GSoC 2015, ikasleak udan programatuz dirua lortzeko modu polita


2009tik urtero egin duen moduan, aurten ere Google-k “Google Summer of Code” programa martxan jarri du. Programa honek ikasleek udan kode irekiko proiektuetan ekarpenak egitea ahalbidetzen du, baita ikasleak horren truke diru pixka bat lortzea ere.

Programaren lehen fasean zaintzaileen (mentor) aukeraketa bat egiten da, eta dagoeneko erabaki da zeintzuk izango diren aurten parte hartuko duten zaintzaileak. Hurrengo esteka honetan ikusi dezakezue zerrenda osoa:

GSoC Accepted Organizations

Programaren funtzionamendua nolakoa den azaltzeko onena adibide bat jartzea izan daiteke:

Zerrendako zaintzaile horietako bat Moodle da, eta ikasle batek proiektu horretara ekarpenak egin nahi baditu proiektu horretan egin daitezkeen ekarpenen orrira joan daiteke eta bertan agertzen direnen artean berari (eta bere ezagutzei) hobeto egokitzen zaion ideia aukeratu ondoren arduradunarekin harremanetan jartzea gomendatzen da bere burua aurkeztu eta xehetasun gehiago jakiteko. Interesa duten ikasleentzat xehetasun guztiak hemen aurkitu daitezke:

Applying to work with Moodle for GSOC

Behin zaintzailea eta ideia aukeratuta, ikasleak izena eman behar du horretarako epea zabaltzean, eta adi epea martxoaren 16tik 29ra artekoa da eta!

Epe hori bukatzean izena eman duten ikasleen artean aukeraketa egingo da, eta apirilaren 29an aukeraketaren zerrenda publikatuko da. Orduan ikasle bakoitza bere zaintzailearekin harremanetan jarri eta lanerako prestatuko da, eta lanerako epea maiatzaren 25etik abuztuaren 21era artekoa izango da. Ondoren egindako lana (kodea) bidali beharko dute eta ebaluazioaren ostean dirua jasoko dute.

Udaran dirua lortzeko asmoa baduzu animatu zaitez eta parte hartu,  aukera polita izan daiteke bide batez zure curriculum-a eta ezagutza hobetzeko eta!

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu