Lillehammer Unibertsitateko egoera ikus-entzunezkoen inguruan


Lillehammer Unibertsitatean egotaldia egiten ari naiz doktorego tesia dela-eta. Hala ere, aukera paregabea da ikusteko zertan ari diren beste unibertsitate batzuk, eta aitortu behar dut Lillehammer Unibertsitateko egoerak harritu egin nauela, ikus-entzunezkoen alorrari dagokionez.

Eraikin bakarrean daude hainbat gradu antolatuta, ezagutza eremu oso desberdinekoak. Horien artean aurkitzen dira guri interesatzen zaizkigun hiru ezagutza-eremu: alde batetik, zine eskola dago, zinema munduari lotuta dauden graduko ikasketak eskaintzen dituzte bertan, eta bestetik, telebistarekin lotutako bi eremu desberdin daude: bata, praktikoa (dokumental eta kamera anitzeko produkzioa irakasten da), eta bestea teorikoa (“zinema eta telebista zientziak “ izena hartzen du).

Gaur izan naiz telebistaren alderdi praktikoa eta zine ikasketak ematen diren departamentuetan, eta erabat txunditu nau unibertsitateak dituen baliabide teknologikoak: orotara ikusi ditut, lau plato, lau kontrol gela, 30 edizio gela (soinuarenak eta bideoarenak), makina bat kamera eta soinu grabagailu, eta bi zinema areto txiki, bat 35mm eta 16mm-rako, eta bestea, soinu posprodukziorako. Baliabide aberastasun horrek are gehiago txunditu nau, jakin dudanean zinema eskolan guztira 40 ikasle daudela, eta telebista ikasketetan 80.

Harriduraren jatorria, ordea, ez dator teknologia ugaritasunetik, aurreko lerroetan izendatu dudan hirugarren departamentuaren egoeratik baizik. Aipatu gisa, telebista eta zinema zientziekin lotuta dauden ikasketa teorikoak ere existitzen dira, eta bertan ikasten dira zinema eta telebistaren historia, generoak, diskurtso-analisia eta gaur egungo hedabide-sistemaren egoera ere. Irakasle hauek beste departamentu bat osatzen dute, aurrekoetatik independientea. Gainera, beste bi alorrek ez bezala, ez dute hartu-emanik besteekin. Egoeraren berezitasuna, beraz, nabarmena da, jakintza esparru bera departamentu desberdinetan banatuta dagoela ikusita.

Horren gainean galdetu diet lankideei, alor teorikoa elikatzen dutenei, eta itxuran, orain bi urte eman zen banaketa, eta askok desadostasuna eta ulertezintasuna erakutsi didate erabakiarekin. Antza denez, telebista ekoizpenari lotutako ikasketak bihurtu nahi dituzte zine eskolarenak bezain prestigiotsuak, eta hori dela eta, baztertu dituzte ikasketa teorikoak, buru-belarri ekoizpenari eta sorkuntzari bideratuta egoteko.

Teknologiarekin eta etengabeko sorkuntzarekin txundituta gaudela esatea baieztapen borobil bezain arriskutsua bada ere, honako kasuan ausartzen naiz esatera tristea dela gertatu den bazterketa unibertsitate honetan, alor teorikoarekin. Nik behintzat, ezin dut irudikatu telebistaren testuinguru historiko edota soziologikoa lantzen ez den ekoizpen-alorrik, unibertsitatean behintzat, pentsaezina da. Ziur nago, lankideek duten ikerketa ibilbide luze eta interesgarriak asko aberastuko lukeela sortzeko desiatzen dauden ikasle horien irudimena.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu