Gutun filmatuak


Mr. Ed Wood preziatua;

Elkar ezagutzen ez dugunez, eskutitz honekin hasteko zerbait adierazi nahi nuke. Betidanik zure pelikulen jarraitzaile amorratua izan naiz. Eta ulertezin bezain onartezina iruditzen zait zinemaren historian egokitu zaizun goitizena; alegia, “munduko zine zuzendari txarrena”. Bidegabekeria honi buelta eman eta zure historia berridazteko asmoarekin proposamen batekin natorkizu: gure artean korrespondentzia filmiko bat abiatzea.

Gonbite hau atrebentzia zentzugabe edo burutazio hutsetik haratago dagoela konbentzitzen saiatuko naiz hurrengo lerrotan.

Eskuz idatzitako postalak eta gutunak desagertzeko zorian dauden garai bihurri hauetan, zine formatu berritzaile batek ustekabean harrapatu nau. Gutun filmatuetaz ari naiz. Antzerako zerbaitekin topo egin nuen lehen aldia, jarraian ikus dezakezun Isabel Coixet-en “Cosas que nunca te dije” filmean izan zen.
Sekuentzia horretan, filmeko protagonistak bere bikote ohiari filmatutako gutunak bidaltzen dizkio, bizi izan duten zoriona berreskuratzeko edo. Baina kasu honetan gutuna jasotzen duenak ez du erantzunik ematen, auskalo zergatik.

Nik proposatzen dizudan korrespondentzia filmiko honetan, bion arteko posta-trukea egon behar da, hau da, batak besteari erantzungo diogu eta erantzunean jasotako azken gutun filmatuaren aipamena egin beharko dugu. Zer iruditzen?

Coixet-en adibideaz gain, gutun filmatuen berri Bartzelonako CCCB entzutetsuan izan nuen 2006an egin zuten “Erice-Kiarostami. Correspondencias” erakusketan. Bertan, Jordi Balló eta Alain Bergala adituek zinegile hauei gutun filmatuen proposamena luzatu zieten. Zinegileek onartu zuten erronka, eta lehen esperientzia honek utzitako zapore onaren eraginez, CCCBkoek proiektuarekin jarraitu dute beste zinegileei proposamen berbera luzatuz. Beti bikoteka, pertsonalki ezagutzen ez diren zinegileek osatutako bikoteak, eta formatu berri honek daukan beste ezaugarri bitxi bat kontuan izanik: gutun hauen errealizazioak egile bakoitzaren intimitatea eta ikuslego zabalago baten kontzientzia biltzen ditu. Hau da, posta-hartzailea eta ikusle potentzialak aldi berean dira gutunen hartzaile. Eskutitz hau ere, printzipioz zuri zuzendutakoa da, baina jakingo duzunez argitaratu egingo da eta edonoren esku geratuko dira gure hitzak.

CCCBko proiektura bueltatuz, hauek izan dira proiektuan parte hartu duten zuzendari tandemak: Víctor Erice eta Abbas Kiarostami, Albert Serra eta Lisandro Alonso, Isaki Lacuesta eta Naomi Kawase, Jaime Rosales eta Wang Bing, Fernando Eimbcke eta So Yong Kim, José Luis Guerín eta Jonas Mekas. Azken hauen gutun filmatu batzuk ikusteko aukera izan nuen otsailean egindako Punto de Vista jaialdi iruñearraren 7. edizioan. Eta formatu berri honekin esperimentatzeko grina piztu zidaten. Ziur nago zu bezalako zinegile “estrabagante” batek ez didala hutsik egingo.

CCCB-ko proiektuak “Todas las cartas” izenburuko erakusketa baten forma hartu du azkenik, eta apirilean inauguratu berri dute Mexikon, aurrerago Bartzelonara eta Madrilera eramateko. Hurrengo bideoan ikus dezakezu erakusketaren aurkezpena.

Hortxe duzu nire proposamena. Nire ustez aukera paregabea izango da zuretzat, gaur egungo teknologi berriek eskaintzen duten bizitasun eta arintasuna frogatzeko, eta zinemaren historian merezi duzun tokia berreskuratzeko. Zure garaian zine kamera pisutsuak eta zeluloidezko parafernalia guztia behar zen zinea egiteko, baina gaur egun poltsikoan sartzen zaizun argazki kamera edo iPhone batekin HD kalitateko bideoa grabatu dezakezu eta etxeko ordenagailuan instalatu daitezkeen editatzeko software erabilerrazei esker askoz errazagoa da zinema egitea. 1948an zure garaikidea izan zen Alexander Astruc teoriko frantsesak “Caméra-stylo” (arkatz-kamera) manifestuan aldarrikatzen zuen utopia errealitate bihurtu dezakegu. Zinema egitea arkatzarekin idaztea bezain erraza izan daiteke. Ziur nago gutun hauek filmatzen ditugun bitartean arrazoia emango didazula.

Animatu zaitez, Mr. Wood. Ni eta nire kamera zure erantzunaren zain geratzen gara. Espero dut eskutitz hau jasotzean, edonon zaudela ere, zoriontsu izatea.

Adeitasunez,

Iban del Campo

5 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 3
    iban

    Mr. Wood, hau dek poza, edo izua, ez dakit zer esan. Dena den, susmatzen nuen berriz kamera piztea tentagarria egingo zitzaizula. Milesker berpiztu eta erantzuteagatik.

    Eta orain… irrikitan gaude zure plano hilezkorrez gozatzeko.

    GUTUNAK, KAMERAK ETA BELA LUGOSI!!!

  2. 4
    How to create a Website

    Im curious about how much it costs to start websites such as Facebook or Twitter. I have been thinking about starting a website for a while now, but i feel as though the initial prices that website design firms give you are for a very low tech and sparsely populated website..

  3. 5
    ASIABET188 AGEN BOLA SBOBET TERPERCAYA

    Thank you for sharing excellent informations. Your website is very cool. I am impressed by the details that you have on this web site. It reveals how nicely you understand this subject. Bookmarked this website page, will come back for more articles. You, my friend, ROCK! I found simply the information I already searched all over the place and simply couldn’t come across. What a great web site.

+ Iruzkin bat laga