Mudantza-aro


Gizakiak partaide dituzten prozesuak oro dinamikoak direla, hori bagenekien lehendik, eta baita diren gauza guztiak aldaketa-kate etengabean sartuta daudela ere. Kontua da, ordea, badirela Historian une batzuk non mudantza-haizeek ohi baino indartsuago jotzen duten, harik eta aldaize bihurtzeraino. Hori etorri zitzaidan behintzat niri burura attention crisis-ari buruzko zenbait artikulu lehenengoz begiz jo nituenean.

Goian emaniko esteka irakurtzen baduzue, bizkor antzemango diozue kontuari: bada dioenik (Wisdom 2.0 liburuaren egile Soren Gordhamer edota Google-eko CEO Eric Schmidt, esate baterako) fenomeno berri batek gogor astindu dituela bazterrak: arreta krisiak, hain zuzen. Hipertestua eta hiperestimulazioa nagusi diren garaian, diote, dena etena, dena klika, dena zapping-a eta batetik bestera jauzika aritzea, dena gauza bat erdizka utzi eta hurrengora joatea den honetan, geroz eta gehiago kostatzen ei zaigu (gazte-jendeari batik bat, multitask belaunaldiari) kontzentrazioari eustea, eta horrek zuzen-zuzenean eragiten omen dio kognizioari.

Psikologoek Google efektua deitzen bide diote dagoeneko: pertsonok beste moduz barneratzen ei ditugu orain edukiak, eta, klik bakar batera gura adina informazio izateak ematen digun segurtasuna baliatuta, memoria geroz eta gutxiago erabiltzen omen dugu. Pasa den uztailean Science aldizkarian argitara emaniko 4 ikerketaren arabera, ikasleek euren memoriaren luzapen modura (kanpo-memoria balitz bezala) darabilte bilatzaile famatua: Google hor dagoela jakinik, ez dute hartzen gauzak buruan gordetzeko lanik, eta, ondorioz, ez erabiltzearen poderioz, memoria ahulduz doa. Honek guztiak portaeretan eta ikaskuntza-prozesuetan eragin handia omen du: kaskartzen ari ei dira bai testu idatziak ulertzeko gaitasuna, bai gauzak gogoratzeko gaitasuna, bai gauzei arreta denbora luzez jartzeko gaitasuna.

Zeresana eman du, halaber, Nicholas Carr-ek ateratako liburu honek: The Shallows: What the Internet Is Doing to Our Brains. Carr-ek Literatura ikasi zuen Harvard-en, eta ondoren aditu bihurtu zen IKTetan; egin kontu berauei buruzko hainbat lan kaleratu zituela nola AEBetako hala Ingalaterrako sona handiko argitalpenetan. Alabaina, erabaki potoloa hartu zuen denboragarrenera: Bostongo bere lanleku ultramodernoa utzi eta Coloradoko mendietara joan zen bizitzera, telefono mugikorrak iristen ez ziren leku batera, Internet bera ere berandu eta hala moduz ailegatzen zen leku batera. Zergatik egin zuen hori? Bere irakurle-gaitasuna nabarmen murrizten ari zela sentitu zuelako: behin orri bat edo bi irakurrita, kosta egiten zitzaion irakurketa linealari eta kontzentrazioari eustea, batez ere testuak arreta eta hausnarketa eskatzen bazituen. Coloradoko mendietan emaniko bi urteetan, hortaz, berak bere buruarengan sumatutako joera hori abiapuntu hartuta, arestian aipaturiko liburua idatzi zuen (hemen liburu horri buruzko informazio gehiago).

Kontuarekin bueltaka dabiltza orain neurologia laborategietan eta ikerketa-talderik prestigiotsuenetan, baina, hain ur handitan sartu barik ere, norbere buruari beha jarrita (hori da behintzat servidor jaunaren kasua) aise antzeman daiteke zelan doan goraka irakurketa jauzkaria, zelan eragiten duen hiperestimulazioak gutako bakoitzaren arretan…

Beste hainbat arlotan bezala, arlo honetan ere mugarria ezarri duela Internetek, alegia, eta hori hain da horrela non mudantza-aro betean murgilduta gauden uneotan.  Eta zein da kontua orain? Apokaliptikoen eta integratuen eztabaida berpiztea? Gorago aipaturiko erreferentzia batzuek horretarako bide ematen dutela dirudi. Hona tankera horretako beste bat: Michigango Unibertsitateko Burmuina, Kognizioa eta Ekintza Laborategian giza-burmuinak aldi berean zenbat informazio prozesa dezakeen zehaztu guran dabiltza; bertako zuzendari David Meyer-en irudiko, giza-burmuinak kanal berezien bidez prozesatzen ditu informazio-mota desberdinak –hizkuntza kanala, ikusmenarena, entzumenarena eta beste-, eta euretako bakoitzak informazio-korronte bat baino ezin du prozesatu aldiro. Zuk kanal bat gainzamatzen baduzu, burmuinak eraginkortasuna galtzen du eta huts egiten du azkenean, eta hori gertatzen ari omen da orain gure arretarekin.

Badago, dena den, hain kategorikoa/alarmista ez den beste iritzi korronte bat ere; Sam Anderson-en artikulu hau izan daiteke beste korronte horren adierazgarri: informazioz gainzamatuta gaude, diote hauek, bai, baina gure burmuina duela mila urteko pertsonena bezalakoa ez den moduan, urte batzuk geroagokoena ere desberdina izango da, bera ere etengabe aldatzen/moldatzen ari delako eta oraingoz ezezagunak diren gaitasunak garatuko dituelako… Gogoetarako gai polita, duda barik, Dylanek duela urte batzuk aurreratu zigun hau

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu