Pantailak “everywhere”


Komunikazio mugikorrarekin zerikusia duen publizitate kanpaina bati keinu anglofiloa eginez hasi izan nahi dut pantailen globalizazioari buruzko gogoeta hau.

Pantailez inguratuta gaude, askotan. Nire pantailan idazten ari naiz testu hau, zure pantailan irakurtzen ari zara testu bera, nire pantailatik begiak altxa eta inguruan lankideak ditut pantailetan begiak iltzatuta, abduziduta agian. Nire ustez pantaila guztien ama zinema pantaila da, baina gaur egun tamaina guztietako pantailak ditugu erosgai edo ikusgai, gero eta kalitate hobekoak, eramangarriagoak, erabilerrazagoak, interaktiboak, haurrentzako pantaila ukigarriak… Autobusean, hegazkinean, trenean, kontzertu batean, norberaren logelan. Nonahi daude. Aurrekoan autopistan gidatzen nindoala kamioi bat aurreratzerakoan zera ikusi nuen: kamioaren gidariak kopilotuaren tokian zeraman ordenagailu eramangarria eta filme bat ikusten ari zen gurpildun pantaila hartan… Pantaila anfibioak besterik ez zaizkigu falta udarako, urazpian ere bai irudien liluran murgildu ahal izateko.

Bartzelonako erakusketan hartutako irudi bat.

Pantailen gehiegitasun honen testuinguruan kokatzen da “Pantaila globala” erakusketa. Udaran irekiko da Donostiako San Telmo Museoan, baina erakusketa baino zerbait gehiago bezala aurkeztu dute proiektua. Erakusketa, plataforma birtuala eta elkar sorkuntza proiektua bezala aurkeztu da eta San Telmo Museoa eta Bartzelonako CCCBren koprodukzio bat da.

Ogiak eta arrainak bezala biderkatu diren pantailak irudiak ikusteko erabiltzen dira gehienetan, baina irudiaren gizarte zorabiagarri honetan gero eta erabiltzaile gehiagok irudiak sortzen ditu norberaren sakeloko pantailekin. Fenomeno honetan eta Gilles Lipovetsky eta Jean Serroy-ren izenburu bereko liburuan oinarrituta dago egitasmoa. Proiektuaren mamia hurrengo burutazioan laburbildu daiteke, erakusketaren antolatzaileen arabera: mundua pantaila bilakatu da eta alderantziz, pantaila mundu bilakatu da.

Erakusketa, modu tradizionalean ulertzen badugu gutxienez, hau da, erakusketa fisiko bezala, Bartzelonan izan ondoren udan iritsiko da Donostiara, San Telmo Museora.

Baina erakusketa hau ohiko erakusketa presentzial izan baino lehen online izaera bat ere badu, inkubazioa garaia bezala definitu dena. Argi dago erakusketa guztiek inkubazio edo garapen prozesu bat dutela izaera presentzial hori hartu aurretik baina kasu honetan inkubazio garaia ere publiko egiten da, eta martxan dago. Eta garai honetan hartzen du zentzu guztia elkar sorkuntza kontzeptuak. Erakusketaren online plataformaren inkubazio atalaren bitartez edozeinek bideoak bidali ditzake eta erakusketako arduradunek proposatutako zazpi pantailetako bat (Historia, Politika, Kirola, Publizitatea, Gehiegitasuna, Zaintza edota Jokoa) aukeratu eta komisarioek egindako galderei bideo batekin erantzun besterik ez da egin behar, eta emaitzekin erakusketa presentziala egingo da gainean daukagun udan. Esperimentu bitxia bezain bizia. Erakusketa fisikoa amaitu ondoren era bai, proiektuak jarraitzeko asmoa dauka Erakusketaren ondokoa online plataforman.

Parte hartzeko aukera hortxe dago. Bartzelonako erakusketarako bideo bat bidali nuen, pantaila kanibalen inguruan. Jarraian ikus daiteke.

Donostia elurtu batean filmatutako hau ere bai interesgarria iruditu zitzaidan. Hoberena norberak online plataforman surfeatu eta gogorik edota denborarik izan ezkero, bideo bat plataformara igotzea liteke. Ondoren, pantailen eraginaren inguruko gogoeta pertsonala egin eta azkenik pantaila gabeko egun bat bizitzea proposatuko nuke. Pantaila gabeko eguna bizitzeko prest?

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu