Euskaldunak Internetekiko uzkurrago ote?


Duela zenbait aste egin genuen Xilaba bertso txapelketaren balorazio biltzarra, Senperen (Lapurdi). Besteak beste, txapelketarako ateratzen den liburuxkaz hitz egin genuen. Inprimatutako aleak gutxitzeari begira (iduriz, batzuk sobratu ziren), ideia bat bota zen talde txiki batetik, hurrengo txapelketei begira (aurtengo Txapelketa Nagusirako balio du): txapelketari buruzko informazio hori emango lukeen telefonoetarako aplikazio bat sortzea; dinamikoa izango litzateke, adibidez saio bakoitzaren ondoren puntuazioak eta, bereziki, hurrengo faserako sailkapena erakutsiko luke… Irri batzuk entzun ziren gelan, ideia xelebre bat izango balitz bezala.

Erreakzio hark kezkatu ninduen: edo gu gabiltza teknologia berrien kontuetan urrunegi, edo euskal gizartea dago (are gehiago Ipar Euskal Herrikoa) berrikuntza horiei begira atzeratuegi eta uzkurregi.

Zorigaitzez, garai berdintsuan datu kezkagarriak argitaratu zituen Pello Urzelai kazetariak Berriaro blogean. Euskarazko eta gaztelerazko hedabideen jarraitzaile kopuruei buruzko datuak eskaini zituen artikuluan datu hauek ageri ziren:

CIES etxeak 2010 eta 2012an egindako azterketak alderatuz gero, gaztelaniazko hedabideen nagusitasuna nabarmena da. Bi urteotan proportzioa kasik ez da aldatu. Aldaketa esaguratsu bakarra gaztelaniazko hedabideek interneten eman duten gorakada da: %42,35ean hazi dira.

aldea

Dena den, komeni da euskarazko hedabideei buruzko datu hauek erlatibizatzea, CIESen moduko inkestek ez baitute ongi jasotzen euskarazko komunikabide txiki eta atomizatutakoen zabalkundea.”

Nahiz eta, hain segur, euskarazko hedabideei dagozkien datuak taula horrek erakusten dituen baino hobeak diren, hala ere datu kezkagarriak direla iruditu zaigu, lankideen artean mintzatzen aritu garenean. Sakonkiago ikertu beharreko kontua da, bistan da.

Handik aste gutxira, beste gertakari kezkagarri batez hitz egin dugu anitz: Gurebook-en itxieraz. Artikulu interesgarriak idatzi dituzte blogetan eta prentsan, kontu horretaz:

Gurebook-ekin gertatzen denak islatzen duena da euskal liburugintzak ez duela asmatu euskarri berrietara egokitzen: beste hizkuntzetako eskaintzaren ondoan, buru-hauste tekniko bat da, garestia da eta urria. Susa argitaletxea da eskaintza erraz eta merkea eskaintzen duena, eta dagoeneko mila liburu digitaletik gora saldu ditu. Ez daukat eskuartean elementurik hori anitz den ala gutxi baieztatzeko, baina kontuan hartuz Susak bere katalogoko liburuak bakarrik jartzen dituela, erran nezake ez dela datu txarra.

Horrez gain, liburugintza digital eta interaktiboetan hasi dira lehen urrats interesgarriak: adibidez Itzalen SuaGartxot edo Luul etxeak sortzen dituenak.

Berriki aurkeztu dute, bestalde, euskarazko aplikazioak biltzen dituen gunea: euskalapps. Berri ona da, dudarik gabe, jadanik hainbat eta hainbat aplikazio aurki daitezkeelako, adibidez Korrika-rena, edo Kulturize, ekitaldi kulturalen agenda eta beste dozenaka aplikazio (jokoak, kantua, garraioa, turismoa…). Horrek lasaitu dit, hein batez, hastapenean azaldu dudan kezka.

Beste datu pozgarri batzuk eman zituen joan den astean Pello Urzelaik: azken hilabeteetan nabarmen egin dute gora euskarazko hedabideek twitterren dauzkaten jarraitzaile kopuruek. Berria egunkariak, adibidez, sei hilabetez 10.000 jarraitzaile edukitzetik ia 14.500 jarraitzaile edukitzera igaro da. Gorakada ikusgarria. Gainerako euskal hedabideek ere gora egin dute. Diario Vasco egunkaria, une honetan, ez da heltzen 19.500 jarraitzailera. Papereko salmentetan dagoen aldearekin parekatuz gero, Berria-ren datuak oso baikorrak dira.

Euskaldunak uzkurregi? Ez dut uste egoera hain beltza denik. Bada bide egiteko, baina bidean gaude. Estepan Plazaolari Goiena-k egin dion elkarrizketak ematen ditu baikor izateko arrazoi batzuk eta etorkizunerako pistak:

“Hedabideak eta Internet gure bizitzaren erdi-erdian daude. Euskarak etorkizunik izango badu, ezinbestekoa da mundu horretan ere euskaldunok hiztun komunitate sendo bat osatzea.

[…] Adibidez, euskarak Interneten presentzia handiagoa du hiztun gehiagoko munduko beste hizkuntza askok baino. Hori komunitate bizi eta partehartzaile bati esker da. Gazteak euskarazko hedabideen eta Interneten mundura ekartzeko bidea hortik etor liteke, partaide bihurtzetik: eurentzat egin ordez eurekin egitetik.”

4 iruzkin daude

Zurea gehitu
  1. 1
    Sareko

    Euskaldunak sarean uzkurregi? Bai, zalantza izpirik gabe. Eta sarean bezala, beste eremu askotan ere bai. Uzkurregi, motz, lotsati…
    Aldera itzazu adibidez, hegoaldeko (iparraldeko egoera ez dut ezagutzen ongi) politikari unionisten sareko presentzia eta politikari abertzaleena. Aldea itzela da. Soilik EAJ-k badu presentzia duin bat, baina PSErena baino dezente urriagoa.
    Ezker abertzalean teknologia berriei beldurra dagoela dirudike. Eta Berriaro aipatu duzu, baina bertan apenas dago parte hartzerik, eta Ereiarori buruz zer esan? Gertuago dago joan den mendeko 1.0-tik egun ia arau bilakatu den 2.0-tik baino.
    Astindu ederra behar dugu denok ere.

  2. 2
    Eneko Bidegain

    Milesker, Sareko, zure iruzkinagatik.
    Iparraldean, azkenaldian UMP eta PS alderdiko hautetsiek presentzia handia hartu dute Twitterren. Alderdi abertzaleetakoak oraindik urrun gelditzen dira, nahiz eta batzuk esperimentatzen hasi diren. Ez dut sakonki ikertu politikarien sareko presentzia, baina uste dut hori bera indikadore ona den.

  3. 3
    Sareko

    Sarea eta euskararen jardunaldi batean, iaz, EITB.com-eko edukien arduradunetako batek aipatu zuen, askoz parte hartze handiagoa zegoela erdarazko foroetan euskarazkoetan baino… Sarean ibilita, erdaldunek eta euskaldunek sartzeko aukera berdina duten eremu hizkuntzaz neutroetan, oso-oso nabaria da aldea.
    Arazo bat daukagu komunikazio ahalmenarekin, eta heldu behar genioke berandu baino lehen.

+ Iruzkin bat laga