Crowdfundinga: zer berri?


Azken aspaldian bolo-bolo dabilen berba da crowdfundinga; izen berria izanagatik, zaharra da esanahiaren muinean dagoen ekimena. Halaxe dio Eric Riverak bere liburuan. Ildo beretik, finantziazio kolektiboak gure artean dituen erroak gogorarazterakoan, euskal hizkuntza eta kulturaren transmisioaren alde egindako diru-bilketa eta lan militanteak aipatzen ditu Lorea Agirrek, hala nola,  ikastolen aldeko mugimendua edota Berriaren sorrerarako akzio-salmenta, besteak beste; crowdfundinga kontu zaharra dela gure artean, alegia.

El activista proiektuko zuzendari Ali Urrusoloren aburuz ere,  crowdfundinga ez da estatu batuarrek asmatutako finantziazio modua. Haatik, bere esanetan, “es una moda, un tren, que no podemos dejar pasar de largo y al que hay que subirse, pues es un nuevo modelo que está teniendo mucho éxito en todo el mundo”.

Modak moda, zaharretan berri den Crowdfunding edo finantziazio kolektibo bitartez proiektuak gauzatzeko fenomenoak, baditu zenbait ezaugarri gaur-gaurkoak direnak. Eric Riverak hiru arrazoi ematen ditu crowdfundingaren arrakasta ulertzeko:

  1. Nazioarteko finantza-krisia.
  2. Interneti esker, masa-kulturaren aroan bizi gara; biztanleria alfabetatuta dago IKTetan eta hedatua dago jendartetan gutxieneko automatizazio ezagutza.
  3. Aldaketa kultural, sozial eta ekonomikoak egon dira gizartean, ekonomia sozialerantz eta sareko ekonomiarantz doazenak.

Autore berarekin jarraituz, crowdfundingaren emaitzak harrigarriak dira eta handia da finantziazio kolektibo bidez aurrera ateratako proiektuak: egin kontu, 2009an nazioarteko finantziazio kolektiboa 500 milioi dolarrekoa izan zen, 2011n ia 1.400 milioi dolarretara iritsi zen eta 2012rako estimazioa 3.000 milioi dolarrekoa da.

Euskal Herriko ikus-entzunezkoen panoraman crowdfunding bidez egindako proiektuen artean ezagunenak Fermin Muguruzaren Zuloak eta aipatutako El activista ditugu. Lehenengoa aurtengo Zinemaldian estreinatu zen, eta gerora zinema aretoetan egon da ikusgai. El activista proiektuarentzat ere estreinu-data bera aurrikusten zuten arren, ez da oraindik argitara eman.

Iruzkin 1 dago

Zurea gehitu
  1. 1
    Aitor

    Oso interesgarria, Idoia. Euskal Herrian, eta zinema kontuei gagozkiela, ‘Ama Lur’ filma izan zen aitzindari finantza-modu horiek urratzen (1964an ekin zioten errodatzeari eta, zentsurarekin izaniko gorabeheren ostean, 1968ko Zinemaldian estreinatu zuten). Hara bestela Xabier Kintanaren lekukotza ‘Bertan Bilbo’ liburuan: “Film hori egiteko diru-bilketa egin zen; herriz herri ibili ziren hitzaldiak ematen (neu ere izan nintzen Gernikan eta Mungian filmaren esangura euskaraz azaltzen). Film horren aita ponteko estetikoa Oteiza izan zen.”

+ Iruzkin bat laga