Kazetaritza Twitterren


Azken urteetan asko aldatzen ari da kazetaritza, baina funtsean ez da aldatzen ari, edo ez luke aldatu behar. Papera da kazetaritzaren euskarri zaharrena; geroago agertu zen irratia, eta XX. mende erdialdeko berritasun handiena telebista izan zen. Mende berri hau euskarri berri baten garapenarekin hasi da: orain, kazetaritzaren euskarri garrantzitsuenetarikoa internet bihurtu da, egunkarien, irratien eta telebisten edukiak sarean dauzkagulako. Egoera horrek hedabideen munduko anitzen kezka bizia eragin du: “nola bizi daiteke kazetaritza interneten bidez doan irakur badaitezke berriak? Papera desagertuko da interneten ondorioz”. Eta beraz batzuek begi txarrez ikusten dituzte oraino interneteko baliabideak.

Mundua aldatzen ari da eta internet guztiz errotu da eta are gehiago errotuko da. Tendentzia horren aurkako erresistentzia egiteak ez du kazetaritzaren euskarri tradizionalei eustea bermatuko. Hedabide batzuek oraino internetekiko mesfidati izaten jarraitzen badute ere, gehienak mundu horretan sartzen ari dira, eta ulertu dute ez dutela beste aterabiderik, baina bereziki, ulertu dute kazetaritzak etorkizuna izatekotan, bide horretatik ukanen duela.

Azken bi urteetan garapen handia izan duen beste euskarri bat agertu da interneten: Twitter. Milaka erabiltzaile dauzka dagoeneko. Milaka kazetari? Blogekin edo nornahik egin ditzakeen webguneekin bezala, ezin da erran denak kazetari garela. Twitter erabiltzen duen kazetari bat kazetari gisa kontsideratua izanen da beti; eta ofizioz kazetari ez denari ez zaio berez emanen kazetari bati ematen zaion sinesgarritasuna. Hots, kazetari batek papereko egunkari batean, blog batean edo twitterrean idatzi, kazetari gisa idazten segituko du, eta beraz, kazetaritza mekanismoekin jarraituko du: argitaratuko duen informazioa kontrastatu duela suposatzen da, paperean argitaratu duen edozein informazioren gisan.

Twitterreko kazetaritzaren berezitasuna da berehalako kazetaritza dela. Gertatu berri dena 140 karakterretan kontatzera mugatzen da kazetaria. Baina zerbait gertatu orduko idatzi behar du, ez du merezi minutu edo oren batzuk geroago idaztea. Alegia, zuzeneko kazetaritza idatzia da twitter bidezko kazetaritza. Lehendik zuzeneko kontakizunen ohitura bagenuen, baina irratira eta telebistara mugatzen zen. Idatzizkoa beti 24 ordu geroago zetorren. Orain, idatzizkoa ere zuzenekoa izan daiteke.
Baina twitterrek kazetaritzaren euskarri tradizionala ordezkatuko al du? Papereko kazetaritza ordezkatuko al du? Hori, izatekotan euskarri digitalek ordezkatuko dute, baina papereko kazetaritzan egiten dena ez du twitterrek ordezkatuko. Hain zuzen, twitter bat-batekoa da, baina ez da berehalakotasun horrek sakontasunari egiten dio kalte. Eta gizarte batek gertakariak sakonki landuak izateko beharra du. Eta hori, nahi ala ez, papereko kazetaritzaren ereduak bermatuko du, euskarria papera edo liburu elektronikoa izan. Twitterreko kazetaritza eta paperekoa ez dira elkarren lehiakide ikusi behar, baizik eta osagarri. Baina bistan da, horretarako papereko prentsak sakontasunaren aldeko apustua egin behar du, eta horrek zer gai zabal landu eta nola sakondu ongi pentsatzea eskatzen du.

6 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Luistxo

    Twitterrek kazetaritzarekin duen konexioa ez da 140 karakteretan idazten ahal dugunak guk ego beste batzuek, baizik eta timeline-aren efektua: sekula ez da prentsa-agentzia efektiboagorik asmatu. Kontua ez da zer kontatzen dugun, baizik eta tuiten erdiak inguru (edo gehiago, Umap-en estatistiketan) estekekin doazela.

    Kontua ez da @jazpillaga kazetari herritar on bat den ala ez, ezta 140 karaktereetan zer idazteko gauza den, baizik eta nire timeline-ko beste 200 lagunen artean, tarteka iritzi eta esteka interesgarriak pasatzen dituela.

    Twitterren jarraipen zerrenda on bat badaukazu, ez duzu behar ez hurrengo eguneko egunkaria, ezta eguerdiko teleberria ere. Ikusi duzu, jakin duzu, jakin beharrekoa goizean bulegoan.

    Twitter ez dela paperaren lehiakide? Twitterrek papera hil egingo du. Hiltzen ari da.

  2. 2
    maria gonzález gorosarri

    Ni Enekorekin bat nator: informazioa ez da neutrala. Hortaz, kazetaritzaren bospasei W-galdera klasikoen berri emango du Twitterrek: NORK egin duen zerbait, ZER egin duen, NOIZ, NON eta ZELAN (AEBetako kazetaritzan) edo ZERGATIK (Alemaniako ereduan).

    Hala ere, aro berrian kazetariok azaldu beharreko galdera berriak badaude: NORK ZABALDU duen informazioa, ZERGATIK EMAN duen, ZERTARAKO EMAN duen… Gardentasuna iragazki berria da.

    Twitterren bidezko kazetaritzari, gainera, jarraitzaileekin harremana izatea falta zaio. Izan ere, titularrak botatzen dituen makinen antza dute (@eitbcomBerriak kenduta, esaterako).

    Gain-informazioak desinformazioa eragiten du. Horregatik, kazetaritza-jarduerak KOMUNIKAZIOA izan behar du helburu.

  3. 3
    Eneko Bidegain

    Kazetaritza twitteren, adibide batzuk:
    – epaiketa baten jarraipena zuzenean auzitegitik: akreditazioa duen kazetari batek egin dezake, eta zuzenean emango du albistea.
    – Aurore Martinen atxiloketa ahalegina: zuzenean jarraitu nuen kazeta.info-k twitterreko kontutik zuzenean eman zuelako albistearen jarraipena.

    Luistxo, loturena aipatzen duzu. Egia da, baina loturek artikulu sakonagoetara eramaten badute, artikulu sakon horiek norbaitek egiten ditu. Eta hori lana da. Lan hori inork ez balu egingo, norako loturak jarriko genituzke twitterren?

    Mariarekin ados.

  4. 4
    Joex

    Eneko,
    Uste dut paperezko kazetaritzaren eredua zaharkitua dela. Ez du ordea twiterrek ordezkatuko nahiz eta twitter tresna bikaina izan. Luistxok deritzon bezala uste dut informa zaitezkela twitteren bidez irratia entzun gabe, telebista ikui gabe eta egunkaririk irakurri gabe.
    Twiterren egiten dena ez da kazetaritza ordea, edo hobeki esateko kazetari berriaren lanaren parte bat baizik ez da. Twit gehienek link bat daramete mezu barruan, eta link horiek artikulu batzuetara bidaltzen dute. Artikulu horiek ez dira paperezko edizioetakoak bezalakoak. Gaurregun erabileok kontsumitu nahi duguna ez da paperezko ereduak eskaintzen duena! Berri bat idazteko modua ezberdina da paperean eta interneten.
    Bestalde zoin dira bete behar diren kriterioak kazetari izateko? Prentsa esparruan lan egin? Ikasketa berezi batzuk egin? Uste dut kriterio horiek zaharkituak direla… Zure kriterioekin, interrekonomiako berriemaileak kazetariak al dira? Eta formakuntzari dagokionez gaur egun kazetari kontsideratzen diren askok ez dute arlo horretan ikasketarik egin…

  5. 5
    Eneko Bidegain

    Luistxok eta Joexek dioten hainbat punturekin ez nago ados. Baina orain ez dut astirik sakonkiago erantzuteko. Erantzungo dut hurrengo egunetan.

  6. 6
    Eneko Bidegain

    Hasteko, timeline-aren eta loturen kontuaz bi hitz. Luistxo: ez dut uste, nire artikuluan, bi elementu horiek twitterren duten garrantziaz jabetzen ez naizela aditzera ematen dudanik.

    Bigarrenik, zure arabera, twitterrek papera hil egingo du. Paperaren krisia twitter baino lehen hasi zen; twitterrek bizkortu dezake, baina ez da faktore bakarra.

    Papera hil egingo da? Papera, euskarri gisa, itxura guztien arabera, bai. Baina papereko kazetaritza aipatzen dudanean, ez naiz euskarriaz ari, baizik eta gutxieneko sakontasun bat duen kazetaritza lanaz. Nire iritziz, gizarte batean lan hori baitezpadakoa da, eta lan horrek denbora eskatzen du.

    Joexen galderari erantzunez: zein diren kazetari izateko irizpideak? Ikasketen kontua bigarren mailakoa da, baina garrantzia dauka. Ikas dezakezu unibertsitatean, eskola berezi batean edo lan egiten duzun hedabidean bertan. Kazetaritza, lan eginez ikasten da. Izan zaitezke zure denbora osoan kazetari, zure lanbidez. Izan zaitezke aldikako kazetari, kolaborazio bidez. Izan zaitezke kazetari amateur. Baina kazetaritzak irizpide batzuk baditu, eta horietarik bat da kazetariak argitaratu aurretik informazioa kontrastatzen duela. Edo hori izan beharko luke. Interreconomia ez dut ikusten, beraz ezin dizut erantzun ea nire irizpideen arabera hango berriemaileak kazetariak diren ala ez. La Gaceta egukariko azal batzuk ikusiz, iruditzen zait gehiago dela eskuin muturraren propaganda tresna, kazetaritza baino.

    Dena den ikasi, ikasi behar da. Ez da gauza bera gaurko kazetari izatea eta duela hogei urte. Gaurko kazetari batek gaurko modura egokitzen jakin behar du. Baina hori ere ikasten da. Non? Nola? Hori beste kontu bat da. Ikaste prozesu etengabea dela errango nuke. Duela hogei urte hasitako kazetari batek gaur egun ere ikasi behar du, izan diren aldaketetara egokitzeko.

    Prentsa idatziaren eredua zaharkitua dela aspaldi uste dut nik ere. Baina beharbada hori ulertzeko hainbat modu egon daitezke, edo bereziki, orain prentsa idatziak zer egin behar duen ulertzeko moduak diferenteak izan daitezke. Baina honekin bakarrik beste artikulu eta eztabaida baterako gaia daukagu, eta beste baterako utziko dut.

    Dena den, lan hori, gaurkotua izanik ere, denbora eskatzen duen lana izango da beti. Eta lan hori egingo duen kazetaririk ez balitz gehiago (hedabideek iturria ixtea erabakiko balute eta kazetari profesionalik ez balitz), twitterren ere nabarituko genuke, twitterren agertzen diren esteka asko kazetari profesionalek egindako artikuluetara bideratuta baitaude.

+ Iruzkin bat laga