Alex Aranburuk 2. mailan izandako esperientzia kontatzen digu
Alex Aranburu Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritza Graduko 2. mailako ikaslea da. 1. seihilabetean zehar, Programazio Aurreratua ikasgaiaren barruan, Java hizkuntzako programazioa landu dute Telekomunikazioetan zein Informatikan, eta ikasgaiari amaiera emateko joku bat garatu dute. Hona hemen landutako jokoaren inguruan ematen dizkigun xehetasunak.
Jarraian, klasean programazioko arloan garatutako joko baten funtzionamendua azalduko dizuet. Horrez gain, hau gauzatzeak dakartzan abantailak ere aztertuko dira. Klasean Txema Pérez irakasleak bidalitako lana honako hau izan zen:
- Berak proposaturiko jokoaren inguruan (Zaurituen eta hildakoen jokoa), interfaze grafiko bat egin behar genuen.
- Algoritmoaren funtzionamendua azaldu zitzaigun.
- Java programazio lengoaia erabili behar genuen jokoa gauzatzeko.
- Klasean ikasitakoaz gain ekarpen berriak egin behar genizkion jokoari.
Ikusten den bezala, lan oso zabala izan da eta askatasun osoa egon da erabakiak hartzeko orduan. Hori dela eta, joko oso ezberdinak atera dira eta interesgarria izan da horrenbesteko aniztasuna aurkitzea. Nire jokoaren garapenaren kasuan, zehaztasun guztietan aurrez pentsatu beharrean pausoz pauso eraikitzen joan naiz.
Hasierako pantaila
Lehenik eta behin, pantaila nagusiaren pertsonalizazioan zentratu naiz (irudia, koloreak, posizioak…). Jokoak zein atal izango dituen erabakitzeko, edozein bideojokoren eredu orokorrean oinarritu naiz. Gaur egun ezagutzen ditugun ia joko guztiek konfigurazio, hizkuntza, kreditu eta ranking aukerak eskaintzen dituzte, jolastu eta irten aukerez gain. Oso egokia iruditu zait ere bi pertsonak batera jolastea eta bere garaian erabaki nuen denbora izanez gero, multijokalari aukera bat ere sartuko nuela.
Interfaze grafikoari dagokionez, hasieratik animazioak sartzea izan dut buruan eta sarean aurkitutako .gif fitxategiak erabili ditut horretarako. Irudien aukeraketak ere lan eskerga eman dit, oso zaila gertatzen baita benetan egokia den zerbait jartzea.
Jokoaren garapena
Horrez gain, hasieratik benetan lan oso polita dela iruditu zaidanez, ekarpen berri ugari egiten saiatu naiz eta ziur nago bideoan berehala igarriko dituzuela. Musikaren inguruko guztia berria izan da niretzat eta benetan uste dut norberak bere ordenagailuko edozein melodia jarri ahal izateak beste maila bat ematen diola jokoari. Gainera, botoi bakoitza sakatzerakoan zein animazioa agertzerakoan tiroen soinuak erreproduzitzen dira. Azken honi loturik, kurtsore pertsonalizatu bat gauzatzean pentsatu dut, “punto de mira” baten itxura emanez, hain zuzen ere. Hala ere, guztietan konplexuena, jokatzeko lehenengo pantailan ageri den ibiltari horiaren animazioa burutzea izan da. Irudia etengabe ezabatu eta sortzen denez, animazioaren mugimenduekin sinkronizatzeak proba asko egitea suposatu dit. Bestalde, jokoa hiru hizkuntza ezberdinetan jokatzeko aukera dago: Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Amaitzeko, jokoa hasi aurretik ageri den kargatze barra originala iruditu zait eta hau ere nola egiten zen bilatu behar izan dut.
Jokoak garatu dituzten 3 ikasle: Iker Martinez de Agirre (Informatika), Alex Aranburu (Telekomunikazioak) eta Borja Pérez (Telekomunikazioak)
Ikusten den bezala, esfortzu berezia egin da, bai nire zein gelakideen aldetik, zehaztasun berriak aurkitzen. Honen arrazoi nagusia garatu beharreko lan mota izan da eta esan beharra dago norberak bere joko propioa egiteak ilusio handia eman digula. Honen ondorioz, pentsatzen dut jokoen bidezko ikasketak asko laguntzen diola ikasleari, motibazio berezi bat eragiten baitio eta gainera, gauza berriak irakasleen laguntzarik gabe eta norberaren kabuz ikastea baitakar. Hemen behean, aurki dezakezue jokoa zehatz-mehatz azaltzen duen bideoa.













