Nola ebaluatzen dute Interneteko informazioa unibertsitate-ikasleek?


Gaur egun Interneteko informazioa era konpetentean kudeatzeko ezinbestekoa da informazio hori era kritikoan ebaluatzea eta hautatzea. Eta unibertsitate-ikasleei dagokienez, informazioa eta bere iturriak era egokian ez ebaluatzeak eragin negatiboa izan dezake beraien ikaste-prozesuan (Walraven, Brand-Gruwel, Boshuizen, 2009).

Interneteko informazio askoren ezaugarrietako bat da publikatu baino lehen ez duela bere fidagarritasuna, zorroztasuna eta kalitatea ebaluatzeko prozesurik izan, hau da, zuzenean publikatu dela sarean. Hau horrela da kasu askotan orain arte informazioa ebaluatzeko erabilitako sistemak eta estandarrak ez direlako aplikagarriak edo ezin direlako erabili Interneteko ingurunean (Fogg, et al., 2003).

Eta zein dira informazioaren fidagarritasuna ziurtatzeko erabiltzen diren estandar tradizionalak? Batez ere, edizioarekin erlazionatutakoak, adibidez, dokumentua izen oneko argitaletxe edo erakunde baten bidez editatua izatea, edo maila berekoen errebisio-prozesua (peer-review) duten aldizkarietan publikatua izatea.

Baina sistema hau kasu gehienetan ezin da aplikatu Interneten, eta, ondorioz, norbanakoak etengabe ebaluatu behar izaten du bere kabuz Interneten topatzen duen informazioa, informazio hori bilatzen ari den bitartean. Internetek eraldaketa handia ekarri du informazioa zabaldu eta publikatzeko dinamikan eta gaur egun informazioa sarean auto-publikatzea oso erraza eta azkarra da: informazioa publikatzeko aukerak biderkatu egin dira, publikatzeko dauden tresna eta baliabideak gero eta garatuagoak dira, eta publikazio-euskarriak ere asko sinplifikatu dira, bereziki irudiei eta ikus-entzunezko formatuei dagokienez.

Gainera, informazioaren denbora- eta espazio-dimentsioak ere aldatu egin dira: berehala publikatzen eta zabaltzen da informazioa, klik batean esango genuke, eta, era berean, berehala alda daitezke bai informazioa bera, baita formatua, eta baita informazioa kokatua dagoeneko zerbitzaria ere (Metzger; Flanagin, 2008). Honen ondorioz ikasleek ageriko zailtasunak dituzte bilatzen duten informazioa ebaluatzen eta aukeratzen (Walraven, Brand-Gruwel, Boshuizen, 2009; Kiili, Laurinen, Martinen, 2008).

Honek guztiak ezinbesteko bihurtu du informazioaren sinesgarritasuna eta fidagarritasuna etengabe ebaluatzen aritu behar izatea, informazio sinesgarria eskuratu nahi bada behintzat. Eta zer da informazio sinesgarria? Sinesgarritasunaren kontzeptuan Fogg et al.-ek (2003) bi plano bereizten dituzte, fidagarritasuna eta maisutasuna:

Credible information is believable information….People perceive credibility by evaluating multiple dimensions simultaneously. In general, these dimensions can be categorized into two key components: trustworthiness and expertise. The trustworthiness component refers to the goodness or morality of the sources and can be described with terms such as well intentioned, truthful, or unbiased. The expertise component refers to perceived knowledge of the source and can be described with terms such as knowledgeable, reputable, or competent. People combine assessments of both trustworthiness and expertise to arrive at a final credibility perception” (Fogg et al., 2003:9)

Ikasleek informazioa nola bilatzen duten ezagutzeko egin diren ikerketak ugariak izan diren arren, Interneteko informazioa nola ebaluatzen duten ezagutzeko egin direnak urriak izan dira, ikerketa gutxi egin da zentzu honetan (Mason, Blodrin & Ariasi, 2010).

Metzger, Flanagin eta Zwarun-ek (2003) egindako ikerketan ondorioztatu zuten ikasleek Interneten topatutako informazioa bakarrik erabiltzeko joera dutela; ondorio berdintsuetara heldu dira beste hainbat ikerketetan (Fitzgerald, 1999; Brem & Boyes, 2000; Fuentes Agusti, 2006; Benitez de Vendrell, 2007; Calkins & Kelley, 2007; British Library & JICS, 2008); baina ikasleek ez dutela uste Interneteko informazioa fidagarriagoa denik euskarri tradizionaletakoa baino. Metzger, Flanagin eta Zwarun-ek (2003) aipatzen dute ikasleek ez dituztela estrategia berezirik martxan jartzen Interneteko informazioa ebaluatzeko, eta ikasleak interesatuago daudela Internetek eskaintzen duen informazio kantitateaz informazio horren kalitateaz baino. Antzerako ondorioetara heldu dira beste ikerketa batzuetan (Davis, 2003; Pew Internet & American life project, 2005; Kiili, Laurinen & Martinen, 2008) .

Kiili, Laurinen eta Martinen-ek (2008) ondorioztatu zuten ikasleek informazioa ebaluatzeko joera txikia dutela, baina, informazioa ebaluatzen dutenean, batez ere egileari edo publikatzaileari erreparatzen diotela. Informazioa ebaluatzerakoan ikasleen bost perfil zeudela ere ondorioztatu zuten: ebaluatzaile malgua, egokitasuna bilatzen duen ebaluatzailea, ebaluatzaile mugatua, nahastutako irakurlea eta sen kritikorik gabeko irakurlea. Sundin eta Franckek (2009) ikasleek informazio-iturri ezberdinak kontrastatzen dituzten ebidentziak jaso zituzten, eta badirudi kontrasterako joera hau agertzen dela batez ere bilatzen ari diren gaiaren inguruan aurre-ezagutza gutxi dutenean.
Fogg, et al.-ek (2003), eta, Flanagin eta Metzgerek (2007) ondorioztatu zuten webguneen itxurak eta diseinuak ere eragin nabaria duela Interneteko informazioa ebaluatzeko prozesuan. Iding, Crosby, Auernheimer eta Klemm-en (2009) ustez, informazio-beharrak ere badu eragina informazioa ebaluatzeko prozesuan. Izan ere, informazioa ebaluatzerakoan, ikasleek asko erreparatzen diote informazio hori beraiek duten informazio-beharrarekin bat datorren edo ez (information focus).

Informazioa ebaluatzerakoan jeneroak duen eragina aztertu zuten Metzger eta Flanagin-ek (2000). Gizonezkoek emakumezkoek baino joera gehiago omen dute Interneteko orri pertsonalak sinesgarriago direla usteko. Ikerlari hauek 2007. urtean egindako beste ikerketa batean ondorioztatu zuten ikasleek bereziki sinesten dutela Interneteko komunikabideetako informazioa (Flanagin eta Metzger, 2007).
Informazioa nola ebaluatzen den neurtzeko tresnen inguruan ere publikatu dira ikerketak, adibidez Snow-en (2008) lana. Ikerketa honetan balioztatu zuen ISkills (ETS, 2008) informazio-konpetentziak neurtzeko tresnan agertzen den informazioa ebaluatzeko itemen atala.

Bibliografia
Benitez de Vendrell, B. (2007). Las conductas de búsqueda de información en la web. Una mirada humanística y social. [Doktorego-tesia]. Granada: Universidad de Granada.

Brem, S. K:; Boyes, A. J. (2000). Using critical thinking to conduct effective searches of online resources. Practical Assessment, Research, and Evaluation, 7(7). http://pareonline.net/getvn.asp?v=7&n=7

British Library; JICS (2008). Information behaviour of the researcher of the future. [Ikerketa-txostena]. www.bl.uk/news/pdf/googlegen.pdf
Calkins, S.; Kelley, M. (2007). Evaluating Internet and Scholarly Sources across the Disciplines: Two Case Studies. College Teaching, v55 n4 p151-156

Davis, P. (2003). Effect of the Web on undergraduate citation behaviour: Guiding student scholarship in a networked age. Libraries and Academic 3(1), 41-51.

ETS [Education Testing Service] (2008).  iSkills: Information and Communication Technology Literacy Test. www.ets.org/iskills
Fitzgerald, M. A. (1999). Evaluating information: An information literacy challenge. School Library Media Research, 2.

Flanagin, A.; Metzger, M. (2007). The role of site features, user atributes, and information verification behaviors on the perceived credibility of web-based information. New media society 9(2), 319-342.

Fogg, B. J.; Soohoo, C.; Danielson, D. R.; Marable, L.; Stanford, J.;Tauber, E. R. (2003). How do users evaluate the credibility of Web sites? A study with over 2,500 participants. Paper presented at the ACM conference on Designing for User Experiences, San Francisco, CA.

Fuentes Agusti, M. (2006). Estratègies de cerca i selecció d’informació a internet. Anàlisis de les modalitats de cerca i selecció d’informació a Internet dels estudiants de quart curs d’educació secundària obligatòria. [Doktorego-tesia]. Barcelona: Universitat Autonoma de Barcelona.

Iding, M.; Crosby, M.; Auernheimer, B.; Klemm, E. (2009). Web site credibility: Why do people believe what they believe? Instructional Science 37 (1), 43-63  http://www.springerlink.com/content/1q4826801775ntq8/

Kiili, C.; Laurinen, L.; Martinen, M. (2008). Students Evaluating Internet Sources: From Versatile Evaluators to Uncritical Readers. Journal of Educational Computing Research, v39 n1 p75-95

Mason, L.; Boldrin, A.; Ariasi, N. (2010). Searching the Web to learn about a controversial topic: Are students epistemically active? Metacognition and learning 5 (1), 67-90. http://www.springerlink.com/content/b235514853244106/

Metzger, M.; Mlanagin, A.; Zwarun, L. (2003). College student web use, perceptions of information credibility, and verification behavior. Computers & Education, 41(3), 271-290.

Metzger, M.; Flanagin, A. (Eds.) (2008).  Digital media, youth and credibility. Cambridge, MA: MIT Press.

Pew Internet & American Life Project (2005). Search engine users: Internet searchers are confident, satisfied and trusting – but they are also unaware and naïve. [Ikerketa-txostena]. http://www.pewinternet.org/PPF/r/146/report_display.asp

Snow, E. (2008). Can college students evaluate information sources? Validating a web-based assessment of evaluation skills. [Doktorego-tesia].  AEB: University of Oregon.

Walraven, A.; Brand-Gruwel, S.; Boshuizen, H. (2009) How students evaluate information and sources when searching the World Wide Web for information. Computers & Education, 52 (1). pp. 234-246. http://doc.utwente.nl/60704/

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga