Egunkarien zenbaki bereziak


Zerk bultzatzen edo bultzatuko gaitu, etorkizunean, goizean kioskotik pasatu eta egunkari bat edo beste erostera? Egunkarien artikuluak edo eduki nagusiak gero eta eskuragarriagoak dira, paperera jo gabe, ordenagailuan edo, oraindik erosoago, iphone, smartphone edo tablet delakoetan. Papera nola lehiatuko zaie euskarri berri horiei?

Egunkarien arazoetariko bat da, tokia okupatzen dutela, eta aste osoko egunkariak etxeko txoko batean metatuz joaten direnean, arazoa sortzen dutela. Alderantziz, gorago aipatu aparatu horiek ez dute tokirik okupatzen, eta euskarri horietan irakur ditzakegu nahi ditugun egunkari guztiak (batzuk doan, beste batzuk ordainduz) edo egunkariek eskaintzen duten artikulu nagusien bilduma bat (doan). Artikulu anitz (gehienak, beharbada) iragankorrak dira, behin irakurri ondoan, paper meta handitzeko baizik ez dute balio, ez ditugu atxikitzen. Beraz, euskarri digitala egokiago eta erosoagoa da. Interes berezia duten artikuluak atxiki nahi baditugu ere, sarean gorde ditzakegu, Diigo, Delicious edo horrelako tresnen bidez. Funtsean, artikulu luze edo labur bat paperean aurkezturik edo euskarri digitalean irakurri, berdintsu da.

Baina zenbait kasutan, papereko egunkariak balio erantsi bat izan dezake, idatzirik gelditzen direnak ez direnean iragankorrak, eta nonbait gordetzeko gogoa dugunean. Gertakari bereziek ematen dute horretarako aukera. Horrelakoak ez dira maiz gertatzen, ordea, baina gertatzen direnean, zukua atera behar zaie. Frantziako Liberation egunkariak aspalditik badaki hori, eta oihartzun handiko albiste bat dagoenean, egunkaria ia osorik horri dedikatzen dio, hala nola zenbaki berezia ateratzen du (eta erdiko gehigarri modura, ohiko zenbakia, gainerako albisteekin). Maiatzaren 3ko edizioa berezia izan zen: 24 orrialde eskaini zizkion Bin Ladenen hilketari, baina, gehien bat analisirako elementuekin, eta etorkizunari begira. Funtsean, azaleko izenburuak berak argi uzten zuen enfokea: “Après Ben Laden” (Bin Laden-en ondotik). Egunkaria erosterako, gure planetak itzuli osoa egina zuen albistea jakin genuenetik, beraz, egunkari gehienek egin zuten “AEBk Bin Laden hil dute” moduko titulua zaharkitua zen. Liberation-ek, ordea, albisteari itzulia eman zion eta hausnarketarako elementuak eskaintzea erabaki zuen. Eta kasu horretan, gure apaletan gorde dezakegun egunkari horietako bat atera zuen.

Edizio berezi horiek, artikuluen sakontasunaz eta osotasunaz gain, beste balio bat ere badute, estetikoagoa: argazki onak bost edo sei zutabera, diseinu ederra eta abar.

Liberationek antzeko zenbaki berezi eta ederrak egiten ditu munduko artista ospetsuak hiltzen direnean, artista horien bizitza eta obra kontatuz, besteak beste. Beste zenbaki berezi batez ere gogoratzen naiz, Belgikako gobernua ezin osatuz ari ziren garai batekoa: Belgikari buruzko zenbaki berezia egin zuten, ohiko sail guztiak (ekonomia, kultura, telebista…) Belgikako ikuspegitik eginak ziren. Gauza bera egin izan dute munduko herrialde batzuetako hauteskunde kanpaina denboran. Zenbaki berezia egiteko beste modu bat: Angulemako komiki azoka denboran, egunkariko ilustrazio guztiak komikigileen esku utzi; edo Parisko Liburu Azokaren hasiera egunean, eguneko artikulu guztiak idazleei eginarazi…
Euskal Herrian halakorik egin daiteke? Nola hartuko lukete, adibidez Berria-ko irakurleek, AEBetako hauteskundeen bezperan, 24 orriko zenbaki berezi bat, eta barnean 24 orriko egunkari ohiko bat? Nahiz eta jakin euskaldunak nahiko kontserbadoreak garela, ez al da lantzea merezi duen ideia bat? Azken urteko gaiei so eginez, zein izan daitezke halako zenbaki bereziak? Eta nola bete?

Egunkaria absolbitu zutenekoa: Berria-k gehigarri bat atera zuen, barneko orrietan sartu zuena. Kasu hartan, hainbesteko garrantzia duen albistea barneko orrietan sartzea, albistea galtzea dela iruditzen zait. Ez al zen hobe Liberation-en eskema erabiltzea?

Egunkaria auziarena, muturreko adibidea da. Baina beste adibide asko egon daitezke, pentsatuz hasiz gero:

  • Xabier Leteren herioa. Mikel Laboa hil zenenean, gehigarria egin zuen Berriak. Zenbaki berezia ere egin zitekeen. Uste dut Xabier Letek ez zuela gutxiago merezi.
  • ETAren su-etena. Iragana azalduz, kronologiak eginez, infografiak, elkarrizketak, aurreko su-eten agiriekiko konparaketak, analisiak eta, batez ere, etorkizunean izan ditzakeen ondorio eta erronkei buruzko erreportajeak eta abar.
  • Bildu-ren legeztatzea. Horrek zailtasun handia zuen, gauerdi arte ezin zelako jakin. Baina beste bide batzuk egon zitezkeen erabakia jakin gabe ere orriak betetzeko, erabakiaren menpe ez ziren enfokeei lehentasuna emanez, eta hauteskunde kanpainaren hasiera ere gaitzat hartuz: orain artekoa xeheki gogoratu, twitterrak egun hartan izan zuen arrakasta eta funtzioa, Bilboko ekitaldiaren kronika, argazki bilduma, analisiak, elkarrizketak, etorkizunerako hipotesiak Bildu legezkoa edo legez kanpokoa izatearen faktoreen arabera, hauteskunde kanpainaren gainerako erronkak, diputazioen gai nagusiak, udal hauteskundeei buruzko hainbat erreportaje eta beste enfoke asko.
  • Txernobil 25 urte. Fukushimakoa eta gero, bazen zer kontatu: Txernobilgoa gogoratu, ondorioak zein izan ziren, Euskal Herriko batzuen bizipenak kontatu, Fukushimakoa gogoratu, Txernobilgoarekin konparatu, Fukushimaren ondorioei buruzko artikulu edo elkarrizketa batzuk, Euskal Herritik hurbil diren zentral nuklearrei buruzko erreportajeak, energia iturriei buruzko eztabaidari lekua eman.
  • Patxi Lopezen kargu hartzea. Nik uste, kargu hartzearen biharamunean orri asko ateratzea baino hobe izan zitekeela, egun hartan bertan egitea gehigarri bat.

Bistan denez, horrelako zenbakiak salbuespenezkoak dira, baina beharbada egunkari gehien saltzen den garaikoak dira, gertakari batzuek informazio egarria areagotzen baitute, eta egunkarietan irrati edo telebistetan agertzen ez den sakontasuna bilatzen baitugu. Horregatik, bereziki ongi landu behar izaten diren aleak dira. Eta hori egiteko gaitasuna izatea ez da hutsetik etortzen, ongi hausnartua eta prestatua izan behar da aitzinetik, eta funtzionamendua, erredakzio taldearen motibazioa eta prestakuntza funtsezkoak dira hori lortu ahal izateko. Ez bakarrik, aurretik aurreikus daitezken gaiekin hori egiteko, baizik eta egunean berean sortzen den gertakari berezi horietatik bat gertatzen denean, bat-bateko moldaketa egiteko ere.

Beste galdera da, gainerako zenbakiak nola egin, paperak euskarri digitalak ez duena eskain dezan. Beste mezu batean sakondu beharko nuke, baina oinarriak mezu honetan agertu gogoetetan dira: sakontasuna, diseinu ederra, argazki ederrak…

2 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 2
    poker dealer

    I’m now not certain the place you are getting your info, but great topic. I must spend some time studying more or understanding more. Thank you for fantastic information I used to be in search of this info for my mission.

+ Iruzkin bat laga