Su-etena prentsan


Ohiz kanpoko gertakariek minutu asko hartzen dituzte irratietan eta telebistan, eta orrialde asko egunkarietan. Kazetaritzaren xarmetariko bat ohiz kanpoko horiek egiten dute, ohiko erritmoa hankaz gora jartzen duten gertakari horiek. Baina orriak betetzea ez da nahikoa, ohiz kanpoko horri merezi duen zukua ateratzeko. Gaurko egunkariei begira, hainbat azterketa egin ditut. Batetik, azaletako izenburu nagusiei so eginez, zintzotasunetik demagogia gordineraino, zenbat irakurketa posible izan ditzakeen gertakari berak:

ETAren agiriaren hitzetan gelditu dira, Gara , Berria eta Noticias de Gipuzkoa: “egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra” hitzekin. Horiek dira agiriaren hitz gakoak, eta nahiko pisu badute gehiagoko interpretazioetan sartu gabe.

Baina egunkari gehienek zerbait gehiago adierazi nahi izan dute, pentsatuz agiriaren hitz gako horiek jadanik ezagunak zirela eta interpretazio zerbait eskaini behar zutela. Hor ditugu “ETAk urrats bat egin” duela dioten zenbait egunkari. Urratsa, ñabardurekin aipatua da. Egunkari batzuek “ETA da un paso más” izenburua jarri dute, El Periodico de Catalunya-ren  modura. Beste batzuek esaldi hori luzatu dute, eta berez albistearen irakurketa baikorra eskaintzen duen esaldi horri ñabardura handiak ezarri dizkiote. Horren adibide da El Periodico Extremadura-rena: aurreko egunkariaren tituluak bezalakoa du lehen lerroa, baina lerro bat gehitu diote: “pero insuficiente”. Antzeko bidea hartu du La Vanguardia-k  ere: “Un paso más pero falta…”

Egunkari andana batek bere lumaz idatzi du su-eten hori ez dela nahikoa. Beste batzuek finezia gehiago erabili dute eta nahikoa ez izate hori alderdi eta agintari politikoen hitzetan ezarri dute: El Comercio edo Atlántico dira horietatik batzuk.

Beste batzuk, intentzio politiko guztiz txarrarekin eginak dira. Hitz joko ona aurkitzearen merezimendua du La Razon-ek , baina informaziotik deus ez du “TRETA” hitz horrek. Iritzi hutsa da, su-etenari sinesgarritasuna kentzea helburu duena. Demagogia hutsa egin du ABC-k  “ETA zergatik ez den sinetsi behar” esaldiarekin titulatuz eta 2006ko su-etenetik hona hil dituenen argazkiak sartuz. Intentzio politiko maltzurra dago horren gibelean, eta ez informatzeko asmoa. Baina bere ildo editorialaren araberakoa. Harritzekorik ez.

Egunkari guztiak aipatzea luzeegi litzatekeenez, beste lautan jarri dut arreta. El Mundo-rena  mamitsua da. “ETA escenifica otra tregua para colarse en las elecciones”. La Razon eta ABC egunkariek baino finezia gehiagoz, baina gauza bera dio El Mundok. Bi hitz azpimarratzekoak dira: eszenifikatzearena esaldiaren hasieran sartuz, El Mundok dio ETA antzerkia egiten ari dela eta hemen ez dela deus seriosik gertatzen. “Otra tregua” hitzarekin su-eten horren berezitasuna ukatzen du. Bestalde, Batzoki bateko argazkia sartu du ilustrazio gisa, titulu honekin: “Esceptisismo en el Batzoki”. Zergatik hautatu du EAJko giroa sartzea azalean? Dudarik gabe, “euskaldunek berek ere ez dutela sinesten” erakusteko eta bere teoriari indar gehiago emateko. Batzokiaren aipua El Mundoren intentzio maltzurraren lekuko da.

Besterik dio Kataluniako Ara egunkariak . ETAren agiria azaleko argazkian sartu du eta hamar hitz azpimarratu ditu gorriz eta ohar batzuk gehitu. Izenburu nagusia: su-eten hori ezberdina dela errateko hamar arrazoi. Aurreko egunkariek ez bezala, honek su-eten berezia dela azpimarratu du. Deia-k  ere teknika bera erabili du, baina guztiz beste mezu batekin: “beste urrats bat, baina zalantza berak”. Hots, Ara-ren mezuaren kontra, su-etenak duen izaera desberdina ukatu du.

Baina bereziki azpimarratu nahiko nuke Sud-Ouest egunkariaren azaleko izenburua: “ETAk su-eten historikoa proposatu du”. “Historikoa” hitza erabili duen egunkari bakarra izan da. Ez du azalpen gehiago merezi: argi da berez euskaldunen eta abertzaleen aldekoa ez den egunkari honek su-eten honi beste ia inork eman ez dion balioa aitortu diola.

El Pais egunkariaren azaleko izenburuak galdera gehiago eragiten dit. Batetik, tituluak azalaren goiko zatia hartzen du, bost zutabera, baina ez dauka argazkirik. Garrantzia pixka bat kentzen diola dirudi. Baina izenburuari berari kutsu baikorra hartu diot: “ETAk urrats bat gehiago egin du bere bukaerara bidean”. Ez dut uste ETAk bukaeraren hori hain garbi aipatu du, baina El Pais-en interpretazio horrek erakusten du El Paisek bere gustuko bidean ikusten duela ETAk egin duen urratsa. Ez du azpimarratu, beste batzuek egin duten gisan, ETAk ez duela adierazi behin betiko su-etena dela. Ez, behin betikotasunerako bidea azpimarratu du. Guztiz kontrakoa.

Edukiaz zenbait hitz
Azalak argigarriak dira, baina egunkariek edukia eskaini behar dute. Eta zein da batzuen eta besteen ekarpena? Sei egunkari aztertu ditut. Hona nola antolatu duten informazioa, gainetik begiratuta.

Berriak 15 orrialde
–    2-3 orr.: agiriari buruzkoa eta erreakzioen bilduma bat.
–    4-5 orr.: analisia eta orain arteko su-etenen kronologiatxoa. Gernikako adierazpenari buruzko orria.
–    6-7 orr.: ezker abertzalearen barne eztabaidaren kronologia.
–    8. orr.: nazioarteko komunitatearen parte hartzeari buruzko erreportajea.
–    9-15 orr.: alderdi politikoen erreakzioekin eta zenbait iritzi artikulurekin osatuak dira.
–    16 orr.: Currinen erreakzioarekin eta nazioarteko hedabideek egin dioten harrerarekin.

Diario Vascok 31 orrialde.
–    28-29 orr.: Albiste nagusia, agiriaren giltzak (sei puntutan), agiria bi hizkuntzatan.
–    30-31 orr.: Bruselako, Iruñeko eta Gernikako adierazpenak hitzez hitz.
–    32-33 orr.: Jesus Egigureni elkarrizketa.
–    34-35 orr.: Ezker abertzalearen prozesua. Hauteskundeetara aurkeztu ahal izateaz fiskalak dioena.
–    36 orr.: Nazioarteko bitartekariak.
–    37 orr.: Iritzi bat
–    38-45 orr.: Erreakzioak
–    46-47 orr.: Uria sendiarekin egindako erreportajea. ETAren biktimen erreakzioak.
–    48-49 orr.: ETAk azkenik hildakoaren amaren elkarrizketa. Biktimen erreakzioak.
–    50-51 orr.: Enpresarien gogoetak (erreportajea). Patronalaren erreakzioa.
–    52 orr.: 2010eko atxiloketei eta ETAren ustezko atentatu ahaleginei buruzko artikulua.
–    53 orr.: Orain arteko su-etenak (Barajasko atentatuaren argazki batekin ilustratuta).
–    54 orr.: Frantziaren zalantzak.
–    55 orr.: ETA utzi duten presoei buruzko artikulua.
–    56-58 orr.: Pertsona ezagunei egindako inkesta.
–    59 orr. Iritzi bat.

Garak 12 orrialde.
–    2-3 orr.: Agiriari buruzko albista eta agiria hiru hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Frantsesez ez dago).
–    4 orr.: Munduko prentsaren aipamenak.
–    5 orr.: Brian Currinen elkarrizketa.
–    6-9 orr.: Erreakzioak
–    10-11 orr.: Analisia
–    12 orr.: Su-etena berezia dela azaltzen duen artikulua.
–    13 orr.: Agintarien eta hedabideen azken egunetako mugimenduak.

Deiak 14 orrialde.
–    22-23 orr.: Albistea, analisia.
–    24 orr.: Zerga iraultzaileari eta kale borrokari buruzko hipotesi artikulua.
–    25 orr.: Agiriaren bidea. Iritzi bat.
–    26-27 orr.: Ezker abertzalearen erreakzioa. Ezker abertzalearentzat lituzkeen ondorioak. Egindako urratsen kronologia.
–    28 orr.: Brian Currinen erreakzioa. Iritzi bat.
–    29 orr.: Kartzeletako eztabaida.
–    30-33 orr.: Erreakzioak
–    34-35 orr: gatazkaren gastuak.

El Paisek 11 orrialde.
–    10-11 orr.: Albistea. Agiria osorik. Analisia. ETAren su-etenen kronologia (hautatutako argazkia, handian, Rubalcabarena).
–    12-13 orr.: Erreakzioak
–    14-15 orr.: Biktimen erreakzioak. Analisia. Berradiskidetzeko beharrari buruzko erreportaje bat.
–    16-17 orr.: Ezker abertzalearen baitako barne eztabaida. 2006-2010eko kronologia bat infografia batean. Analisi bat.
–    18-19 orr.: “Hiru buruzagi, historia kriminal bati pertsiana ixteko” artikulua, azken urteetan atxilotutako ustezko buruzagiei buruzko infografiaren laguntzaz. Orri osoko infografia eta kronologia, ETAren 50 urteko atentatuez.
–    20 orr.: Presoen eztabaida (sakabanaketaren infografia batekin)
–    21 orr.: “Aldaketak ETAren erabakia azeleratu” duela dioen albiste-analisia.

Asko luzatuko nintzateke azterketa xehean sartzen banintz. Laburki, El Diario Vascok biktimei eman dien lekua azpimarratuko nuke batetik. Baina, bereziki, El Paiseko 18-19 orriak azpimarratuko nituzke, non garbi aitortzen duen agiri hau ETAren behin betiko gelditze bat bezala ikusten duela (bestela zergatik halako titulua eman artikuluari? Zergatik 50 urteko historia egin orri bateko kronologia batean?). Halaber, 10-11 orrialdeetako albistean ere azpimarratzen du agiri hori zertan den beste guztietatik desberdina. Uste dut hori oso adierazgarria dela.

Gainerakoan, erreakzioei emandako lekua aipatuko nuke. Proportzioan, Berria izan da alderdi politikoen eta eragileen erreakzioei toki handiena eman diena (hamabost orrialdetik zortzi erreakzioekin osatuak ziren). Uste dut hamabost orrialdek eskaintzen duten espazioa (zazpi orrialde doble) bestela balia zitekeela. Edukietan sartu gabe, Ara edo Deia-ren lehen orrialdeko infografia, El Paisen infografia batzuk eta abar ideia onak izan zitezkeen. Kronologiak ere beste modu batera aurkeztea ez litzateke txarra. Biharamunean ateratzen den egunkari batek gertakaria ulertzeko giltzak eman behar ditu, orrialde pedagogikoak egin behar ditu, ikusteko eta irakurtzeko atsegina den zerbait eskainiz (papera internetetik desberdintzeko alde estetikoa inoiz baino gehiago landu behar delako eta orri dobleek eskaintzen duten espazioa horren arabera landu behar baita).

Estetikaz aparte, erreakzioen morrontzatik ateratzeko beste bide batzuk: elkarrizketak, presoen senideekin erreportaje bat, 1998ko, 2006ko eta atzoko agirien arteko konparaketa egiten duen infografia handi pedagogiko eta argigarri bat…

5 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 5
    hair extensions for sale

    Oh yea the amazing benefits! a fantastic write-up person. Appreciate it Nevertheless I will be going through concern together with 3rd there¡¯s r rss. Don¡¯t realize the reason Struggle to sign up to that. Perhaps there is anybody receiving identical rss dilemma? Anybody exactly who understands generously answer. Thnkx

+ Iruzkin bat laga