Auschwitz eta telebista


Blog honetan bertan aipatu duzue dagoeneko ikus-entzunezkoek eta teknologia berriek gaur egun duten indarra eta gazteen artean lortzen duten begirune eta mirespena. Telebistaren papera ere ezinbestekoa da erabilera horiek gazteengan sortzen duten harridura aztertzeko eta aldi berean, profesionalongan sortzen duen nahasmena ulertzen saiatzeko.

Egin beharreko gogoeta hauxe litzateke. Ikus-entzunezkoen garaian gauden honetan, posible ahal da genero bereizketa? Edo beste modu batera esanda,  interesatzen al da genero bereizketa? Kazetaritza fakultateetan genero bereizketa garbia egiteko parametroak ematen dituzte, hala nola kronika eta erreportajearen artean, edo-eta albistea eta iritziaren artean. Baina Ikus-entzunezkoen ikasleei (edo gure ikasleei) gero eta aldrebesagoa egiten zaie dokudrama eta erreportajearen artean bereiztea edo-eta dokumentalaren eta erreportajearen artean bereiztea. Eta gainera, komunikabideak axolagabeki ari dira lanean, eta inolako lotsarik gabe ondorioztatzen dute ikus-entzunezko hori erreportajea dela, jarraian (eta zuzenean) dokumental bat edo reallity bat dela ondorioztatzeko. Hainbat adibide jar ditzaket: La Sexta 3k docureality-en aldeko apustua egin behar du, eta egunkari askotako titularretan (Noticias taldekoetan kasu) erreportajeak direla adierazi dute. Espazio kontua ote edo publikoaren eta kazetariaren ezgaitasuna generoak desberdintzeko?

Adornok Auschwitz-ekoa gertatu eta gero kulturaren patua murritza zela esan zuenean, telebistaren fenomenoa ere aztertzen saiatu zen.  Telebista eta kultur masak jorratu zituen, eta publikoak generoen beharra  (‘tipo’ hitza erabili zuen) zuela esan zuen bere nahiak asebetetze aldera. Oraingo garai posmodernoetan, non posterrealitatearen eta postfikzioaren mugak nahastu eta berrelikatzen diren, zinearen etorkizuna nabarmenago aztertzen ari dela iruditzen zait, baina hipertelebistaren garaian (realitien ondorengo testuingurua), ikus-entzunezko generoak nekez bihurtu dira aztergai.

Ikasleei begira, eta gaur egungo telebistaren dinamika ikusita, non hibridazio saiakera guztiak ongi etorriak diren, zaila egiten da genero bereizketa hori argiro adieraztea. Callejeros-ekin hezi eta elikatu diren gazte hauentzako, erreportajeak horiexek dira, eta Informe Semanal paleotelebistaren arkeologia. Hala eta guztiz ere, irakasleok saiatu egin beharko ginateke nahasmen estruktural horretan argiak eta irudimentsuak izaten. Helduko da sasoia non informazioaren tratamenduak kalitatezko erreferenteak beharko dituen (TVEren kasua, eta hein batean, EiTB) gainontzekoen genero hibridazioen aurrean. Gaur egun edonor kazetari egin daitekeen ustea (kazetaritza sena unibertsala izango balitz bezala) zabaldu den moduan, edonork du bere erreportajeari dokumentala deitzeko ahalmena, sasiprestigio baten izenean.

Oharra: Jakin badakit titularra bera engainosoa dela, baina Roberto Uribeetxeberriak berak aitortu zigun blog korporatiboen eskola batzuetan, bost segundu dedikatzen genizkiola blog bat gainbegiratzeari. Irakasleon artean estatitiskarik ez dagoenez, titular deigarri bat erabiltzea erabaki dut.

3 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga