Egile eskubideak


Egile eskubideen gaiak erpin asko ditu, eta norbere kokapenaren arabera (obraren egilea edo kontsumitzailea…) oso hausnarketa desberdina egiten da.  Sortzaile hasi berriak obrarekiko harreman estua du eta obra doan hedatzea ez zaio axola, hedapen azkarra interesatzen zaiolako. Jabetza Intelektualeko legearen mantupean ez du sartu nahi. Eragozpenik gabeko hedapen librea komeni zaio, irabazi ekonomikoen gainetik.

Sormenetik bizi denaren kasuan, gehienetan, obrarekiko harremana ez da horren estua. Delegatu ditu (delegatzera derrigortu dute), hainbat ahalmen kudeaketa entitateetan (SGAE, Cedro…), hauek bere ordez jokatu dezaten. Egile eskubideek bere baitan dituzten ondare eskubideak (erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko eta eraldaketa eskubideak) saldu ditu sortzaileak. Eskubide hauek saltzetik bizi da edo bizi gura du egileak, eta ezinbestekoa du Jabetza Intelektualeko Legearen babesa eta entitate bitartekarien kolaborazioa.

Jabetza Intelektualeko legearen oinarrian dagoen helburua da egileek sormenetik duin bizitzeko aukera bermatzea. Legeak horretarako egilearen erabaki ahalmena mugatzen du eta finkatzen du zein diren eskualdatu daitezkeen eta eskualdatu ezin diren eskubideak. Bestetik, sistemak berak beharrezko ditu entitate bitartekariak eta hauek egileen izenean hartu dituzte hainbat eskuduntza eta lortzen dituzte onura ekonomiko oso altuak.

Kulturaren hedapen librea da beste muturrean dagoen eskabidea. Obra modu askean hobetu eta hedatzeak dituen abantailak azpimarratzen dituzte hauek, aukera ekonomikorik ez duenak ere, obraz gozatzeko aukera izango luke honela. Oso eskaera justua ezpairik gabe.

Badira, hala ere, plano diskurtsiboan bigarren jarrera defendatu eta praktikan, obra, Copyright-arekin babesten dutenak. Sarritan, ez datoz bat, politikoki defendatu beharrekoa eta norbere jokaera.

Oreka zaileko auzia da edonola ere, eta beste behin ere, agerian geratzen da, Espaniar legedia ez doala aurrerapen tekonologikoen eta gizartearen eskaeren parean.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu