Nekrologia eta aurreikuspena: Xabier Leteren adibidea


Hasteko, Atabala blog honetan egin nahiko nukeen ekarpenaz argitasun batzuk eman nahi nituzke. Hemen ahalegindu nahi nuke bereziki prentsa idatziari buruzko hausnarketak egiten, ez kritikatzen kritikatzeagatik, baizik eta prentsa idatzia (bereziki euskarazkoa) hobetzen laguntzeko asmoz. Hori zehazturik, noan gaurko harira.

Xabier Leteren heriotzak emozio handia sortu zuen Euskal Herrian. Nola ez! Gure herriko artista nazional handienetarik bat zen. Biharamuneko azalak ikusi eta, aski harrigarri edo penagarri izan zitzaidan zer leku gutxi eskaini zioten Euskal Herriko egunkari gehienek: El Correo-k deus ere; El Diario Vasco-k labur-labur; Gara-ren izenburu nagusia, lau zutabeko argazki eta guzti, hegazkin konpainietako kontrolatzaileekin, beherean, franko txikiz, Durangoko Azokari buruzko albistearekin bat eginez aipatu zuen Leteren heriotza; Deia-k argazki nagusia bai, baina izenburu nagusia, bost zutabera, aire kontrolatzaileekin; Berria-k azal nahiko berezia eta guztien artean duinena, lau zutabeko Xabier Leteren argazkiarekin.

Biharamuneko azalak oraindik penagarriagoak ziren. Beste herri batek hein horretako artista bat galtzen badu, hango egunkariek hain leku eskasa emango al liokete?

Ez dut sakonduko Euskal Herria erreferentziatzat daukatenen eta Espainiari edo Frantziari begira daudenen arteko aldea. Hurrengo lerroetan Euskal Herriko ikuspegitik eta euskal kulturaren erreferentzia den egunkari bati buruz ariko naiz. Berria egunkariak zortzi orriko gehigarria eskaini zion Mikel Laboari, hura hil eta biharamuneko alean, duela bi urte. Lete hil eta biharamunean, bi orri, hurrengo asteartean hiru. Ez dut uste Letek Laboak baino gutxiago
merezi zuenik; eta pentsatzen dut ez dela hori izan Leteri toki gutxiago ematearen irizpidea.

Leteren heriotza une txarrenetariko batean gertatu zen, egunkari bateko erredakzioarentzat: zubia, larunbata, 21:30ak, Durangoko azoka. Baldintza guztiak bazeuden gaia txukun ez emateko. Leteri zor zitzaion tratamendua ez eman izanaren arrazoia aurreikuspen faltan dagoela uste dut. Makabroa baldin bada ere (baina kazetari lanak badu alde makabro hori), horrelako artista handien (edo politikari handien edo Aita Santua bezalako nazioarteko pertsonalitate ezagunen) heriotzak aurreikusi behar lituzkete egunkariek. Badu urteak bagenekiela Xabier Lete osasunez oso ahul zebilela eta haren heriotza noiz nahi etor zitekeela.

Horrelako artisten biografiak, obrari buruzko monografiak eta gisa orotako elementuak prest eduki behar lituzkete egunkariek, heriotza gertatzen den egunean (izan daitekeen egun eta ordu txarrenean izanik ere) orriak bete ahal izateko. Normalean, egunkariek artikulu nekrologikoak aspalditik idatziak izaten dituzte, eta uste dut adin batetik gorako edo osasunez ahul dauden artista edo beste pertsonalitate mota handienen heriotza albisteak prest eduki behar liratekeela, zer gerta ere. Eta Leterena prest eduki behar zen.

Nahiz eta azkenaldian orri kopurua murriztua duen, biharamunean Leteri buruzko zortzi orri eskaini izan balitu, uste dut Berriak eskaintza bikaina eginen zuela, are gehiago, Durangoko Azokaren giroan, dolu egun hartan. Egun hartan hori zen eskaini beharrekoa. Nago egunkarien etorkizuna ez ote den horretan oinarritzen, gai batzuk oso-oso ongi lantzean. Aurreikuspenak balio du beste gertakari batzuentzat ere, besteak beste gertakari politikoetan.

4 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga