Komunikazioa erakundeetan Aditu tituluaren bigarren edizioa martxan


Parte hartzea eta komunikazioa funtsezko ezaugarriak dira erakundeen antolaketa kultura berrietan. Erakundeetan ere ezinbesteko bilakatu da komunikazio fluxu berrien kudeaketa, eta baita horien sorkuntzan protagonismoa hartzea ere. Horiek guztiak horrela izanik, Mondragon Unibertsitateak bigarren aldiz eskainiko du Komunikazioa erakundeetan aditu titulua. Titulu propio honen helburua da, batetik, ulertzea komunikazio paradigma berriak eta horiek erakundeetan duten eragina eta, bestetik, prestatzea ikasleak erakundeetako komunikazio jarioa bideratzeko.

Aditu titulu hau zuzenduta dago lanean dihardutenei eta lizentziadun berriei. Batetik, lanean dabiltzanei enpresa, elkarte eta erakundeetan, batez ere, komunikazioan, kudeaketan, koordinazioan edo zuzendaritza lanetan; bestetik, aditu titulu hau oso egokia da empresa-komunikazioaren nondik norakoak ezagutu eta menderatu nahi duten lizentziadun zein gradudunentzat, bereziki ikasketa hauek dituztenentzat: Ikus Entzunezko
Komunikazioa, Humanitateak eta Enpresa, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Industria Antolakuntza Ingeniaritza.

Ikastaroa euskaraz eskainiko da aurten ere eta zortzi materiatan banatuta dago; interesaren arabera, horiek hartu ahal izango dira modu independentean. Hartutako kreditu kopuruaren arabera, ikasturte amaieran ikasleak jasoko ahal izango ditu hiru titulu mota. Komunikazioa erakundeetan Aditu tituluak enpresa eta komunikazioaren adar guztiak jorratuko ditu.

Materia guztietan jardun teorikoak eta praktikoak uztartuko dira. Ikastaroan honako materiak jorratuko dira:

  • Marketin eta komunikazio oinarriak.
  • Komunikazioa erakundeetan.
  • Baliabide teknologikoak.
  • Jarrerak komunikaziorako.
  • Enpresa eta erakundearen kultura berriak.
  • Jende eta kamera aurreko komunikazioa. 
  • Mintegiak adituekin.
  • Proiektua: definizioa, tutoretzak, garapena eta aurkezpena.

Aditu titulu honetan eredu pedagogikoa da Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI). Horretarako, proiektu errealak oinarri hartuta, ikaslea izango da ikaskuntzaren ardatz. Xedea da bultzatzea ikaslearen ardura eta autonomia, beti ere, irakaslearen laguntzarekin. Praktikotasun horretan sakontzeko asmoz, ikasle bakoitzak ikasturte amaierako proiektu bat osatu eta aurkeztu beharko du. Lan hori bideratzeko, ikasle bakoitzak tutore bat izango du. Halaber, tutoretza saioak antolatuko dira, taldeka zein bakarka. Ikasturtearen hasieratik komunikazio arazo erreal bat identifikatuko da eta proiektuaren ardatza arazo horri konponbidea ematea izango da. Lanean ari diren profesionalek hemen aurkituko dute espazioa beren erakundeetan duten hutsune edo arazo komunikatiboei erantzuna emateko. Helburua beraz izango da, erakunde bakoitzaren egoera errealetik abiatzea.

Kurtsoa hasiko da 2013ko urriaren 3an eta amaituko da 2014ko uztailaren 5ean.

+ Ez dago iruzkinik

Zurea gehitu