EITB aurrera begira: hiru proposamen


Argia astekarikoek eskatuta, hauteskunde-osteko panoraman EITBk dituen desafioei buruz hausnarrean jarri nintzen. Hona, labur-labur, hausnarketaren ondorioz burura etorritako hitru ideia nagusiak:

  • EITB erakunde publikoa da, baina horrek ez du esan nahi unean uneko hauteskunde-emaitzen menpe egon behar duenik. Beronen izaera eta eginbideari buruzko kontsentsu zabala berritzeko garaia da (ez gaude duela 30 urteko kinka berean), eta, behin hori erdietsita, aginte politikoarekiko daukan autonomia sendotuko duten neurriak sustatu behar dira.
  • EITBk ez luke jarraitu behar izaten diglosia zurkaizteko tresna, bere hedabide batzuek ez lukete segitu behar euskaldunak gaztelaniaz berbetan jartzen, populazio-sektore zabal bati hizkuntza-errealitate jakin bat ezkutatzen eta monolinguismoan eroso bizitzeko makulua eskaintzen. TBra etorrita, pentsa dezagun, Josu Amezagak planteaturikoari jarraiki, ez soilik euskal hizkuntza-komunitatea, ezpada gizarte osoa artikulatzeko funtsezko erreminta izango den ETB eleanitza, euskara ardatz nagusi izango duena eta egun eskura ditugun aukerak baliatuta (audio duala, azpidatziak) euskara ez dakitenak ere bere programaziora erakarriko dituena.
  • Multieskaintza garaiotan euskal gizartearen egituratze-tresna nagusi eta erreferentzia eztabaidaezin bihurtzeko, azkenik, EITBk ezinbesteko du komunitatea eratzen jarraitzea eta sustraiak are sakonago errotzea, eta tokiko TBekin harremanak estutzeak horretarako aukera eman diezaioke (izan deskonexioen bidetik, izan Tokikomek iradokitako bi solairudun etxearen eraikuntzari lotuta).

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu