Jesusek ere jertsea beharko luke egunotan


Guztiok gogoratzen dugu Banksy artistaren ustezko egonaldia Donostian. Itxura guztien arabera, iaz bere obra bat ikusgai utzi omen zuen Donostiako pareta batean. Sinaturik gabe egonagatik, Banksy-ren lanen tankera zuen marrazkiak. Tamalez, graffitiak hiriburuan galaraziak izaki, gutxi iraun zuen bizirik.

Badira kalean artea gauzatzea maite dutenak. Teknika ezagunena horretarako graffitia da, protesta, errebolta eta konflikto sozialarekin lotu izan delako; espresatzeko edo komunikatzeko spraya eta pintura erabiltzen ditu.

Egunotako hotzak direla eta, Urgulleko Jesusen Bihotza begitantzen zait artilezko jertse goxo koloredunaz jantzia. Jendearen erreakzioa imajinatzen dut beheko portutik harrizko gizona horrela ikusita. Akaso baten batek pentsatuko luke Jesus berriz ere gizon bilakatu dela. Nire erreakzioa seguru aski irribarre isilarena izango zen.

Hiriko kaleak margotzea (zenbaitentzat margotzea baino gehiago zikintzea) hiritarrek gaitzetsi egin ohi dute. Baina gatozen berriro Jesusen auzira. Nork ikus lezake zikinkeriarik harriaren jertse erraldoi berrian, nork arbuia lezake esku-hartze hori kalte zuzenik ez badakar? Ba badira halakoak ere. Artea zerbait baldin bada, lehenik komunikazioa da eta komunikatzen dena ez gustatzea zilegi bide da. Artea sortzeko metodo honetan ez dago, beraz, zikinik, baizik eta artilea, kolorea, eta imajinazioa baino ez.

Ezagunegia ez den arren, “kaleko arte” gisa aspaldidanik ezagutzen da beste leku batzuetan, eta izen desberdinekin, gainera: crochet art, yarn bombing, knit graffiti… Metodoa sinplea da, artilez trikotatu behar da aukeratutako egitura; egitura, esanguratsua ahal delarik, artilezko zorro batean sartzearekin batera, kolorez janzten da.

Obra hauek ikusgarriak izaten dira ezohikoak direlako eta harridura sortzen dutelako. Alabaina, euren biziraupena erlatiboa da, izan ere, guraizez berehala desegin daitezke. Bandalismotzat har daiteke espresatzeko erabiltzen duen bitartekoagatik, edo, hain zuzen, zorroaren barruan gelditu denarekiko errespetu falta egotzi dakiokeelako.

Adibideak asko dira, Londonen esaterako telefono kabina bat eta autobus bat estali zituzten artilez. Egileak antolatuta daude eta euren burua Lauren O´Farrell britainiarra da: “Ez dugu artea egitea bilatzen, ikusten dena baino ez da, trikota, eta horrek efektu bat sortzen du jendearengan”. Esaten da aitzindaria Magda Sayeg estatubatuarra dela, 60. hamarkadan lehena izan baitzen fenomenoa talde-mugimendu bihurtzen.

Hainbat irudi jada ikono bilakatu dira. New Yorken Wall Street-eko zezena bi orduz fuksiaz jantzi zuten Jessie Hemmonds buru zutela; gainera, ekintzari nazioarteko eguna ere ezarri diote (ekainaren 11). Los Angelesen Griffith Park-eko brontzezko hartza beste adibide esanguratsua da.

Teknika honekin hiria kolorez eta bizitzaz janztearekin batera, zementuari, beirari eta burdinari goxotasuna ematen zaio eta, zergatik ez, ikusten dituzten begiei haize freskoa. Horregatik, Donostiako portutik paseoan noala, Jesusen Bihotza gailen ikusten dut zeruetako errege, eta nire baitan pentsatzen dut, sekretuan, zein koloretako jertsea lihoakiokeen ondoen.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu