Tokikom-etik landa


Joan den ostiralean jardunaldi interesgarriak izan ziren Arrasaten: Tokikom jardunaldiek euskarazko hedabideen topagune izatea lortu zuten, eta gogoeta eta eztabaida mamitsuak atera ziren euskarazko tokiko eta gainerako hedabideen etorkizunari buruz. Aitor Zuberogoitiak eta nik eman genuen hitzaldiak ere piztu zuen eztabaida. Gure hitzaldia gogoeta bateko une baten argazkia zen. Gogoetak mugikorrak dira, progresiboak, eta batzuen eta besteen ekarpenekin aberasten dira. Tokikom-etik landa, 2012ko ekainaren 18ko gogoeten argazkia ateratzen ahaleginduko naiz.

Batetik, markak ez duela garrantzirik edo gero eta garrantzi gutxiago izango duela erran genuen: jendeak gero eta gehiago iturri ezberdinetatik edaten du, eta ez da marka zehatz bati atxikia. Egunkari bateko sail batzuk edo kazetari batzuk jarraituko ditu, beste egunkari bateko beste sail batzuk eta abar. Guztiz beste egoera baten argazkia egin zuen, ordea, Bart Bijnens Flandriako Limburg eskualdeko egunkariko arduradunak. Egunkari hiperlokala egiten dute eta beren eskualdeko egunkari salmenten %83a daukate. Egunkari guztiz errotua, 7.000 berriemaile dituzte, erredakzio talde murriztu bat, berriemaileek bidaltzen dizkieten artikuluen edizio lanak egiteko… Berri lokalak eta nazioartekoak ematen dituzte.
Limburgeko egunkariaren adibideak markei buruz erran genuena gezurtatu zuela erran zidan batek. Limburg-eko eredutik anitz badugu ikasteko, bereziki berriemaile sareaz (Herria astekariaren eredua antzekoa da), internet uztartzeko moduaz eta abar. Baina Euskal Herrian ez dago euskarazko hedabide markarik, salmenten %83 egiten duenik. Alderantziz, eskualde edo herri askok daukate bakoitzak bere aldizkaria. Euskarazko tokiko berriak eta nazio zein nazioarteko berriak banatuko dituen marka erreferentzial sendo bat ala denen arteko sare koordinatu bat sortu beharko da? Galdera horri erantzun beharko diogu hurrengo hilabeteetan. Lehenik, dagoenaren diagnosi zehatza egin beharko da, eta bide berriak urratu, errealitatetik abiatuz.

Bigarren oharra, paperaren etorkizunari buruzkoa izan da. Paperak ez duela urte anitz iraunen diogu batzuek. Eta beste batzuen erantzuna, paperaren salmentatik eskuratzen dutela diru gehiena, eta irakurleen gehiengoak papera irakurtzen duela. Hori egia da gaur. Baina etorkizunerako aurreikuspenak egiteko zenbateraino balio du? Ikusi behar da joera zein den. Urtetik urtera gero eta gehiago zabaltzen ari dira gailu ezberdinak (irakurgailu elektronikoak, tabletak, smartphonak…), eta urte gutxiko epean anitzez gehiago zabalduko dira. Gaur egun, oraino, paperak garrantzi handia badu ere, hori oso epe laburrean alda liteke. Aski da ikustea duela urte gutxi zer nolako abiadan zabaldu ziren sakelako telefonoak. Afera ez da papera egunetik biharamunera kentzea. Oraindik iraunen du zenbait urtez, eta beti izanen dira papera erosi nahiko dutenak, gaur egun biniloak erosten dituztenak badiren bezala. Baina batek zioen bezala, absurdua litzateke orain errotatiba batean “inbertitzea”, eta inbertsio hobea litzateke harpidedun bakoitzari tablet bat oparitzea, horrekin inpresio eta banaketa gastuak anitz aurreztuko liratekeelako. Hedabideek etorkizun hurbil horretara begira jarri behar lukete, marea bizien garaian, itsasgora etortzerako astia zegoela uste zuen txirla biltzaileari gertatu zitzaiona gertatzerik ez badute nahi.

Hirugarren kezka egunerokoak harrapaturik bizi diren kazetari batzuek agertu zuten. Multimediarako kazetariak behar direla diogunean, zilegitasun osoz, hau erantzun digute: “biharamuneko egunkaria egiteak berak aski lan eskatzen digu, bideoak, twitterreko kontakizuna eta audioa egiten hasi gabe”. Egunak dituen ordu kopuruak ditu, ez gehiago. Baina multimediaren aroan bizi gara, eta erredakzioek horretara egokitu behar dute. Denboraren beste kudeaketa bat pentsatu beharko da, erredakzioen antolaketa desberdina ere bai.

Argi dena da, gaur egungo baliabideekin, kazetariek ahal bezain denbora gutxi iragan behar luketela erredakzioan, eta denbora gehiena edo guztia kanpoan.

Adibidez, Heletako zaldi feria jarraitu behar balitz: etxetik atera 5:30ean, lehen orduan mezu pare bat twitterren, beste hiruzpalau argazki igo twitterrera eta webgunera, geroxeago bideotxo bat, audio bat ere bai, eta 10ak arte giroaren zuzeneko kontakizuna egiten segitu, astunegi izan gabe, giroan murgilduta egonez eta informazioa eskuratuz, jendearekin mintzatuz. 10etan plazatik erretiratu eta gela lasai batean sartu, eta handik kronika bat idatzi. 12etan kronika sarean zabaldu. Kazetari horren lan eguna bukatu da (goizeko ordu horietan hasteagatik, barkatuko ahal diogu ez zortzi ordu egin izana…). Paperean ateratzeko egin beharreko maketazio eta edizio lana beste baten esku utziko dugu. Gauza horiek, gainera, modu automatizatuan egin ahal izango dira, gero eta gehiago.

Zaldi feriaren egunean bertan argitaratzeko erreportaje sakon bat ere prest utz zezakeen, horrez gain, egun bat edo bi horri eskainiz. Hori ere, erredakziotik kanpo egiteko gisako lana litzateke.

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu

+ Iruzkin bat laga