Tokiko hedabideak eta euskara: eztabaidarako puntu batzuk zortziko txikian


1. Eusko Jaurlaritzak 2008an kaleraturiko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 665.800 hiztun potentzialek osaturiko hizkuntza-komunitatea ei da euskaldunona; diasporako lagunak ere aintzat hartuta 800.000 euskaldun ere ba ei garela diote beste batzuek, eta bada datuok puztuta daudela nabarmentzen duenik (irakur adibidez artikulu hau erdialdetik aurrera). Jo dezagun, edozelan ere, milioi erditik gora garela. Asko ala gutxi da hori? Begiradaren arabera. Islandiarrak 300.000 baino ez dira eta hizkuntza komunitate-osasuntsua osatzen dute. Euskaldunenaren arazo nagusia, behin baino gehiagotan aipatu izan den moduan, atomizazioa da, konpaktazio falta.

2. Segi dezagun Pernandoren egiekin. Hiztun potentzialen masa hori artikulatu eta, atomizazioa gaindituta, ikusgarri bihurtzeko (bisibilizatzeko) komunikazio-bideak eraiki behar dira. Horretarako, tokikoen artean hedabide-sare trinkoa dugu euskaraz; haatik, gehienek papera dute oinarrian, eta papera gainbehera nabarmenean murgilduta dago.

3. Informazio-gizartearen paradigma berriak masa-komunikazioarena gainditu du. Lehen ez bezala, orain masa ere elkarrizketa orokorreko kide aktibo da, bera ere mezu-ekoizle da. Argi dago, batzuek seinalatu duten legez, bitarteko gehiago duten hedabide handiek abantaila izango dutela aurrerantzean ere, baina ez litzateke zuhurra mezuen ugaltze esponentzial hori gutxiestea (nik neuk argi ikusi nuen hori EHUn irakasle nenbilela 2. mailako ikasle batek bere blogean argitaraturiko informazioak lehenbizi Menéame-ra eta gero Hego Euskal Herriko zein Espainiako beste hainbat telebista eta kazeta handira jauzi egin zuela egiaztatu nuenean). Lehen ez bezala, gainera, mezuak ez dira norabide bakarrekoak (hedabideak à hartzaileak); nonahitik datoz eta edonora doaz, eta hedabideek beraien lekua topatu behar dute mezuen joan-etorri etengabeak eta informazio uholdeak markaturiko ingurumari zailean.

4. Konbergentzia da ingurumari horren ezaugarri nagusia. Bideoak, audioak, testuak eta irudiek bat egin dute Interneten (Sarera konektaturiko TBak erosgai ditugu dagoeneko), eta euskarri berriak agertu izanak (tabletak, telefono aurreratuak…) prozesua bizkortu baino ez du egin.

5. Euskarazko tokikoek paperetik multimediarako trantsizioan jarraitu behar dute… Sarean negozio eredua oraindik finkatzeke dagoen arren (eta ez da saiakera faltagatik izango; azkenetakoa, honako hau: El Huffington Post).

6. Negozio eredua finkatzeke izateak ez du batere laguntzen, are gehiago krisi ekonomikoa dela-eta euskarazko tokikoak estu dabiltzan honetan: hor ditugu Txaparro, Geu, Maxixatzen edota Ttipi-Ttapa TBren kasuak, desagertuak dagoeneko denak, eta EKT ere gogotik sufritzen ari da. Are: paperezko hedabideak ez ezik, ikus-entzunezkoak eurak ere gorriak ikusten ari dira (EITBz eta euskal ekoiztetxeez zer esango dagoeneko ez dakigunik, eta Espainian ere nabarmena da kontua).

7. Alabaina, euskarriak ugaldu izanaren ondorioz, Iban Del Campok aurreko post-ean zioen moduan, irudia nonahi dago presente eta sekula baino ikus-entzunezko gehiago kontsumitzen da (Amaia Pavón lankideak eginiko ikerketaren arabera, berbarako, Gipuzkoako nerabeek egunean batez beste bizpahiru ordu ematen dituzte ikus-entzunezkoak kontsumitzen).

8. Kinka honetan, EIKEN EAEko ikus-entzunezkoen clusterrak, analisi hau egin ostean, hiru agertoki marraztu ditu euskal ikus-entzunezkoen sektorearentzat: 1.- Eraldatzailea 2.- Ebolutiboa 3.- Kontinuista. EIKENen aburuz, eraldaketaren alde egiten dutenek baino ez dute etorkizunik izango.

Zertzuk aukera dituzte euskarazko tokikoek testuinguru honetan? Zer abagune eskain diezaieke teknologiak? Zelan eragingo dio honek guztiak kazetaritzari? Zer ondorio atera daiteke honetatik guztitik? Galdera horien inguruan egingo dugu gogoeta Eneko Bidegain eta biok ekainaren 15ean Tokikom-ek Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean antolaturiko jardunaldietan. Gustu baduzue, beraz, bertan ikusiko dugu elkar.

3 iruzkin daude

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga