Telebistaren arriskuak


Michel Desmurget, neurozientzietako doktoreak liburu bat argitaratu du, TV LOBOTOMIE – La vérité scientifique sur les effets de la télévision (TB lobotomia, egi zientifikoa telebistaren eraginei buruz). Asteazken honetan entzun dut idazle honen elkarrizketa France Inter irratian, eta interesgarria iruditu zait HUHEZIko ikasle eta irakasleontzat, ikus-entzunezkoa eta heziketa hunkitzen dituen gaia delako.

Telebista gehiegi eta goizegi begiratzearen kalteak aipatzen ditu liburu horretan, egindako esperientzia edo ikerketa zientifikoetan oinarrituz. Haurrek gutxienez hiru urte bete arte eta ahal bada bost urte bete arte telebista ez ikusteko aholkua ematen du. Telebistaren aurrean denbora gehiegi pasatzeak ondorio larriak ditu haurren garapenean, ikasteko prozesuan bereziki. Halaber, telebistaren aurrean denbora gehiegi pasatzen duten haurren hiztegia eta hizkera pobreagoak direla dio, hizkuntza ez delako transmisio naturalean bezain ongi ikasten.

Adibide batzuk eman ditu: bi urteko haur batek egunero ordu bat pasatzen badu telebista aurrean, haziko denean arreta arazoak edukitzeko aukerak bikoiztuko zaizkio. Arreta arazoarekin batera ikasteko arazoak. Nerabezaroan telebista gutxiago ikusirik, zenbait eragin txar konpon daitezke, baina arreta galtzearena ez.

Telebistaren aurrean denbora asko pasatzea eta gizena izatea ere askotan loturik daudela dio. Ez bakarrik ariketa fisiko faltagatik. Telebistaren aurrean gehiago jateko joera dauka jendeak, eta gainera, bestela jango ez genituzkeen eta gure gorputzarentzat kaltegarriak diren janariak dira jaten direnak: azukre asko dutenak, koipea dutenak. Janari horiek konturatu gabe irensten ditugu burua telebistan daukagunean: telebistan Coca Colaren irudi bat agertzen bada, oharkabean Coca Cola edateko gogoa sartzen zaigu, eta edango dugu. Telebista aurrean pizza jaten badugu, mahaian eserita jango genukeen baino gehiago jaten dugu. Eta telebista itzali eta gero ere, ohi baino goizago afalduko dugu, eta berdin-berdin jango dugu.

Geldirik egotekotan, hobe dela liburu bat irakurtzea, liburu bat irakurtzean telebistari begira baino kaloria gehiago erretzen dela dio.

Kazetariak galdetu zion ea telebista ikusteak ez daukan onurarik, mundura zabaltzeko, adibidez. Eta horretan ere ezetz erran zuen: erakusten diren irudiak, dokumentalak eta abar ez direla errealak, ez dutela errealitatea islatzen. Adibidez, haur batek animaliei buruzko dokumentalak ikusten baditu, gero oihanera ateratzen bada, alde guztietatik lehoiak eta horrelako animaliak aterako direlako beldurra omen du. Haurrentzako programa bereziak eta marrazki bizidunak ere kritikatu ditu, zabaltzen dituzten balioak direla-eta.
Telebistak haurren eta gazteen mentalitatean ukan dezakeen eragina ere aipatu du. Uste izan dezakete gizarte bortitz batean bizi direla, eta telebistan ikusten duten bortizkeria errepikatzeko joera edo, gutxienez, portaera arazoak eragin ditzake. Edo, maitasun istorioak zenbait film edo serie arinetan bezalakoak direla pentsa dezakete, beren kalterako.

Helduen artean ere baditu ondorioak, telebistari begira egoteak, eta ordu gehiegi pasatzeak bihotzekoak jota hiltzeko arriskua handitzen omen du.
Oro har, ondorioak baditu pertsonen garapen intelektualean, eskolako emaitzetan, hizkeraren aberastasunean, arretan, irudimenenean, sorkuntzan, bortizkerian, loan, tabako kontsumoan, alkoholismoan, sexualitatean, gorputzaren irudian, elikaduran eta bizi itxaropenean.

Pentsatzen dut liburuak ez duela aipatzen telebistak hizkuntza gutxituen baitan daukan ondorioa. Baina Euskal Herrian badakigu telebistak zer kalte eragin diezaiokeen euskarari.

2 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga