Filmatutako tesien zurrunbiloan


Doktoretza tesi bat abiatzeak amildegi batera burua ateratzea bezalako sentsazioak ekar diezazkioke bide horretan hasi behar den gehiengoari. Erantzunik gabeko galderak, bata bestearen ondoren hasten dira dantzan: zein gairi helduko diot? Gai izango ahal naiz bost urteko bidaia honetan gaiari ganoraz aurre egiteko? Gai aproposa hautatu ahal izan dut ikerketa interesgarria egiteko?

Amildegi horren inguruan nago oraintxe bertan, bidaiatzeko maletak prestatzen. Eta nire bizitza hareago konplikatzeko tesi praktikoa egitea erabaki dut. Hau da, ohikoa den idatzizko tesia egin ordez, emaitza bezala film dokumental bat izango duen tesia osatzea. Filmatutako tesia.

Era honetako tesiak oso urriak dira gurean, urriegiak esango nuke. Tesi praktikoa egiteko ideia piztu zaidanean, nire ikerketa gaiarekin hasi aurretik tesi praktikoen inguruko ikerketa abiatu behar izan dut. Ikerketa bat beste ikerketa baten barruan, matriuska panpina errusiarren modura. Posible ahal da tesi praktikoa egitea? Zein ezaugarri bete behar ditu film batek tesi bezala onartua izan dadin? Gertuko esperientzia edo adibiderik ahal dago?

Galdera hauen lehen erantzuna Bilboko Zinebi jaialdiaren azken ediziora gonbidatutako Scottish Documentary Institute-ko arduradun baten ahotik jaso nuen. Edinburgoko Unibertsitatean dagoen dokumentalgintzaren inguruko ikerketa eta praktika uztartzen dituen fakultatean, tesi bezala onartzen diren dokumentalak egiten omen dira. Hauen artean, 2009an ekoiztutako “The edge of dreaming” dokumentala. Jarraian ikusi daiteke film honen trailerra:

Eskoziarren bidez jakin nuen Ingalaterra dela ikerketa praktikoaren lurralde ezezagunean tradizio handiena duena. Eta hortik beste arrasto batera: Ingalaterrako hainbat unibertsitateen artean sortutako sare batean biltzen da ikus-entzunezko ikerketa praktikoaren aldeko hainbat eragile, AVPhD izenpean (Audiovisual PhD: Ikus-entzunezko Doktoretza). Azken hauen bitartez jakin nuen pasa den asteburuan Londreseko Westminster Unibertsitateak antolatutako ¡¡¡Documentary Now!!! jardunaldien berri.

Filmatutako tesi baten aurkezpena ¡¡¡Documentary Now!!! Jardunaldietan.

Dokumentalgintza garaikidearen testuinguru eta aukeren inguruko konferentzia saio hauetako bat, dokumental formatuko tesien aurkezpenei eskaini behar ziotela ikusi nuen egitarauan. Maletak eginda neuzkan eta bertara joan nintzen nire galderen erantzuna jasoko nuelakoan. Baina galdera konplexuek erantzun sinplerik izan ezin dutenez, jarraian konferentzian jasotakoa laburbiltzen saiatuko naiz.

Ikerketa praktikoan tradizio handiena, zinema etnografiko eta antropologikoan dago. Era berean, dantza, antzerki eta arte ederren esparruetan. Ikus-entzunezko tesi bat aurrera eraman ahal izateko, lagungarria izan daiteke zine eskola eta arte ederren eskolen arteko kolaborazioa. Nahiz eta Ingalaterran aitzindariak izan, arautu gabeko saltsa da ikerketa praktikoarena. Estandarrik ez dago. Etsipenerako arrazoi bezala hartzen dute batzuk egoera kaotiko hau, baina aldi berean dena egiteke dagoenaren alderdi optimista sumatzen diote beste askok. Azken hauen artean dago, Londresko konferentzian ezagutu nuen Alisa Lebow irakasle eta filmatutako tesien zuzendaria. Ikus-entzunezko ikerketa praktikoaren inguruko bere esperientzia eta informazio oso baliagarria aurkitu daiteke, Alisa Lebow-k Journal of Media Practice aldizkarian argitaratutako “Supervising in the dark” artikuluan; itsasargi bat ikus-entzunezko ikerketa praktikoaren gauean. Konferentzian jaso nuen beste ikuspegi baikorren artean, tesi praktiko baten emaitza izan daitekeen film batek izan dezakeen oihartzunean dago. 400 orrialdeko tesi batek baino hedapen eta eragin zabalago eta handiagoa izan dezake gaur egun film batek, idatzizko tesi batekin alderatuz. Horren adierazgarri dira gure Ikus-entzunezko Graduko ikasleek egiten dituzten Karrera Amaierako Proiektuak (KAP); gero eta ohikoagoak dira KAP praktikoak.

Gertuko beste adibideen artean, Iban Ayestaren “Pedra, peixe, rio: Itamatatiua” film antropologikoa aipatu behar da. Bartzelonako unibertsitateetan ere, dokumentalgintza garaikidearen beste gune dinamikoenetarikoa den hirian, ikus-entzunezko tesi praktikoen inguruko eztabaida piztu da. Inork beste adibideen berri edo argibiderik balu, eskertuko nioke nirekin harremanetan jartzea.

¡¡¡Documentary now!!! konferentzian aurkeztu duten ponentzia baten izenburuak dioen bezala, I film, therefore I am. Filmatzen dut, beraz banaiz.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga