Telebista korporatiboa Interneten: negozio berria


Aurrekoan “Brocante tecnológica” ideien ferian izan ginen, telebista korporatibo baten proiektua aurkezten. Harrera ona izan zuelakoan nago. Jendea berehala interesatu zen horrelako erreminta batek ekar ditzakeen abantailen inguruan. Gure proposamena izan zen astean behin hiru minutu inguruko erreportajeak emititzea, unibertsitatean MUtelebistarekin egiten dugun moduan. Hasieran eman dezake gutxi dela, baina astez aste artxibategia handitzen doa, eta bertan pilatzen den informazioa kapital mamitsu bilakatzen da unibertsitatearen izaerari dagokionez.

Kontuan hartzekoa baita orain dela bi urte Eurostatek Orange Fundazioarentzat jasotako datuak. Inkesta horren arabera, internauta espainiarren %42k nahiago du telebista Internet bidez ikusi. Nago datu horrek dezente gora egin duela azken hiru urteotan

Telebista korporatiboak ematen dituen abantailen artean, hauek:

  • Enpresa langile eta bezeroarengana gerturatzeko aukera. Informazio aldetik, baina baita giza gertutasun batetik ere. Telebistak ez dauka zertan beti propaganda gordina egin erreportaje bakoitzean, enpresaren parte den jendearen istorioak kontatu dizake. 
  • Enpresaren webgunean txertatu ahal da.
  • Audientziaren datu zehatzak eta berehalakoak eskura.
  • Barne eta kanpo komunikaziorako balio du.
  • Baliabide gutxi behar ditu eta azkar emititu daiteke. 
  • Zuzenean, Internetez, hitzaldi, asanblada edo ekitaldiak emititzeko aukera ematen du.

Abantaila sendo hauen aurrean, harresi gaindiezin bat irmo altxatzen da: ditxosozko krisia,  itxura elefantiasiko-mitologikoa duena. Iban Zalduak erabiltzen duen izendapena maileguan hartuta, “la cosa” bezala ere ezagutu ahal dugu.

Komunikazioaren esparruan negozioa egiteko modelo zaharrak kinka larrian dauden garai honetan,  ematen du “la cosa”k partida irabazita duela. Hori da gure esparruaren paradoxa tristea. Ematen du etorkizuna inoiz baino lotuagoa dagoela teknologia eta komunikazioarekin, eta aldi berean teknologiak komunikazioan gaur egun arte ezagutu ditugun modeloak ito dituela. Paradoxa horren zein alderi eman behar diogu garrantzia? Positiboari edo negatiboari? Telebista korporatiboa alderdi positiboan kokatzen da, duda barik. Orain arte komunikazioan 10 negozio-modelo ezagutu baditugu, hemendik aurrera agian 5.000 izan beharko dira (nork jakin). Hau, telebista korporatiboa Interneten, izan daiteke 5.000 horietako bat.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu