eraikiko du behar duen ezagutza. Hau da, prozesu desberdinak egingo dituzte, bakoitzak berea. Hau onartzea eta kudeatzea zaila da.

Beraz, lehenengo aldaketa norberak egin behar du. Ezin da kanpokoa aldatu barrukoa aldatzen ez den bitartean. Ezin dugu eskola berritu gure uste, irudikapen eta sinesmenak aldatzen ez badira. Aldaketa barrutik dator, fokua norberak bere buruarengan jarriz hasi behar da. Hortik abiatuta umea ikusteko modua aldatuko da, eta honek baimenduko du eskola bera aldatzea.

Aldaketa honetarako prest gaude? Ze ibilbide egin beharko genuke? Adituak irakurtzearekin aski da? Irakurritakoa da ikasten duguna ala bizi duguna? Eta bizi duguna baldin bada balio duena, eskola aldatu dadin, zer da bizi behar duguna? Eta nola? Argi dago aldaketa bideratzeko espazioak sortu eta dinamizatu beharko direla. Eta ez gelditu hizlariak ekartze hutsean.

Honek suposatzen du irakasleok ikasle bihurtuko ginatekeela, eta aurrez esan bezala, denok desberdinak gara, erritmo desberdinetakoak.  Traineruak aurrera egiteko, nola jarri batera lanean horrenbeste arraunlari desberdin? Ez zait traineruan denok batera arraun egitearen metafora asko gustatzen, helburu bera baldin badugu ere, denok desberdinak garelako, eta bateratzeak aniztasunari aukera asko ematen ez diolako. Gehiago ulertzen dut horrelako zerbait kudeatu beharra:

trenak  Singing With Light

* Singing With Lighten argazkia Flickren

Banakoak aldatzen garenean ordea, lan egiteko modu berri batean aurrean jartzen gara, “koadrila” edo lan talde anitzak sortzen ditugu, eta egiteko modu berri honek segurtasun eza sortzen du.

Edonola ere, zaila eta mingarria hitzekin hasi badut ere gogoeta, ez dut horrekin itxi nahi. Aldaketaren ekintzaile izatea tokatu zaigu, eta hala irudikatzen dut nire burua, beti ere tokatzen zaizkidan baldintza edo aukeren arabera ekitea tokatuko zait. Ahal den neurrian berritzaile izanik, aldaketaz ikasten dut, hau da: ikasle ikusten dut nire burua, irakasle eta ikasle aldi berean. Eta aurrez esan bezala, ikasleok badugu ikasteko beharra eta gogoa. Beraz, zaila eta mintsuari, berezkoak ditugun behar eta gogoa erantsi nahi dizkiot. Hori ere badagoelako, eta motorra izango delako. Bi indar horien artean: motibazio eta erresistentziaren artean irudikatzen dut bilakaera, aniztasun handiarekin, etorkizuna eraikiz, eta bidean ziurgabetasuna biziz.

+ Iruzkin bat laga