Irekian, langa barik


Gogoratzen dut garai batean eztabaida hori izan zela euskarazko tokiko prentsan: prezioa jarri behar zitzaien produktuei ala doan banatu behar ziren? Prezioa jartzearen aldekoen aburuz, neurri hori diru-iturri garrantzitsu izan zitekeen, eta bazegoen, horrez gain, haien ustez aintzat hartzekoa zen beste arrazoi potolo bat: dohainik banatzen dena ez da baloratzen, zioten, puntuan erantsiz jendeak ez duela tankera horretan jasotako produktua estimatzen; doakotasunaren aldekoek, aldiz, erantzun ohi zuten esanez berez txikia den euskarazko merkatua are gehiago txikituko litzatekeela produktuei prezioaren muga jarrita, noiz eta atzerriko multinazionalak eurak ere (Metro buru zela) debaldeko produktuen aldeko hautua egiten hasiak zirenean.

Salomonenak egiten hasteko asmorik ez daukadan arren, ezin uka alderdi bakoitzak bazeukala bere arrazoi puntua. Edozelan ere, badago eztabaidaezina den egitate bat: doakotasunaren aldeko hautuak euskarazko prentsaren inoizko zabalkunderik handiena ahalbidetu zuen; aski da, adibidez. Arrasateko kasuari erreparatzea, non 1989an Ipurbeltz zen euskarazko kazetarik zabalduena, zenbakiko 148 ale banatuta; urte horretan bertan kaleratu zen Arrasate Press astekaria, aldiz, zenbakiko 7.000 ale zabaltzera iritsi zen urtebete geroago (ikus horri buruz Deiane Arrietaren artikulu interesgarri hau). Ezin dira gutxietsi, bistan denez, hautaturiko kazetaritza-ereduak eta lokaltasunaren indarrak fenomenoaren zabalkundean izaniko eragina, baina bi horiekin batera doakotasuna ere faktore ezinbesteko izan zen jauzi kuantitatibo horretan.

Euri dezente egin du ordudanik, eta 1990eko hamarkada hasiera hartan artean laborategiko enbrioi baino ez zen Internetek bazterrak majo astindu ditu harrezkero: ekonomia, gizartea eta beronen antolamendua eta giza adimena bera eraldatzeaz gain (hona eztabaida polit baterako bazka), doakotasunaren kultura hori are gehiago errotzen lagundu du Sareak, horizontaltasuna, ezagutzaren demokratizazioa eta partekatzearen jaidura hedatzearekin batera.

Hori guztia kate motzean lotzeko saioak izan dira bazterrotan (Hadopi legea, canon digitala…), eta izango dira aurrerantzean ere. Kontua da, ordea, apurka-apurka bide egiten ari dela edukiak doan eta modu irekian eskaintzearen aldeko jarrera, eta, horri esker, euskarazko kultur edukiek inoizko zabalkunderik handiena lor dezaketela:

Susa argitaletxeak, adibidez, Sarean jarri ditu (Epub zein pdf formatuetan), doan, literatura unibertsaletik euskarari ekarritako klasikoak zein euskal literaturakoak, Zinez ekimenekoek ere Interneten ikusgai jarri dituzte euren dokumentalak, erakunde publikoak eurak ere hasi dira urrats herabe batzuk ematen (Microsoften etekin-kontua gizentzen segitzeaz batera, hori bai)… eta bere edukiak inoren esku uzteko oso uzkur agertu izan den EITB bera ere norabide horretan doala dirudi: euskarazko 30 film Sarean askatzea izan zen lehen pausoa, eta orain, Nahieran egitasmoarekin, bere artxiboan arakatzeko aukera eman digu ikusleoi (Jaun eta Jabe-ren atalik onenak aukeratu eta pieza horiek geuk nahi dugunean ikusteko moduan garela, alegia). Hautaturiko interfazeak eta digitalizaturiko pieza batzuen kalitate teknikoak zeresana eman dute, baina, kontuak kontu, norabide egokian emaniko urratsa dela begitantzen zait.

Irekian, doan eta partekatuz, beraz, garaiak berak eskatzen duen moduan. Orain, hori bai, pausook ematearekin batera, politika publikoak eta negozio-ereduak birpentsatzea tokatzen da, euskarazko sortzaileen ekosistemaren osasun ona bermatze aldera, baina, harako hark esandako moduan, hori beste istorio bat da eta beste batean kontatuko dugu…

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu