Arte iheskorra


Historiaurrean artea ezagutzen zutela badakigu, ez soilik haitzuloetan marrazkiak egiten zituztelako, baita hezurra, harria edo egurra lantzen zutelako ere. Orduan, objektuek berezkoa zuten balio arrunta kualitate eta kategoria nagusiago batez janztea jotzen zuten artetzat.

Artearen definizioa zein den ehun pertsonari galdetuta, ehun erantzun ezberdin jasoko ditugu. Sarritan nekatu eta galdu egin da gizakia definizioetan, agian definiezinak gertatzen diren kontzeptuekin; artea horietako bat izan daiteke.

Azken hilabeteotan, arte ikasgaian, kontzeptu honen inguruan ibili gara bueltaka. Tamalez, edo zorionez, artelan guztiak biltzen dituen definiziorik lortzea ezinezkoa egin zaigu. Ez gara ados jarri, bakoitzak, tematsu, gure definizioa egiazkotzat baikenuen.

Lev Tolstoi idazlearen galdera gurera ekarri dugu: “Ba ote da edertasuna definitzeko modu objektiborik?”. Tolstoiren ustetan, artearen definizio guztiak beti bat datoz, modu batera edo bestera, edertasuna artearen helburutzat hartzen baitute; hau da, benetako artelana ikuslearengan sortzen duen plazerarekin eta zirrararekin neurtzen da. Baina hori ez zuen, ordea, definizio seriotzat, baizik eta aurretik aitortuta dagoen artearen justifikazio hutsa bezala. Tolstoik gogor kritikatu zuen jarrera hori: “Benetako artea definitu beharrean eta, ondoren, artelan onak eta txarrak zein diren identifikatu, egun zeharo kontrakoa egiten da, alegia, jendeari gustatzen zaizkion obra multzoa hartu, eta gero guztiak biltzen dituen definizioa asmatzen da lanak justifikatzeko”. Adierazpen horiek XIX. mendekoak dira. Artea eta edertasuna aspaldi banandu zirela badakigu, ez dute zertan bat etorri; oraindik ere zenbaitetan aura erromantiko batek inguratzen dituen arren.

Historian zehar artearen helburuetako bat artelanen iraunkortasuna lortzea izan bada ere, XX. mendeko hainbat autorek gai honi heldu zioten eta artelanaren suntsikortasunaren alde agertu ziren; André Breton, esaterako, arteaz idatzitako hausnarketan. Marcel Duchamp artistak, bestetik, zera esan zuen: “Pintura hil egiten den iritzikoa naiz… Koadroa 40 edo 50 urteren buruan hiltzen da, bere freskotasuna galtzen duenean; eta eskultura ere bai. Nik dudan mania da, eta jendeak onartzen ez duena, baina bost axola dit. Urteekin koadroa hil egiten delakoan nago, margotu duena hiltzen den bezalaxe: ondorengoa artearen historia izango da”.

XX. mende bukaeratik hona ere definizio zaharrak gainditu egin dira, eta iraunkortasuna itsu-itsuan bilatzen ez denez, artea ez da agertzen garai bateko teknikei atxikita, are gehiago, baztertu egiten ditu sarri. Iraunkortasuna xede zuten material eta teknika tradizionalak zalantzan jarri dira, eta horrek ondorioak ekarri ditu ondoren egin den eta egiten den artean, ezinbestez. Egun artelanaren iraunkortasunari uko egiten zaio etengabe, artista askok unea goraipatzen dute, horrela, bizipenek eta uneko transmisioek obra materialaren gainetik ipintzen dute. Badago bere artelanaren zati bat eramatera gonbidatzen gaituenik ere, Felix González-Torres artista, esaterako; kasuotan obra fisikoa betiko desagertzen da.

Gaurko artelan askok, beraz, ez du epe laburrean irauterik. Artearen merkatuaren desagerpena ekar ote lezake horrek guztiak? Sarri, orainaldi esturako soilik egiten diren obretan, une horretako argazkia bera bihurtzen da objektu, lana eternoa bihurtuko duena, baina era berean obraren funtsa eta zentzua zeharo galtzen da. Iraganeko obren fosilak balira bezala, argazkiz josita ikusiko al ditugu etorkizuneko museoak?

Guzti-guztia dokumentatzeko, erregistratzeko, gordetzeko eta artxibatzeko beharra dugun gizarte honetan, iheskortasunerako prest ez gauden susmoa dut.

3 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Spain vs Italy - Watch for free

    Thanks for this glorious article. One more thing to mention is that a lot of digital cameras arrive equipped with any zoom lens that permits more or less of your scene to become included by ‘zooming’ in and out. These types of changes in focus length are usually reflected while in the viewfinder and on significant display screen on the back of any camera.

  2. 3
    Shella Cederberg

    Good day! I could have sworn I’ve visited this blog before but after browsing through some of the posts I realized it’s new to me. Anyhow, I’m definitely pleased I found it and I’ll be book-marking it and checking back often!

+ Iruzkin bat laga