Bi gogoeta eta film bat


Aitor Arregi lankideak aurrekoan zabaldu zuen bideari heldu, eta bi adierazpen eta gomendio batekin natorkizue neu ere. Hirurek unibertsitate mundua dute hizpide, eta azkenaldian izan ditudan kezken inguruan dihardute: unibertsitate eredua, balioen transmisioa, ikerketaren mundua… Ekarpen (edo atzerapen) ilustratu eta antigoaleko bat baino ez da, egia esan; barrua husteko ahalegin temosoa, besterik ez.

Gogoeta biak Kataluniatik datoz. Lehena, Pompeu Fabra Unibertsitateko katedradun Rafael Argullol-ek idatzitako artikulu batetik lapurtu dut. Unibertsitateak azken urteotan hartu duen norabide utilitarista salatzen du bertan, erakundean gertatu den balio ilustratuen galera. Hala dio paragrafo batean, unibertsitateko ikasleei buruz: “Kumeak mugatzen baldin badira nagusiek helarazi dietena era probokatzailean eszenaratzera, eta haiek, novorriquismo-aren eta diruzalekeriaren aldarearen aurrean belaunikatuta, aldarrikatu badute garrantzizkoena baliagarritasuna dela, eta ez egia, zergatik lehenetsi behar dute ikasleek ezaguera (bide luze eta konplexua dena), bat-bateko jabetzaren utilitarismoaren aurrean? Giro antiilustratuak menderatzen du gure garaia, foro publiko eta, bereziki, politikoetan nabari daitekeen modura; eta miraria litzateke, uste izatea ikasleen belaunaldia libre egongo dela kutsadura horretatik. Ez ongia, ez egia, ez edertasuna, zaharkin ilustratuak hirurak ere, baizik eta, soil-soilik, erabilera: norberak inguruan duena baliatzea da bizitza”.

Bigarren gogoeta, berriz, Angel Quintana Gironako Unibertsitateko doktorearen artikulu batetik atera dut. Unibertsitateetan nagusitzen ari den ikerketa molde hertsia kritikatzen du testuan. Hona, paragrafo bat: “Foucaultek ez zuen argitaratu artikulurik aldizkari zientifiko indexatuetan. Kontua paradigmatikoa iruditzen zait, erakusten baitu nola idolatratu duen unibertsitateak ikerketaren kontzeptua, harik eta fenomeno itxi bihurtu duen arte, sistema burokratiko antzu baten barruan; gainera, krisian jarri du oso aspalditik unibertsitatearen helburua izan den kontzeptu bat: jakintza zabaltzea. Gaur egun, ezaguera zabaltzen duena pertsona arraroa da unibertsitate eremuan. Irakaskuntzaren munduan, klase magistralak iraganeko arkeologia gisa jotzen dira, eta hedabide ez akademikoetan argitaratutako zabalkunde artikuluak, berriz, denbora galtze modura ikusten ditu komunitate zientifikoak (…) Ezagueraren zabalkundea ezin da soilik ikerketaren bidez egin; egin daiteke, halaber, gizartean presente egoteko borondate argia duten pentsamendu ariketen bitartez ere”.

Eta bi gogoeta horiek biltzeko, hona gomendio zinematografikoa: David Fincher-en The Social Network film interesgarria. Hortxe dago, ezin egokiago, unibertsitate munduak hitzetik hortzera darabilen zorioneko bikaintasunaren isla. Eta hortxe, bikaintasun horrek, era batera edo bestera, eragiten dituen ikono berriak, arrazoi instrumentalaren azken idoloak.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu