Presst: nahia eta ezina


Gaur kaleratuko da Presst, Euskal Herriko lehen kiosko digitala. Bertan aurki daitezke, formatu digitalean, Gara taldeko agerkariak, Noticias taldekoak eta Berria egunkariak egindakoak. Tamalez, ez du bide luzerik egingo, ez badu planteamendua aldatzen.

Bi arazo ditu Presst kioskoak: formatua eta prezioa, biak arazo potoloak, nire ustez. Formatuari dagokionez, Presst-ek eskainiko ditu egunkari eta aldizkari guztiak ISSU formatuan, PDF antzeko bat, apur bat dinamikoagoa, baina oso nekagarria pantailan irakurtzeko. ISSU aukeratu izanak adierazten du kiosko horretan parte hartzen duten hedabideek segitu nahi dutela paperean oinarrituta, eurek behin bakarrik diseinatzen baitute egunkaria, justu irarkolara bidali aurretik, albo batera utzita euskarri berrietara egin beharreko egokitzapenak: ordenagailu, telefono eta tabletara, batez ere.

Prezioak, bestalde, oso garestiak iruditzen zaizkit, kontuan hartuta formatuak dituen mugak. Nork ordainduko ditu 1,5€ Gara malamaneran irakurtzeko pantaila batean?

Presst kiosko digitalaren eskaintza oso urruti dago, adibidez, Liberation egunkariak egindako eskaintzatik. Egunkari frantsesak bertsio bereziak sortu ditu euskarri bakoitzerako (ordenagailua, telefonoa eta tableta), eta prezioak ere oso egokiak iruditu zaizkit, 12 euro hilabete batengatik, baina eskaintza berezi batekin, lehen hilean euro bat kobratzen du-eta. Liberation egunkariaren eskaintza askoz ere erakargarria iruditzen zait, eta egokiagoa eremu digitalerako.

Gure artean Presst kiosko digitalak badu aurrekari bat liburuen esparruan, aurretik Gurebook sortu baitzen, euskal liburuak-eta formatu digitalean saltzeko. Zoritxarrez, bata bestea bezain hutsalak dira, biak paperaren kulturan iltzatuta baitaude.

5 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 2
    H. Etxeberria

    Espainiako prentsa biltzen duen KIOSKO aplikazioa erabiltzen dut nik, noiz edo noiz, larunbatetako ElPaís erosteko. PDFa eroso ibiltzen da tabletan, gustagarria egiten da irakurketa, eta uste dut 0’79 xentimo pagatzen dudala larunbatetakoa Babelia gehigarri eta guzti. Badago non begiratua, bai.

  2. 4
    H. Etxeberria

    Joxe, SmartFlow edo tabletetarako itxura berezian irakurri ahal izatea ere uzten du deskarga horrek. Norberak hautatzen du zein itxuratan irakurri. Baina gauza bat gaizki esan dut, zerbitzua ez da Kiosko deitzen baizik KIOSKO Y MAS

+ Iruzkin bat laga