Beti berandu?


Eusko Jaurlaritzak,2007an, 175/2007 dekretuan “Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna” curriculumeko oinarrizko 7 gaitasunetako bat izendatu zuen. Logikoa eta funtsezkoa egungo mundu digitalizatu honetako partaide izateko. Izan ere,  Sarea ezagutu eta erabiltzen jakitea ezinbestekoa da. Hala ere, teknologiaren eta honen erabileraren inguruko ezagutzari dagokionez, badirudi gaur egun oraindik ere oztopoak ditugula bertan murgiltzeko, eta  ondorioz iraultza teknologiko horretatik at geratzeko. Hori dela eta, web 2.0 kontzeptua sortu baino 7 urte beranduago, eskola 2.0 martxan jarri behar izan dugu. Digitalizazio horrek eskaintzen digun filosofia horretara egokitzen ari garen bitartean,  AEBetako hainbat eskola eta unibertsitateko ikaslek IPADa dute beraien eguneroko lan/ikas tresnatzat.

Albiste ona da bestalde, EAEn teknologikoki gero eta hornidura hobeagoa eta Interneterako sarbide handiagoa dugula; web 2.0n murgiltzeko ezinbestekoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko, Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamentuak urtero argitaratzen duen Gipuzkoa Informazioaren Gizartean 2010 txostenean adibidez, 2009an Gipuzkoan 15 urtetik gorako Internet erabiltzaileak biztanleriaren % 51,7 besterik ez direla adierazten du. Bestalde,  ikasleriaren %97 Interneteko erabiltzaile ere badela  baieztatzen du.

Datu hori, HEZIKOMek, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) ikertaldeak, bertako hiru graduetako ikasleen konpetentzia digitalen inguruan egindako diagnosian, hauen Interneteko sarbideari buruz lortutako emaitzekin konparatuz gero oso antzekoa da.

Hala ere, eta web 2.0 maneiatu nahian buru-belarri gabiltzala, hezkuntzaren erregina den Finlandiak aldarrikatu duen bideo produkzioaren bidezko hezkuntza ez dakigu zertan datzan. Eta web 3.0 delako filosofia ere, munduan hedatzen hasia da. Horrez gain, bideojokoek hezkuntzan izan dezaketen eragina eta ekar dezaketen abantailaren lehenengo arrastoak ere iritsi zaizkigu. Guztiak teknologia berriak, baina euren filosofia eta hezkuntzan izan ditzaketen erabilerak eta onurak kolore anitzetakoak dira.

Izan ere, eta bideojokoetan oinarrituta, gero eta ikerketa gehiagok hauek hezkuntzan izan ditzaketen onurak agerian uzten dituzte. Azken aste hauetan adibidez Jose Inazio Imaz Doktoreak bideojokoak mundu errealeko nahiz bestelako materiak ikasteko lagungarriak direla ondorioztatu du, hala nola gizarte trebetasunak garatzeko eta digitalki alfabetizatzeko.

Eduardo Punsetek gainera, argitaratu berri den “Naraba World” bideojoko hezitzaileen kaleratzearen harira, bideojokoak gazteen arreta bereganatu eta komunikazioa areagotzen duten lengoaia berria dela  adierazi du. Horrez gain, ikaskuntza emozionala eta soziala ahalbidetzen dutela ere adierazi du. Karl Roylek, University of Wolverhamptoneko Centre for Developmental and Applied Research in Educationeko (CeDARE) irakasleak, beste gauza batzuen artean bideojokoek pentsatzen ikasten laguntzen dutela ere adierazi du.

Hau guztia ikusita nire galdera hau da: 7 urtera emango al diogu bideojokoek hezkuntzan (diruditen)  merezi duten atentzioa? Eta web 3.0ri? Eta bideo ekoizpenari?

Badirudi baietz. 2008an Japoniako Joshi Gakuen all-girl junior high schoolen  Nintendo DS bideo-kontsola eramangarriaren bitartez ingelesa ikasteko froga pilotua egin zen. 2010ean Nintendok helburutzat ezarri zuen tramankulua hezkuntza etapa gehienetako ikastetxeetan zabaltzea.

Bitartean, HUHEZIn egindako ikerketako 2010/2011 ikasturteko datuetan, bertako gizonezkoen ikasleriaren bideojokoetarako norbanako sarbidea %62,7 da. Emakumezkoena, %19,4koa.

Beti berandu?

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga