TeleShakespeare


Honako hau proposatzen dizuet: Gaur egungo telesailen urrezko aroari buruzko artikulu edo erreportajeren bat irakurri, entzun edo ikusten baduzue, fijatu zaitezte ze denbora gutxi behar duen kazetariak Balzac, Dickens, Dumas, Shakespeare edo Victor Hugo aipateko. “Hauek bizirik baleude, telebistarako fikzioa egingo zuten” izan ohi da honelakoetan komentarioa. Korronte bat nagusitu da gaur egungo fikzioan, benetako zinema telebistan dagoela irmoki baieztatzen duen korrontea, hain zuzen.

Fikziozko telebistaren garai on batean gaudela ezin dugu ukatu. Telebista kateek publikoaren profil ezberdinentzat produktu desberdinak egiten dituzte. Espezializatu egin dira. Horretarako, talentuzko sortzaileak kontratatu eta askatasuna eman diete. Honen ondorioz, eskaintza asko hobetu da azken urteetan. Beraz, askorentzat, zinemarik onena telebistara pasatu da. Pertsonaia eta argumentu konplexuagoak, mamitsuagoak ikusteko aukera omen dugu telesailetan.

Ba ni telesailen kontsumitzailea naiz. Telesail on batekin asko disfrutatzen dut. Eta esan dezaket ez nagoela ados baieztapen honekin.

Niretzat bi fikzio mota hauek ez dira konparagarriak. Esparruak guztiz desberdinak dira. Ezin gara ibili konparatzen 70 orduko lan bat, 2 orduko beste  batekin. Haatik,  hala egin nahi bada, parekatu ditzagun mailak. “The Sopranos”, telesailetan Biblia bat den heinean, konparatu dezagun zinemagintzako beste Biblia batekin. “The Godfather”, adibidez. Eta ez aste bukaeran etxean denbora pasa ikusi dugun edozein filmerekin.  Edo “The Wire” serie bikaina jarri dezagun lehian “Heat” edo “Once upon a time in America” filmeekin. Horrela lortuko genuke agian norgehiagoka justuagoa.

Zineman zabor pila bat egiten dela ez dut ukatuko. Baina telesailetan ere lasto asko ikusitakoa naiz; kritikak zeruan jarri dituen telesailen baitan ere bai. Bestalde, ba al dago esaterik telebistako pertsonaiarik potenteenak “El salario del miedo”, “Casablanca”, “Fargo” edo “Pulp Fiction”eko pertsonaiak baino interesgarriagoak direla? Berriz gatoz lehen aipatutakora: zergatik da 70, 2 baino hobea?

Esan bezala, niretzat ez dira konparagarriak, eta bakoitza bere esparruan lehiatzen utzi beharko genuke.

Balzac, Dickens, Dumas, Shakespeare edo Victor Hugo gaur egun bizirik baleude, ez dakit nondik nora ibiliko ziren. Agian telebistako gidoilariak izango ziren,  Agian ikus-entzunezko irakasleak. Edo arrain saltzaileak. Batek daki.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu