Ekintzailetasuna, interesgarria bezain beldurgarria


Azken urteotan, ezin uka daiteke, ekintzailetasuna guztion ahotan dagoela. Politikoek, hedabideek eta unibertsitateek, besteak beste, eguna joan eta eguna etorri etengabe errepikatzen duten hitza da. Are gehiago, beronen inguruko jardunaldiak ugaldu dira nonahi. Geurean ere, adibide bat besterik ez ematearren, Garaia Berrikuntza gunean bukatu berri den urrian ekintzailetasunaren gaineko tailerrak burutu dituzte. Ekintzaile izateko funtsezkoak diren gakoak ezagutzeko asmoz hiru eguneko mahai biribil interesgarriak antolatu ziren.

Baina zerk eragin du ekintzailetasunaren gaineko itzelezko interesa? Erantzuna logikoa bezain erraza da: bizi dugun krisi egoera. Global Entrepreneurship Monitor ikerketaren emaitzak esanguratsuak dira oso. Espainiari dagokionez, 2011. urtean jarduera ekintzaileak eta premiazko ekintzailetasunaren portzentaiak nabarmen gora egin dute. Lasai ondoriozta dezakegu, beraz, krisia ekintzailetasuna areagotzen ari dela.

Nork bere lanaren planifikazioa, antolaketa, gidaritza eta kontrola izatearen ardura bultzatzen da estamentu ezberdinetan: administrazioa, cluster-ak, ikerketa parkeak eta abar. Inoiz baino laguntza eta baliabide gehiago ditugu eskura ekintzaile izanda aurrera egiteko. Zer dela eta ikasketak bukatzen dituzten gaztetxo gehienak beldur dira auto-enpleguaren pausua emateko? Unibertsitateen egitekoen artean apuntatu beharrekoa delakoan nago. Zer diozue?

 

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu