Aretxabaletako campus berrian


2012-2013 ikasturte hasierarekin batera estreinatu dugu Mondragon Unibertsitaaren Aretxabaletako campus berria. Tubos izeneko lantoki zaharraren eraikina ederra da, eta modu txukunean berriztu da. Gainera, oso ondo hornitu da bertan emango diren ikasketetarako, bereziki, Ikus-entzunezko Komunikazioa gradurako. Ikasturtearen hasieratik erabilgarri daude bertako baliabide gehienak, hala nola ikasgelak, infogela, biblioteka, bilera gelak, zortzi edizio-gela, irrati estudioa eta jangela; aurrerago errematatzeko geratu dira, ostera, grabaketarako platoa eta areto nagusia.

Aretxabaletako eraikin berriaren estreinaldiak eman du zeresana hedabideetan. Etxeko telebistak ere, alegia, MUtelebistak, campus berriari eskaini dio asteko erreportajea.

Bereziki, hiru arlotako eskolak emango dira Aretxabaletako campusean:

  1. Ikus-entzunezko Komunikazio gradua. Ikasle horiek dira hartzaile nagusiak. Guztira,135 ikasle daude gradu horretan, lau mailatan banatuta. Mailaren arabera, ikus-entzunekokoek goizez eta arratsaldez izaten dituzte eskolak.
  2. Graduondoak. Ikasturte honetatik aurrera, HUHEZIk (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) abian dituen hainbat graduondo Aretxabaletako campusean emango dira. Eraikin berrira etorri diren graduondoetako lehenengo ikasleak izan dira Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluko 4. ediziokoko ikasleak.
  3. Etengabeko prestakuntza. HUHEZIk ibilbide luzea du hezkuntza ez arautuan eta etengabeko prestakuntzan, jardun horretan, egoitza berriak posible egingo du eskaintza horiei aurre egitea modu egokiagoan. Dagoeneko, hasi dira era horretako ikastaroak ematen Aretxabaletan. Adibidez, kanpoko prestakuntza jaso duten lehenengo langileak izan dira Goiena Komunikazio Taldeko eta Arteman Komunikazioa kooperatibetako bazkideak.

Eraikina estreinatuta egon arren, campus berriaren inaugurazio ofiziala aurrerago egingo da 2013ko otsailean, hain zuzen ere.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu