Reggio Emilia: sormenerako testuinguruak


Hik Hasik antolatuta, urriaren 11tik 13ra aukera izan genuen Reggio Emiliako haur eskolen planteamendua bertatik bertara ezagutzeko. Gauza asko daude nabarmentzeko eta horrek luze eramango gaituenez bat ekarriko dugu erdira, hain zuzen sormenari dagokiona.

Reggio Emiliako eskoletan, umeei sormenerako testuinguruak eskaintzen zaizkie, nola ordea? Badira hainbat giltzarri horretarako. Adibidez, proiektuak izendatzen dituzten proposamenetan, inoiz ez dute aurretik helmugarik zehazten. Horrek esan nahi du beti ere umearen “atzetik” doazela, eurak zerbait deskubritu ahala, beste zerbait deskubritzeko aukera ematen dietela esperimentazioaren bidez. Umearen “atzetik” joateak esan nahi du lehenik umea entzuten dutela, adi daudela zein interes azaltzen duten, elkarrizketaren bidez beraien nahiak ezagutzen dituztela.

Esperimentazioak hori dauka, ez dagoela lortu beharreko emaitzarik, norberaren mundu imajinarioa desplegatu, zabaldu daiteke; egiten den guztiak balio du, ezer ez dago ondo ezta txarto ere. Ez dago jarraitu behar den eredurik, materialek beraiek eta beraien arteko elkarrizketek aukera mugagabeak eskaintzen baitituzte. Hartara umeek egindakoak denak dira diferenteak nahiz eta eskura dituzten materialak berdinak izan. Tailerren kasuan ere berdin gertatzen da, norberaren nahien errespetutik, esperimentazioa oinarri, aurkikuntzak anitzak dira eta beste ume eta hezitzaileekin partekatuak.

Sormen prozesu horrek eramaten du umea bere barne mundua kanporatzera, loturak lortuz mundua berak interpretatzen duen modua eta materialek ematen dioten aukeren artean. Horrela konturatzen da heldua umea bizitzen ari den modu anitzez; horrela  konturatzen da umeak “ehun hizkuntza” eta bat, gehituko genioke, dituela. Horrela ikus dezakegu ume bakoitzaren mundua zein den.

Kanporatze edo proiekzio prozesu hori beste umeekin batera egiten denez, ume bakoitzak aukera du bere mundua beste umeek agertzen dutenarekin aberasteko. Denen artean mundu imajinarioa aberasteko eta norberaren istorioak besteenekin elikatuz mundu berriak sortzeko, norberarena ehun aldiz gehiago hedatzeko. Haur hezkuntzak zerbait izan beharko balu, aukerak etengabe biderkatzeko aldia izan beharko luke, sormenak berak ez baitu mugarik eta helduok hori zor diegu umeei, sormenerako ahalik eta aukera gehien ematea. Sormenak burua askatzea dakar, aukera infinitu horietan murgiltzea eta sortze prozesuan plazera sentitzea, beteta sentitzea. Hori da Maslow-ren autoerrealizaziorako bidea, irakasleok eta pertsonok orokorrean jarraitu beharko genukeen bidea ongizaterako.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu