Multimediatik transmediara


Sasoi bakoitzak bere modak eta totem-hitz propioak izan ohi ditu. Komunikazio munduan, Goienakoak aitzindari izan ziren bazterrotan ohiko kazetaritza-moldeak iraultzen eta multimedia kontzeptua gurera ekartzen. Gerora, kanpora eginiko zenbait bidaiatan egiaztatu ahal izan genuen mezu bakarra euskarri askotan egokitzearena (one content, all media) izango zela (edo bazela jada) etorkizun-joera nagusienetako bat, eta aurrerantzean, euskarri bakarrean lan egitera mugatu beharrean, kazetariak bizpahiru euskarritan beharrean jarduteko prestatu beharko genituela (ez alferrik, atzendu antzean geratzen ari da kazetari terminoa bera ere, eta, geroz eta gehiago, komunikatzaile hitza baliatu ohi dugu, azken urteotan komunikazioak ohiko masa-hedabideen zedarri estuak gainditu dituen seinale).

Honek guztiak, bistan denez, enpresa-egituretan ere izan du eraginik: garai bateko kazeta zein hedabide atomizatu samarrek, globalizazioak ekarritako kontzentrazio-haizeek hauspotuta eta multimedia logikari jarraiki, taldeak eratzeari ekin zioten, monolandaketen garaia amaitutzat emanez: Vocentok, berbarako, kazeta batzuk ditu oinarrian, baina ez zaizkio arrotz irratiaren, Sarearen eta TBaren munduak; dibertsifikazio-bide horretatik abiatu dira, era berean, inguruko beste talde batzuk, hala nola EKT, EKHE, Noticias taldea edota EITB bera.

Goiena, esana dugu, aitzindari izan zen bide horretan, eta bazterrotan eginiko ikerketa apurrek erakusten dute bertan beste inon baino aurreratuago dutela komunikatzaileen praktika multimedia hori.

Begi-bistatik kendu behar ez den auzia da, hori bai, ea praktika horrek zelan eragiten dion mezuaren kalitateari, hots, ea ez ote den kostuak murrizteko logika honen guztiaren oinarrian dagoena (hedabide handiak Burtsan kotizatzen hasi zirenetik, geroz eta salgai-tankera handiagoa baitu informazioak: ez du horrenbeste axola esaten denaren nolakotasunak, baldin eta ikusleak, eta, ergo, dirua, eskuratzen badira).

Orain, ordea, desideologizazio-haizeak nagusi izanik (edo, hobeto esan, ideologia jakin baten garaipena ia erabatekoa dela), hedabideetako informazioaren edukia aldatzen ari da: duela hiru bat urte HUHEZIn emaniko hitzaldi batean Vanessa Sánchezek aipatu zuen (artean Teleberriko aurkezle zela) ordura arteko albistegiak oso politizatuta zeudela eta eurek, aldiz, istorioak kontatu gura zituztela. EITBn ez ezik gainerako kate gehienetan ere sumatzen da, argi dago, giza faktorea txertatzeko tema hori, hainbesteraino non garai batean El Caso modukoetan baino argitaratuko ez liratekeen kontuak ikusi ohi ditugun orain albistegietan, ikuspegi eta analisi politikoagoen kaltetan.

Istorioak kontatzea da, beraz, egungo jaidura. Baina istorioak, hori bai, arestian aipaturiko logika multimedian kontatu behar dira, euskarri bat baino gehiago buruan daukagula. Hori da orain moda berria, eta transmedia storytelling deitzen diote. Kontuaz oraindik ezer entzun ez baduzue, trankil, laster erreparatuko diozue-eta, olio-orbana itsasoan nola, halaxe hasi baita zabaltzen gure artean: EITBk eta Tabakalerak, esate baterako, gaiari buruzko jardunaldia eratu zuten oraintsu, eta EHUko komunikazio ikasleek ere proiektu transmediatzat jo dute plazaratu berri duten Kapuko aldizkaria (hitzordu honetan izatekoak gara eta ziur bertan ere hizpide izango dela gaia).

Artikulu honetan transmedia kontakizun on bat egiteko oinarrizko lau aholku topatuko dituzue:

2. Banatu istorioa euskarri ugaritan, betiere gogoan izanik horietako bakoitzak eskaintzen duen zatiak osotasuna aberastuko duela, baina ez dela ezinbesteko izan behar istorio globala ulertzeko.

3. Ez gutxietsi istorioaren jarraitzaileak; aitzitik, sustatu elkarrizketa eurekin eta hartu aintzat haien ekarpenak: garai batean ez bezala, jarraitzaileak ez dira produktuaren hartzaile huts, ez dira istorioaren arrakastaren barometro soil, ezpada istorioaren ko-sortzaile eta funtsezko osagai.

4. Sortu habitat bat zure istorioaren inguruan; helburua ez da soilik istorioa kontatzea, bere inguruan mundu bat osatzea baizik.

Ah, lehenengo aholkua ahaztu dugula? Bai, nahita utzi dugu azkenerako:

1. Istorio sarkor, zirraragarriak asmatu.

EITBko jardunaldian bertan ere mezu hori behin eta berriro entzun genuen Europako hainbat bazterretatik iritsitako adituen ahotik: gakoa, lehen orain bezala, edukiak dira. Azaleko gorabeherak gorabehera, beraz, aurrerantzean ere sormen-gaitasunak giltzarri izaten jarraituko duela, azken batean.

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu
  1. 1
    Idurre

    Kaixo! Artikulu ona, Aitor.

    Dena den, transmediaren gakoa hartzailearen parte hartzea delakoan nago. Hartzailearen parte hartzearekin bere egiten duen produktua lortzea da transmediaren helburua. Era aktiboan parte hartuz proiektua bere egiten ez duen publiko lehialik gabe transmedia produkziorik ez litzake egongo.

    Guzti hau sakonago azaltzen duen bideoa duzue honakoa: http://www.nickdutnik.com/transmedia_tranxmedia

+ Iruzkin bat laga