Ardatz bi etorkizuneko ikerketetarako


Dela IKTen hedapen geroz eta zabalagoari erantzute aldera, dela Ezagutzaren Gizarteak eragindako informazio-hazkunde itzela kudeatzen ikasteko, dela bi arrazoion eta ihes egiten digun besteren baten baturagatik, geroz eta gehiago dira hezkuntza eta komunikazioa uztartzen dituzten ikasketak eta ikerketa-lerroak (Euskal Herrian bertan daukagun katedra hau ere esanikoaren erakusgarri da).

HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) doktorego programan ere, bigarren ikerketa-lerroaren barruan, horretan saiatzen da Hezikom ikerketa-taldea. Honako hauek dira Hezikom-en ikerketa-ildo nagusiak:

 

  • 1. Ikasle eta nerabeen elkarreragina komunikabide digitalekin eta Internetekin.

  • 2. Ikasleen konpetentzia digitalak eta informazio-konpetentziak.

  • 3. Ikasleen bideo-produkzioa: ikaskuntza esanguratsua garatzeko tresna.

  • 4. Ikus-entzunezkoen erabilera ikaste-irakaste prozesuetan

  • 5. Ikaste-irakaste metodologia egokiak Komunikazio ikasketetan

  • 6. Medioen eta Interneten proiekzio soziala eta beren eragina hezkuntza eragile bezala.

Nago, horren harira, nola gizartean hala komunikazio-hezkuntzan antzematen ari diren aldaketek batez ere 1. eta 5. ardatzetan zentratzera eroango gaituztela. Zergatik hori?

– Lehenengo ardatzari dagokionez, paradigma-aldaketa betean murgilduta gauden honetan (egungo ikasleek ez dute lehen bezala jasotzen informazioa), ikasle nerabe eta gazteengan islatzen delako batez ere aldaketa hori. Alde horretatik, badago zer ikertua: zelan informatzen dira ikasle nerabe eta gazteak? Zelan jasotzen dute gaurkotasuneko informazioa? Zertzuk ikus-entzunezko eduki (eta zelan) kontsumitzen dituzte? Partekatzen ote dituzte edukiok euren artean? Eta, mezuen sorkuntza eta transmisio prozesuak monopolizatzen zituzten mass media indartsuak ahultzen ari diren garaiotan, sortzen eta zabaltzen ote dute edukirik Sarean ikasle nerabe eta gazteek?

Ez dira erantzuteko galdera samurrak, eta horretan saiatzen ari gara. Txema Egañaren tesia izan zen lehen urratsa norabide horretan, Amaia Pavónena izango da hurrengoa, eta ildo horretan kokatzen da, halaber, Tokikom euskarazko tokiko hedabideen elkartearekin batera garatzen ari garen Gaztekom ikerketa ere (eta, bistan denez, etorriko dira tesi eta ikerketa gehiago aurrerantzean).

– Bigarren ardatzari dagokionez, aldaketak antzeman daitezkeelako han-hemenka komunikazio irakaskuntzan. Kazetaritza hutsa gainditu eta komunikazio irakaskuntzara eta multimedia komunikatzaileak trebatzera bideratutakoa izan zen lehen jauzia, duela urte batzuk, eta aurki beste jauzi bat ikusiko dugu: olatu berri horren ezaugarri nagusia izango da harago joatea, ez mugatzea ikasleak konbergentzia-kontuetan trebatzera eta saiatzea sendotzen haien sormena. Horri loturik, AEBetako zenbait kazetaritza-fakultate dagoeneko berrikuntza-guneak sortzen edota berrikuntza eta ekintzailetasuna euren curriculumetan txertatzen ari dira. Izan ere, geroz eta gehiago, garapen-laborategi modura ulertuko da aurrerantzean komunikatzaileen trebakuntza.

Hori horrela, zelan txertatzen dira sormena, ekintzailetasuna eta berrikuntza komunikazio ikasketetan? Hasiak gara dagoeneko gaiari buruz informazioa jasotzen: Goio Arana eta biok Leicesterren izan ginen gaiari buruzko jardunaldi batzuetan, Komunikaldien aurtengo ekitaldia ideia laborategiei eskaini diogu, Goio Kaliforniara ere joan zen arlo horretan sakontzera, eta, ondo bidean, 2013-14 ikasturtean Goioren koordinaziopean martxan jarriko dugun Goikolab laborategian ere kontu horri buruz ikertuko dugu, tankera honetako galderei erantzuten saiatuz:

– Zer eskain diezaieke Design Thinking metodologian oinarrituriko ikasleen diziplinarteko laborategi tutorizatu batek ikasleei? Balioko die sormena lantzeko?

– Lagun dezake laborategi horrek ikasleen kultura bisuala sakontzen?

– Eta zer eskain diezaioke laborategi horrek (Goikolab-ek, alegia) hedabide bati?

Asmoa da, gainera, galdera horien inguruan ikertzeaz gain, euskarazko komunikazio-esparrua biziberritzen eta sendotzen laguntzea. Horretarako, IKOko ikasleek Hekimen-en bildutako enpresentzako Gradu Bukaerako Lanak (GBL) onduko dituzte Goikolab-en (Hekimen-ekin abiatuko gara, baina beste enpresa eta erakundeekin lan egitera ere zabalik gaude). Proiektuotatik ikaskuntza balioztatua lortzea eta apurka-apurka sorkuntza eta berrikuntza ekosistema bat eratzen laguntzea da urrunera begirako xedea.

Izan ere, erabat sinetsita gaude gaur egungo testuinguruan sormenak, berrikuntzak eta ekintzailetasunak ematen dutela balio erantsia (bai produktuari edota zerbitzuari, bai horretan lanean diharduenari), are gehiago lan finkoaren garaia historiara igaroa den honetan. Alabaina, egun nongura entzuten diren berba horiek edukia gal ez dezaten, berba-totem huts bihur ez daitezen eta autoantolaketarena alternatiba erreala izan dadin (alternatiba zaila eta lan handia eskatzen duena, hori bai, ez baitago bide errazik), aliantzak beharko dira aginte publikoen, hedabideen eta unibertsitatearen artean, gogoa eta ideiak dituztenek euren bideari ekiteko behar besteko laguntza eta aholkularitza ere izan dezaten.

Ogirik eztakusat biltzen, hazi erein gaberik, dio esaera zaharrak, eta hazia ereiten, behinik behin, hasiak gara…

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu